Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Handitan Luis Ortiz Alfau bezalakoa izan nahiko nuke

Handitan Luis Ortiz Alfau bezalakoa izan nahiko nuke

Mikel Iturria 2017/12/03 08:40
Luis Ortiz Alfau. Gorde izen hau kaskezurrean. 2017ko urriaren 16an 101 urte bete ditu gure gizonak.

Eusko Jaurlaritzako Gogora Institutuak bilduma berri bat abiatu zuen 2016ko amaiera aldera: Memoriak izenekoa. Lehen liburua «El siglo de Luis Ortiz Alfau» izan zen eta Ander Izagirrek idatzi zuen, protagonistarekin eta ingurukoekin izandako hainbat solasaldi eta topaketa paperean bilduz. Jaurlaritzaren argitalpenen katalogoan eros dezakezue.

 Luis Ortiz Alfau

Argazkia: Ander Izagirre.

19 urte zituela Gerra Zibila lehertu zen eta bilbotarra alde batetik bestera ibili zen Errepublika defendatzen: Euskal Herrian, Katalunian... Francok garaipena lortu zuenean, Frantziara egin zuen hanka eta Gurs-eko kontzentrazio eremuan pasa zuen denboraldi laburra.

Gurs

Gurs-en 63.929 pertsona egon ziren 1939 eta 1945 urteen artean. Luis da omenaldietara joateko eta bere istorioa kontatzeko indarrak dituen bakarra. Ortizek garai txarrak ezagutu zituen bertan, baina ez txarrenak: nazien aginduei men egin baitzieten jendarmeek eta 3.907 judu bidali baitzituzten handik Auschwitz bezalako eremuetara.

  • 1937ko abuztuan René Delzangles diputatu lapurtarrak «errepatriazio orokorra» eskatu zion Barne Arazoetarako ministro frantsesari «Frantziak ez baitu Europako zabortegia bihurtu behar».
  • Jean Ibarnégaray, Mauleko diputatuak, premiazko neurriak hartzea eskatu zion gobernuari. Gizon hau izan zen Nazioarteko Pilota Federazioko lehen presidentea, besteak beste.
  • Ospitalepea euskal herritik 5 kilometrora dago Gurs eta bertako udalak protesta egin zuen idatziz Gurs-eko eremuaren kontra: errefuxiatuengandik babesteko medioak ez zituztela zioten.

Frankismoaren esklabo

1939aren amaieran edo 1940aren hasieran, Luisek Hendaiako zubia pasa zuen soilik desafecto etiketa zuelako, beste inolako kargu eta karga gabe. Irunen bertan Elgorriaga txokolate fabrikan eduki zuten preso gauzak argitu arte. Fabrikak ez zuen produkzioa eten eta almazenean edukitzen zituzten haiekin zer egin erabaki arte.

Egoera argitu eta Deustuko Unibertsitatera bidali zuten, baina ez ikasle moduan. Deustuko Unibertsitatea Bizkaiko kontzentrazio eremu handiena izan zen. 1937ko udatik 1940aren hasiera bitartean, 5.000 bat preso egon ziren bertan. Iturria: «Cárceles y campos de concentración en Bizkaia (1937-1940)», Ascensión Badiola da egilea.

1940ko uztailean Mirandako kontzentrazio eremura bidali zuten (Paul Winzer nazia zen arduraduna eta 65.000 preso hartu zituen 1937-1947 bitartean). Egun gutxi egin zituen bertan.

Handik 38. bataloia izan zuen destino: «Eta ni berriro ere preso pribilegiatua izan nintzen, niri ez baitzidaten pikotxa eta pala eman: niri idazmakina eman zidaten. Idazmakinari monumentua egin beharko nioke!».

Frankismoaren esklaboen (Trabajadoreak) berri emateko Fernando Mendiola eta Edurne Beaumont aipatzen ditu Anderrek: «Esclavos del franquismo en el Pirineo». 100.000 desafecto delitu, epaiketa eta, beraz, epairik gabe Estatuarentzat lan egitera behartuak.

Isaías Lafuentek «Esclavos por la patria» liburuan Duro Felguera, Babcock Wilcox, Dragados y Construcciones (ACS orain) eta beste hainbat enpresa potolo zerrendatzen ditu. Lafuenteren estimazioa da enpresa horiek 780 milioi euroko mozkinak izan zituztela esklabo hauek egindako lanagatik.

Mendiola eta Beaumont-en arabera, 15.000 preso aritu ziren Gipuzkoa eta Nafarroako errepideak egiten: Jaizkibelen, Erlaitz eta Oiartzun bitartean, Oiartzundik Lesakara (Aritxulegi eta Agina barna), Iruritatik Eugira, Iragitik Egozkuera...

Izagirrek Kattin Txiki eta Memoriaren Bideak elkarteek egindako lana aipatzen du.

38. bataloia 500-600 kide zituen eta goiko bideoan ikus daitekeen bezala oso baldintza eskasak zituzten: «Ospitalera eramaten zutena, jada ez zen bueltatzen. Hara joaten zena, ahituta zihoan». Andrés Millán preso ohiaren hitzak dira.

2016ko ekainaren 18an Erronkarin hiru lagun omendu zituzten: Vicente Lacasia, Josefina Lamberto (Maravillas-en ahizpa) eta Luis.

Iruñeko gaztetxe berria :Maravillas, Larragako neskatil bortxatuaren omenez. Ahizpa egon da inaugurazioan. “Lurperatu nahi gintuzten, baina haziak garela ahaztu zuten” pic.twitter.com/GxyQ6z9YQ5

— Alberto Barandiaran (@abarandi) 2017(e)ko abenduak 2

40 urtez isilik egon ondoren, publikoki azaldu zen

Soldaduska egitea ez zieten barkatu eta ondoren egin zuen. Azkenean, lizentzia 1943ko ekainean lortu zuen Ferrolen.

Bilbora bueltatu zen, emaztea jada bertan bizi zelako. Uralita enpresan hasi zen lanean, jefea garai hartako 5.000 pezeta pagatuta erosita (30 euro orain), baina kontutan hartu lehen soldata 375 pezetakoa izan zuela (2 euro eta piko).

1977ko ekainaren 15ean, Franco osteko lehen hauteskundeen egunean, hartu zuen erretreta. PSOEri eman omen zion botoa, Izquierda Republicana alderdia oraindik legalizatu gabe zegoelako. Ángel anaia zinegotzi sozialista izan zen Bilbon eta oso ondo moldatzen omen zen Arzalluz, Azkuna eta beste hainbat jeltzalerekin. Aitak anaitasuna erakutsi ei zien eta hori egiten saiatu dela beti, nahiz eta hurkoak diferente pentsatu.

Adibidez, Bizkaiko Elikagaien Bankuko juntako gehienak Opuseko ingeniariak ziren eta bera gustura aritzen da haiekin lanean.

18 urtez zaindu zuen emaztea (1990-2008 bitartean Alzheimer-a) eta hor garai txarra pasa zuen: gaur egun baino okerrago zegoela dio liburuan.

87 urte zituela, altxatu zuen ahotsa publikoki. 2004ko maiatzaren 16an,  Javier Madrazo Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako kontseilariari zuzendutako «¿Qué debo hacer?» (Zer egin behar dut?) gutuna argitaratu zion El Correo egunkariak. Bertan kexatu zen frankismoan esklabo gisa egindako lana ez ziolako aitortu Eusko Jaurlaritzak.

Azkenean, Epaitegi Konstituzionalak arrazoia eman zien eta 8.400 euroko indemnizazioa jaso zuen 877 egunen truke. Dirua baino aitortza zen Luisek nahi zuena.

Hildako anaia sozialista omentzeko 2011ko udal hauteskundeetan hautagai aurkeztu zen Bilboko Udalerako eta kanpainan alde batetik bestera ibili zela diote Izagirrek kontsultatutako kideek.

10. kapituluan 2016ko maiatzean, Josu Chueca irakasleak eskatuta, Donostiako EHUren fakultate batean emandako hitzaldi baten kronika dago. Irribarrea aurpegian marraztuta irakurriko duzue.

2016ko martxoaren 5ean, San Migel mendixkan (Elgoibar eta Etxeberria artekoa) Aranzadik eta Markinako Ahaztuen Oroimena elkarteek bultzatutako indusketa lanetan egon zen, Paco Etxeberria forentsea gidari zutela.

«Botak soinean ditudala hilko naiz» esanez agurtzen da Ortiz.

Gogora Institutuarentzat bi kontu

1.- Mesedez, ez argitaratu liburuak hain formatu eskasean, ez baitira irakurterrazak. Couché papera txarra da azpimarratzeko orduan, testuak baino argazkien mesederako formatu karratua du eta horrek ez du irakurketa batere laguntzen.

2.- Zergatik ez da liburu hau euskaraz ere argitaratu?

Bonus track: Rafa Rueda eta Arkaitz Estiballes

Rafa Ruedak seguruenik orain arte argitaratu duen diskorik onena kaleratu berri du: «Kristalezko hiriak». Bi kanta azpimarratuko ditut: diskoa zabaltzen duen «Angel» eta apunte hau ixteko aproposa den «Oroitz», Arkaitz Estiballes bertsolariak idatzitakoa.

Parentesi txiki bat. Pasa den asteburuan Estiballes bertsolaria aritu zen kantari Ramon Rubial fundazioak gonbidatuta, Eibarren. Arkaitz EH Bilduko zinegotzi ere bada. Itxi parentesia.

Abestiak kontatzen du zazpi gizon armatuk Gerra Zibilean Aitite Kandido eraman zutela betirako baserritik. Ez dut ezer gehituko.

De mayor quiero ser como Luis Ortiz Alfau, este apunte en castellano.

Ander
Ander dio:
2017/12/03 19:23
Mila esker, Mikel, liburuaren berri emateagatik... eta bloga mantentzeagatik.
iturri
iturri dio:
2017/12/04 09:08
Bloga bloga, marinela!

Eskerrik asko zuri idazteagatik (liburua eta komentarioa).
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Zumaiako hitzaldiko argazkia eta albistea hemen. ... Xabier, 2023/05/21 10:29
Aspaldiko, Amatiño. Erabat ados. Iturri, 2022/11/11 19:12
Stat counter