Herri Irratia
Asko maite dut Herri Irratia eta oraindik ere dezente entzuten dut (irratian ere zappinzalea bainaiz). Horregatik izango da blog honen lehenengo apuntea Mariano Ferrer handiaren erretiroari buruzkoa.
Ostiralean Lugaritzen egon nintzen Bide Ertzean laukotearen emanaldian. Aretoa beteta, kontzertu majoa eskaini zuen Toxic Twins anaiek gidatzen duten taldeak. Imanol Ubeda abeslariak detaile polita izan zuen bertaratutako hainbat lankiderekin (bera ere Herri Irratian aritzen baita beharrean) eta azken kanta beraiei eskaini zien: “nik ezin dizuet lanpostu bat eman, baina kanta hau zuentzat da”.
Auskalo zer egingo duen Grupo Noticias-ek Herri Irratiarekin. EAJ deseroso baitago Ajuria-Eneako jauregian agintzen ez duenetik eta kontua ei da Onda Vasca irratiarekin uztartzea edo.
Atzera begira, Mariano Ferreren "El kiosko de la Rosi"z gain, Josean Alkorta zenaren ahotsean entzundako Realaren partida haiek etorri zaizkit gogora. Tito Irazustaren garaiak ziren (Herri Irratian eta Eginen aritzen baitzen gure Leandro laurogeigarren hamarkadan). Gero, 1987an edo 1988an, Iñaki de Mujikak hartu zuen honen lekukoa. Edo Gregorio Gálvez eta Forkiren musika tarteak, besteak beste, gaur egun ere jarraitzen dutenak.
Orain, goizetan, Felipe Retamalek gidatzen duen saioarekin esnatzea gustatzen zait (nahiz eta jarraitu “informazio praktikoa” esaten trafikoari eta eguraldiari eskainitako tarteari) eta, arratsaldeetan, noizean behin bada ere, Jon Martijaren saioa ere entzuten dut. Karmele Aranbururen solasaldia, berriz, ezin izaten dut askotan entzun, baina esatari beterano honen eguerdiko informatibo haiek gogoan ditut ere ("Euskadin gaur").
Esan bezala, ikusiko dugu zer geldituko den udazkenean.
Herri Irratia, este apunte en castellano
Aupa, Roberto:
Loiola Media Bilbao aipatzen du Noticias taldekoen oharrak.
Beste gauza bat: Noticias Gipuzkoako kazetariek sinadura-greba burutzen ari dira hil honen amaiera arte. Hiru langileren kaleratzen kontrako neurri gisa.
Bizkaia aldean ere komeriak daude Correon eta antzeko neurria hartua zuten.
Euskadi Irratian ere gauzak ez daude bare.
Urte gorabeheratsua.