Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Galtzeimer (I) Gogoratzen zea, attá?

Galtzeimer (I) Gogoratzen zea, attá?

Mikel Iturria 2008/08/07 06:00
Ohar garrantzitsua: blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea. Aitak periodikoak begiratzen ditu, irratia entzuten du eta telebistari begira ere egoten da.

Ez da gaurko kontua aitaren arazo hau. Duela zenbait urte antzeman zioten gaitza (laburbiltzeko, alzheimer deituko diogu). Pasa den gabonetan, konturatu ginen famili bazkarietan ezin zuela gure erritmoa mantendu. Offean egoten zela.

Orain arte ez da izan oso larria, baina azken bi hilabeteak gogorrak egiten ari zaizkigu. Belauneko desgastea izan du urteetan eta uda aurretik ebakuntza egitera animatu zen, min handia ematen baitzion belaunak. Ekainaren 5ean jarri zioten protesia eta burutik nahasten hasi zen ospitalean. Egoera zein zen ikusirik, medikuek etxera bidali zuten handik sei-zazpi egunetara.

Bigarren edo hirugarren egunean, ostiral arratsaldean bisitan joan ginenean, etxean ez zegoela esan zigun. Hura ez zela bere etxea, ea nola zitekeen etxe hura erostea berari ezer esan gabe. Apuratu ginen, noski. Jadanik bere kasua jarraitzen zuen neurologoarekin hitz egin, botiken dosia aldatu eta lasaitu zen zerbait gizona.

Dena den, ama ari da trago txarrena pasatzen, besteak beste, une honetan aita emaztearen bila dagoelako. Hau da, aldamenean duen pertsona, emaztea, ez du ezagutzen.

Astelehenen goizean ospitalera joan behar izan zuen anaiak biekin. Aitari buruan sartu zitzaion emaztea ospitalean zuela eta hara joan behar zuela derrigorrean.

Astearte arratsaldean anaia eta biok Afagi elkarteak Donostian duen egoitzara joan ginen. Zita genuen bertako aholkulari batekin. Oso ondo tratatu gintuen María Victoriak.

Asteazken arratsaldean, berriz, aitak gutuna idatzi dio emazteari. Aitak diktatzen ziona, gazteleraz, kopiatu egin du anaiak.

Jarraituko du.

Ah! Titulua: Amamaren memoria Pok Produkzioak taldearen antzezlana da eta bertan alzheimerra duen amona baten istorioa kontatzen da. Gaztelerazko bertsioa ¿Te acuerdas, abuela? da.

P.S.: gogoratu goiko oharra. Blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea. Ulertuko duzuelakoan, agur.

iturri
iturri dio:
2008/08/12 01:11

Zuei ere eskerrik asko Bertoko eta Patxi. Ondo pasa hortik zehar.

Magic
Magic dio:
2008/08/07 13:06

Benetan, unkituta irakurri dut zure mezu hau. Kasu hauetan hitzak soberan daude eta oso zaila egiten zait egoera hauek sortarazten didatena adieraztea. Besarkada handi bat eta animo.

leire
leire dio:
2008/08/07 15:33

Beste hirurak esan dabenakin, nik ez dakat askoz gehixago esateko, baiña Jozulinek esan detsuna egixa biribilla da.Zaindizuez bixak, baiña ama mimau. Zaintzailliak dira-eta gehixen sufritzen dabenak. Disfrutau aitxaz ahal dozun beste, gatxa dan arren. Besarkada eta muxu bat, Iturri

mugu
mugu dio:
2008/08/07 12:27

Sentitzen dut, Iturri. Ez da samurra kontatzen duzuna. Azken bolada honetan egiaztatzen ari naiz etapa berri batean sartzen ari garela, eta etapa hori nahiko gogorra dela zentzu askotan. Animo, bada! Badirudi kontua ikertzen ari direla eta gauza berri batzuk deskubritzen ari direla, behintzat. Hala izan dadila.

Ondo izan!

Bertoko
Bertoko dio:
2008/08/08 21:23

Atzo gabaz irakurri nuen . Eta gaur erantzuna . Oporretan nago, Edinburg inguruetan. Zuk idatzitakoan gogoratu naz, nirekin ekarri dudan Ruperren azkeneko CDtik abesti baten izenburua. Bidean abestia lagungarri egiten jat eta zuri be entzutean lagungarri egingo jatzulakoan. Animo eta aurrera Iturri. Bertoko

Nahikari
Nahikari dio:
2008/08/07 23:25

Ez dau askorik esateko. Txikitan zaintzen gaituzte eta guk bukatzen dogu haiek zaintzen. Mimatu biek eta ahal dozun denbora gehiena pasau eurekaz, eurak gugatik bizi izen direlako.

Animo eta eutsi!

Elena
Elena dio:
2008/08/27 19:57

Geure buruaz arduratzen ikasi berri, eta egun batetik bestera deskubritzen dugu gurasoez arduratzen hasi behar dugula. Zaindu gaixoa eta zaindu zaitezte zaintzaileak. Musu handi-handi bat.

iturri
iturri dio:
2008/08/07 18:58

Bai, eskerrik asko Mugu, Magic, Jozulin eta Leire.

patxi lurra
patxi lurra dio:
2008/08/10 01:23

Orain dala aste bi aitaren urteurrena izan zan, Alberto Peña Iturriarena, zeure abizena zeraman geure aitarena. Lelengo urteurrena. Zer esangotsut ba? Gitxi gora-behera badakidala zer egongo zaren pasatzen, Jozulinek dakien moduan, eta beste batzuk jakingo daben moduan. Besarkada handi bat, Mikel.

iturri
iturri dio:
2008/08/08 20:37

Eskerrik asko, Nahikari. Muxu bat.

Jozulin
Jozulin dio:
2008/08/07 13:29

Zaindu attá eta bereziki zaindu ama. Ez zara damutuko; ziur. Animo.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Zumaiako hitzaldiko argazkia eta albistea hemen. ... Xabier, 2023/05/21 10:29
Aspaldiko, Amatiño. Erabat ados. Iturri, 2022/11/11 19:12
Stat counter