Iritzi bat entzun da
Aurreko batean Barruan gaude podcast-aren denboraldi berriko lehen elkarrizketa entzun nuen. Oier Aranzabalek etxetik 300 metro egin zituen oinez, Aian bertan, Jon Benitorekin topo egiteko.
Igande ederra egiten du gure 60. anfitrioiaren etxean sartzeko:
— Barruan Gaude 🎙️ (@BarruanGaude) October 16, 2022
Jon Benito, enpatearekin konformatzen da.
Entzun eta harpidetu @eitbpodkast-en edo dena delako audio plataforman.
🎧👇🏽https://t.co/AT5sWoW7sk
Duela gutxi kaleratu du Lagun minak liburua 41 urte dituen Jon Benitok eta hori zen topaketaren aitzakia.
[Zabaldu parentesia]
Ander Izagirreren Vuelta al país de Elkano liburua irakurtzen nabil azken egunetan. Euskal Herriko hainbat bazterretatik zehar eginiko bidaia, bizikleta lagun. Atzo Baionan Itxaro Bordarekin izaniko solasari eskainitako kapitulua irakurri nuen, judutarren arrastoen atzetik Lapurdin barrena.
Bordaren adina aipatzen du Anderrek. Bada nobedadea Anderren liburuetan solaskideen adina azaltzea, ezta? Hurrengo batean galdetuko diot berari, gogoratzen banaiz.
[Itxi parentesia]
Esan bezala, 41 urte ditu Jon Benitok eta 10 bat urte behar izaten ditu liburuak kaleratzeko 20 urterekin lehena plazaratu zuenetik (2001ean, Aingurak erreketan). Bigarrena, Bulkada 2010ean, 30 urteren bueltan jada.
Badira egun batzuk Aranzabal-Benito elkarrizketa entzun nuela eta, batez ere, gauza bat geratu zitzaidan iltzatuta.
Iritzia publikoki emateko gogo, behar edo interes falta aipatu zuen Benitok. Ez ditut hitzak zehatz-mehatz gogoratzen.
Eta buruan bueltan daukat niri ere gero eta gehiago kostatzen zaidala esatea pentsatzen dudana. Ez dudalako iritzirik edo dudanak piperrik ez duelako balio, ausardia falta baztertu gabe, noski. Adierazpen askatasunaren alde baikaude denok, baina kosta egiten zaigu gurekin bat ez datozen iritziak ulertzea eta errespetatzea.
Tira. Horixe jarri nahi dut gaur idatziz hemen.
Gainera, aipatu nahi dut pasa den igandean Hondamendia ikustera joan nintzela Egiako Gazteszena aretora (ni beti Nandoren taldean). Betiko Artedramaren estiloa ikus daiteke taula gainean, beren erritmo nekaezin eta bizkor horiek, batzuetan jarraitzeko zailak direnak.
Gehien gustatu zitzaidan aktorea Ruth Guimerà izan zen. Ez nuen ezagutzen eta ikusi dut Estatu Batuetan ibilia dela. Asko gustatu zitzaidan Garmendiaren rolean, Jaurlaritzako Tapia(etaleturia)tik asko duena. Baina gogoratu hau fikzioa dela, benetakoa, errealitatea, askotan ezkutuan ger(t)atzen dela.
Urriaren 28tik 30era Egian dituzue antzezlana ikusteko hiru aukera. Euskal Herriko bazterretan arituko dira plazaz plaza ondoren, Hondamendia zabaltzen, titiritero onak bezalaxe.
"Ni banoa bigarren aldiz ikustera" dio gaur Agus Perezek Berrian.
Eta ez ahaztu Harri Fernandezen txioa.
Se ha escapado una opinión, este apunte en castellano.
Behin, mainstream-etik (ideologia kontuengatik) zokoratua dagoen aktore madrildar batek aitortu zidan askatasun eremu bakarra antzerkia zela. Gaur Zaldibarri buruzko 'Hondamendia' lana ikusi dut eta hori izan dut buruan une oro. Joan zaitezte Gazteszenara, joan zaitezte ikustera pic.twitter.com/uzUtZaK7yI
— Harri X. Fernández (@Harrifernandez) October 23, 2022