Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Jokin Muñoz Donostian

Jokin Muñoz Donostian

Mikel Iturria 2008/04/28 06:00
Pasa den ostegunean egon zen Donostian Castejongo idazlea hitzaldi bat ematen.

 

DK Literatura programaren barruan, Antzararen hizpideak (lumaje azpia) hitzaldia eman zuen Jokin Muñoz idazleak. Zehatz-mehatz, “euskarazko literaturaren sorkuntza bideez eta, bereziki, bere azken nobelaz, Antzararen bidea liburuaz” aritu zen. Angel Erro izan zuen aurkezle eta bigarren ahots, batez ere nobelako hainbat pasarte irakurriz.

Entzule kualifikatu batek (ez dut izenik jarriko, zeren orain duda sartu zait nori entzun nion hori) adierazi bezala, esatera etorri zen Muñoz Donostiara, etxeko lanak ondo eginda. Pena haren hitzaldiak oihartzun mediatikorik ez izatea, baina Nick Cave Donostian zegoen eta txikia da gure hiria. Nik hartutako zenbait ohar garbira pasa eta hemen jarri ditut.

Fikzioa

Paul Valéry arrankean aipatu ondoren, usteltzen hasi den aitaren etxean idazleak baino hauen fikzioak interesatzen zaizkiola esan zuen.

Poesia jakin batek min asko egin digula ere bota zuen. Isaías Carrasco zinegotzi ohiaren aurkako atentatua aipatu ondoren, Errok periodiko batetan albistea nola agertu zen irakurri zuen. Horrek balio zion Jokini esateko ñabardurarik ez dagoela periodikoetan eta bere literatura ñabardurak jartzera zetorrela. Beraz, “arriskuak hartu behar ditugu idazleok”.

Zalantza

Kalitateaz aparte, ahots propioa behar-beharrezkoa dela zioen, baita prosa gardena ere, istorioaren mesedetan. Azken eleberriak badu, noski, irakurketa politikoa, ekidinezina baita politika gure herrian. Halere, azpimarratu zuen bere liburuetan ikuspegi literario hutsez ari dela aztertzen euskal gatazka.

Amaitu dira narratzaile orojakileak liburuetan, nahiz eta politikari orojakileen lurraldean bizi. Gainera, narratzaileak irakurlea harrapatzeko kazetari txarra izan beharra dauka. Literatura perplejidadea, paradoxa… da. Zalantza = literatura, ziurtasuna = bloga.

Ipurdi zabal gogorra

Roberto Bolaño idazlearen aipu bat: literatura jardun aspergarri eta antinaturala da; jolas gisa hartzen ez bada, jasanezina bihurtzen dena.

Idazleen arteko polemikak kritikatu zituen, maila eskasekoak zirelako. Blog-literatura nagusitzen ari omen da, neurrian erabiliz ondo, baina onanismoa nagusitzeko beldurra hor dago: artikulu-bildumez eginiko liburuekin eta beste batzuekin errepikakorrak izateko arriskua dago.

Borges idazle argentinarraren aipu bat: irakurtzerakoan, zerbaitek hunkitu behar zaitu. Jokinek, berriz: hunkitu, jo, harritu aditzak erabili zituen.

Berriro esan zuen ez zaiola interesatzen idazlea, bere obra eta fikzioa baizik; halere, nori axola zaio euskarazko euskal literatura? Izan ere asmo handiko proiektuek klandestinitatea eta ipurdi zabal gogorra izatea eskatzen diote idazleari.

Harrotasun falta

Harrotasuna falta zaiela euskal idazleei, eta anbizio gehiago behar dutela orain gatazkaz hitz egiteko. 400 milioi hiztuneko hizkuntza izango bagenu bezala jokatzea eskatu zien euskal idazleei. Eta orain da unea, ez hemendik urte batzuetara: orduan memoria errekuperatzea baino, nahiago orain egitea.

Basque warriors

Gauza tristeak kontatu dituela azken nobelan, baina baita dibertigarriak ere; honela, umorea erabili duela Gigi pertsonaiarekin, bufoi hitzontzi bat.

Leitza inguruko pasaia aipatu zuen, Pagozelain pastillaz lepo zeuden basque warriors delakoak.

Indiferentzia

Aitortu zuen indiferentziaz hasi dela begiratzen euskal arazoa: denborarekin, literatur arazo soila izango dena, gainera (hori esan zion liburu aurkezpenean eginiko elkarrizketan Alberto Barandiarani Berrian).

Konfliktoari solemnitatea kendu nahian, premonitoriotzat jo zuen Itxaro Borda idazlearen Jalgi hadi plazara liburua.

Kontuz, zeren eta esperpentorako bidean gaude, zineman batez ere. Woody Allen zinemagilearen formula gogoratu zuen: komedia = tragedia + denbora.

Martxa honetan inbisibleak, the others, bihurtuko gara.

Sirena hotsak, bulean, 8:00etan? Nori interesatzen zaio hori? Edo Kontxa, arratsaldeko 8:00etan?

Mututasuna

Donostiara etortzerakoan pertsonaiak eta figuranteak ikusten omen ditu. Ez dira alferrik pasa 18 urte kresala esnifatu gabe dagoela.

Toki eta une egokienean ez zegoela esan aurretik, askotan pentsatu omen du idazleak mutu egon beharko lukeela obra bat publikatu ondorengo hilabeteetan. Agian beti.

Hegoaldea

Faulkner idazlearen Yoknapatawpha, Hegoaldean dago, Ebro inguruan. Izan ere, 40 urteren bueltan dagoen belaunaldia azkena da Gerra Zibileko protagonisten bizipenak zuzenean entzuten.

Adi, baina, Vila-Matas idazleak zioen bezala, bikoiztu eta pobretu egiten baitute idazle batzuek errealitatea.

leire
leire dio:
2008/04/28 19:21

Oso interesgarria dirudi hitzaldian botatakoa. Inork ez zuen grabatu? Pena da, osorik entzutea merezi du eta. Edo irakurtzea. Zure posta soseguz irakurri behar da ondo asimilatzeko kontatutakoa. Nire kabaretera ordutegiengatik ez balitz, horrelako asko entzungo nituzke. Ai!

iturri
iturri dio:
2008/05/01 02:19

Aupa Aitor:

Eskerrik asko mezuagatik. Zalantza daukat ea antolatzaileek grabatu ote zuten hitzaldia. Ondo legoke horrelako gauzak eskegitzea. Dudarik ez.

Galdetuko dut... oporren bueltan. 12an edo.

Aitor
Aitor dio:
2008/04/30 21:28

Eskerrik asko laburpenagatik, Iturri, benetan txukuna.

Nik ere gustora entzungo nuke hitzaldiaren grabazioa...

Amaia
Amaia dio:
2008/09/17 13:31

Berandu bada ere eta nik dakidala inork hitzaldia grabatu ez zuenez, hona hemen hitzaldia bera (Jokin Muñozek eta Angel Errok Donostian irakurritakoa):

Sartu link honetan edo "Volgako Batelariak" blogean:

http://eibar.org/blogak/volga/archive/2008/06/24/antzararen-hizpideak-lumaje-azpia

Hitzaldia interesgarria izan zen, inolako zalantzarik gabe.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Zumaiako hitzaldiko argazkia eta albistea hemen. ... Xabier, 2023/05/21 10:29
Aspaldiko, Amatiño. Erabat ados. Iturri, 2022/11/11 19:12
Stat counter