Jazzaldia eta Heineken
Miguel Martini entzun nion pasa den igandean MQPn babesleak behar-beharrezkoak direla horrelako jaialdi bat aurrera eramateko. Javier Vizcaínok hasieran galdetu zion: kirolaren munduan erabat onartuta dagoela enpresen presentzia, baina ez dela gauza bera gertatzen kulturaren eremuan.
Eta horrela da, baina niri gogorra egiten zait jendea Gipuzkoako saskibaloi talde nagusiaren izena goratu beharrean, babeslearena behin eta berriro goraipatzen egotea. Egia da ere Gipuzkoa Basket taldeak ez duela Gasteizko Baskoniaren tradizioa (oker ez banago, Gasteizen jendeak Baskonia animatzen du).
Ez dakigu zer bide jorratuko dituen musika munduan hurrengo urteetan, baina Kepa Junkera bada eredu, ederki goaz (diru publikoa barra-barra, babesle pribatuen diruari uko egin gabe).
Argi dago aurtengo Jazzaldiaren edizioa aurrera eramateko ezinbestekoa izan dela Heineken garagardo markaren diru ekarpena. Ez dakit zenbatekoa den enpresak mahai gainean jartzen duena, baina Udalaren aportazioa dezente jaitsi ei da.
Ez naiz jazzalea. Beraz, nahiago pop eta rock izenak kartelean ikustea. Gainera, Martin defendatzen da esanez berak daramatzan urteetan jazz izenen kopurua ez dela jaitsi eta beste musiketako izenek Jazzaldiaren barruko beste festibal txikiagoa osatzen dutela.
Jazza gehiegi jarraitzen ez badut, bihar ikusiko dudan lehen kontzertua jazz pianista batena izango da. Brad Mehldau, hain zuzen. Gustatzen zait bere musika, baina gertu badut jendea kilometro mordoa egin duena haren atzetik. Ni bizikletan joango naiz ikustera.
Bai, atzo zurekin gogoratu nintzen lerro hauek idatzi nituenean, Gari. Noizbait idatzi baitzenuen musikariek bide hori jorratu behar zutela.
Espainiako talde komertzialenek jada badute sponsorrik beren biretan. Euskal Herrian Junkera izango da bakarra, ezta? Musikariren bati entzun esan diot ez duela bere izena marka edo enpresa jakin bati lotuta ikusi nahi. Artea kate horietatik libratu beharko litzatekeela.
Ez da erraza.