Gazteszena 10 urte festaren kronika
Gaur Topaguneak Kultur Errota 1.500 saioa ospatzeko ekitaldi berezia egingo du Eibarren (zorionak). Eta asteartean guk Gazteszenak 10 urte bete dituela ospatu genuen.
Ekitaldiak iluntzeko 20:00etan zuen
hasiera-ordua eta programan aurreikusi bezala hasi zen betetzen.
Gazteszenako ateak zabaldu zirenean, areto ponpoxo batekin egin zuen topo bildutako jendeak. Mahai altuak eta baxuak, kabaret moderno batean egongo bagina
bezala.
20:10ean hasi zen Biarritz Ballet Junior-aren hamar minutuko saioa. Maite Martínez
de San Vicente Garaialde pianistaren laguntzaz aritu ziren. Amaitutakoan, Ramon Etxezarreta
Kultura delegatua igo zen eszenatokira. Hamar urte hauetan bera nola aldatu den
aipatu zuen, besteak beste. 1998an txaketa guztiak hartzen omen zioten gerri buelta, baina
gaur egun hori ezinezkoa dela. Alkatearen enkargua aipatu zuen (ez egiteko
beste teatro bat Donostian) eta hori bete egin dela. Guneari bizia eman dion jendea agurtu nahi izan zuen bereziki.
Agur instituzionalaren ondoren, kamareroek edariak eta janariak banatu
zituzten. Horretan aritu zen ere Dico Bar malabarista. Kopekin oreka ariketak
egin zituen.
Guille Milkyway disko jartzaileak aurreikusitako ordua iritsi baino lehen hasi behar izan zuen
musika banatzen. Berau dastatzeko aukera gutxi izan nuen, baina entzundakoa dotorea eta
gustu handikoa izan zen. Eguerdian irakurri nion DVn Mikel
Gurpegik eginiko elkarrizketa. Merezi du La Casa Azul proiektuaren
bultzatzaileak musikaz eta Eurovision jaialdiaz dioena irakurtzea.
Protokolo minimoarekin eta betiko maitasunarekin egindako ekitaldia izan zen. Musikari eta musikazale batzuk agurtu genituen: Joserra Senperana, Rafa Berrio, Joshe Mari Huarte, Cruz Larrañeta, Thee Brandy Hips taldeko jendea (beren musika webgunetik debalde jaisteko flyer-ak banatzen), Sergio Cruzado, Jorge Primo. Antzerki munduko jendea ere ikusi genuen, Ana eta Patxi Pérez, Lourdes Merino, Pili Guerra, besteak beste. Filgi Claverie mugalari eta dantzaria, Dantzaz elkarteko jendearekin. Egia auzoko jendea. Lokalean hainbat ekitaldi egin dituzten elkarteak eta, zer esanik ez, Egia Kultur Etxeko langileak, baita Donostia Kulturako batzuk ere.
Ausartenak, gainera, jaia Le Bukowski tabernan jarraitu genuen. Ah! Kontatu zidatenez Le Bukowski lokalak arazoak ditu Udaletxearekin. Ez nuen oso ondo ulertu zergatia, baina Europako kultur hiriburu izan nahi dugun honetan, hiriko gau eta kultur giroa zaintzen duten lokalei ezin diegu soka lepoan jarri. Diot.