Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Hamar egun Portugalen barrena

Hamar egun Portugalen barrena

Mikel Iturria 2024/10/16 21:40
87 urte egin zituen amak irailaren 20an. Egun horretan abiatu zen Donostiako Zinemaldiaren aurtengo edizioa. Amaren urtebetetzea ospatu eta guk hilaren 21ean hanka egin genuen Portugalera.

Hauxe izan da bidaia:

Irailak 21-23: Chaves (22an Ourensera joan ginen).

Irailak 24-26: Braga (24an Guimarães-en bazkaldu genuen).

Irailak 27: Sintra.

Irailak 28-29: Coimbra.

Irailak 30-Urriak 1: Viseu (30ean Aveiro bisitatu genuen).

Diez días en Portugal, este apunte en castellano

Azpimarratzeko laupabost kontu:

Centésima Página Livraria

Celia eta Xeperen gomendioz bisitatu genuen. Centésima Página izeneko Bragako liburu-denda dotore honetan Fernando Pessoaren bi liburu erosi nituen: Libro del desasosiego (gaztelaniaz) eta portugesez argitaratutako poesia antologia bat.

Donostian erositako Saramagoren Viaje a Portugal liburua izan dut bidaide. 1979ko urritik 1980ko uztaila bitartean egindako bidaia kontatzen du idazleak bertan.

Sporting Clube Braga

Hilaren 26an goizean Bom Jesus do Monte konplexu katolikora igo ginen autoz. Bueltan Bragako estadiotik pasa ginen. Europa League lehiaketako (kluben arteko Europako bigarren txapelketa) partida zuen bertako taldeak Israelgo talde baten aurka.

Oraindik leihatilak itxita zeuden zelaian, baina hiri erdian duten dendan bai zegoela aukera sarrerak erosteko. 25 euro balio zuen sarrera bakoitzak eta animatu egin nintzen.

Bakarrik egon nintzen Sporting Clube Braga vs Maccabi Tel Aviv norgehiagoka ikusten. Duela ia 10 urte Realean aritutako Bruma jokalariak eman zion buelta markagailuari, israeldarrak aurreratu baitziren 30. minutuan. Azken txanpan bi gol Brumak, bigarrena penalti eztabaidagarri bat jaurti ondoren.

Txirrindularitza museo bi

Sintratik abiatu ginen hilaren 28an, larunbat goiza. Gaua Coimbran egin behar genuen. Mapari begira ikusi nuen txirrindularitzari buruzko bi museo genituela bidean. Xepek eman zidan horietako baten berri duela hilabete batzuk, baina ahaztuta nuen.

Joaquim Agostinho Portugalgo txirrindulari mitiko bat izan zen, eroriko baten ondorioz 41 urterekin hil zena 1984an. Torres Vedra herrikoa zen eta bertan zabaldu zuten museoa 2021eko abuztuan.

Bi hitzetan: XXI. mendeko museo bat, industrialde eta merkataritza gune batean kokatua. Txirrindularitzaren bilakaera azaltzen du, bizikleta XIX. mendean sortu eta gaur egunera arte.

Portugalgo txirrindulari asko ageri dira, gizon zein emakume, nazioarteko izen handiak ere bai. Agostinhok badu gune berezitu bat, baita bere alboan zein ondoren karrera luzea egin zuen Francisco Araújo mekanikariak ere (honena txikiagoa bada ere).

Ez genuen denbora asko eta ez genion behar zuen arreta eskaini, baina txirrindularitza zale batek asko gozatuko luke hango bideo eta audio artean.

40 kilometrora dago Caldas da Rainha herria. Eta han dago Museu do Ciclismo. Eraikina udalarena zela esan zigun begia apenas kentzen zigun langile batek, andrazkoa, baina bilduma partikularra da. XX. mendeko museoa da, besteak beste ezin baita argazkirik egin.

Elastiko, bizikleta, kapela, periodiko eta aldizkari txatalak, argazkiak... Denetarik dago eta hemen ere txirrindularitza zaleek ederki pasatuko dutela iruditzen zait. Buruan Ander Izagirre nuen.

Biblioteca Joanina

Irailaren 29an bisita gidatu bat erosi genuen Universidade de Coimbra ikusteko. Hiru brasildarrekin batera egin genuen ordu eta erdiko txangoa. Gidaria ere brasildarra zen.

Unibertsitatea 1290ekoa da, kontatu zigutenaren arabera Europako zaharrenetakoa (Salamancakoa da pixka bat lehenagokoa). Bisita alde zaharretik barrena egin genuen eta zatirik interesgarriena liburutegia da, Biblioteca Joanina izenekoa.

1717tik 1728ra egin zutela kontatu zigun gidariak, 11 urtetan. Hiru mende pasa dira eta eraiki bezala dago, funtsean. Gaur egungo zementu mugitzaileek ikasi beharko lukete, baita guk geuk ere, herritarrok.

Unibertsitateko paraninfoan Portugalgo errege gehienen erretratuak ikusteko parada izan genuen. 34 errege izan omen ditu herrialdeak eta horietatik 31 ageri dira aipatu aretoan. Falta diren beste hirurak Gaztelakoak izaki eta ez jartzea erabaki zuen norbaitek.

Amaitzeko, 50en bat irudi daude album honetan. Ez dira beste mundukoak, argazkilaria ez baita batere trebea, baina ideia bat egiteko balio dezakete.

Portugal 2024

etiketak: bidaia, portugal
Iñaki Murua
Iñaki Murua dio:
2024/10/17 08:22
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-)
Mikel Iturria
Mikel Iturria dio:
2024/11/03 16:06
Aupa, Iñaki.

Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen jaso postontzian honen berri.

Portugal jatea merkea eta ona. Hori da nire esperientzia.

Bixi bizi!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Stat counter