Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Gastua non murriztu aukera ideologikoa da

Gastua non murriztu aukera ideologikoa da

Mikel Iturria 2024/12/15 10:25
Aste honetan EITB maratoia izan dugu. Beno, lata duela aste batzuk hasi zen. Saiatu naiz ez ikusten horrekin loturiko ia ezer eta aitortu behar dut ia lortu dudala. Zailagoa izan da irratian paso egitea, Euskadi Irratia ohikoa baita eguneroko nire errutinetan.

Dónde recortar gastos es una opción ideológica, este apunte en castellano

Ez dut mediku aseguru pribaturik. Nahita. Baina batzuetan derrigorrezkoa da herri honetan mediku pribatuengana jotzea.

Zerbikaletako arazoak izan nituen udaberrian. Medikuntzan lanean ibilitako lagun bati eskatu nion aholkua eta ospitale pribatu bateko traumatologo batengana jo nuen. Eraikinean sartu, kontsulta zegoen pisura igo eta medikuarekin egon nintzen, atariko kontrola gainditu ondoren. Erresonantzia magnetikoa beharrezkoa zela. Esango nuke aldez aurretik pagatu nuela kontsulta, baina ez nago ziur. 120 euro.

Azkenean ez nuen erresonantzia egin eta bere horretan geratu zen, errekuperatu egin bainintzen.

Duela hilabete-edo molestia batzuk hasi ziren ezker belaunean. Konfiantzazko fisioterapeutak esan zidan hobe zela traumatologoarengana joatea. Hartu nuen hitzordua kontsulta pribatu batean. Erresonantzia magnetikoa behar-beharrezkoa zela agindu zidan medikuak, zer nuen behar bezala baloratzeko. Kontsulta ondoren, etxean jada, pagatzerik izan nuen, banku transferentzia baten bidez. 100 euro.

Zentru horretatik gertu dagoen beste eraikin batera joan nintzen eta hurrengo egunean proba hura egiteko hitzordua eman zidaten. 350 euro.

Jaso dut jada txostena eta orain hitzordu berri bat dut traumatologoarekin. Batzuetan bigarren kontsulta merkeagoa izaten da. Gorde beste 100 euro, badaezpada ere.

Goazen Osakidetzara orain. Gertuko pertsona batek mina du besoan. Min eramangarria da, diagnostikoa badu eta duela laupabost aste eskatu genuen zita traumatologoarengana joateko, familia medikuaren bidez. 2025eko martxoan eman digute.

Testuinguru honetan EITB Maratoian 700.000 euro baino gehiago lortu dituztela jakiteak sutu egiten nau. Espektakularizazio ernegagarria, negozio itzela dagoelako eraikia osasungintzaren bueltan eta, gainera, saiatzen direlako gabonen atarian gu harrapatzen, inork ez duelako izan nahi Elon Musk bezain nazkante.

Dena dela, komeni da esatea duela urte batzuk diru kopuru horretatik kendu egiten zituztela produkzio gastuak. Gaur egun zer gertatzen den ez dakit, eta ez zait axola.

Egin dezagun orain ia 30 urte atzera. 1996ko uztailean, José María Aznar iritsi berria zen Espainiako gobernura. 2004ko martxora arte zer egin zuen jakin badakigu. Nik Javier Ortizek garai hartan idatzitako zutabe bat dut gogoan: Todos tenemos una caja única (Denok dugu kutxa bakarra).

Euskaratu egingo ditut zati batzuk:

"Giza-talde batek arazo bati aurre egiten dionean, norberaren formulatzeko modua besteek onartzea lortzen duenak giltzarri den garaipena eskuratzen du: ziurtatzen du berak aldez aurretik mugatu duen eremutik kanpo inork konponbiderik ez bilatzea. Horrexegatik funtsezkoa da tentu handiz aztertzea nola planteatzen diren eztabaida batzuk."

"Adibidez, Aznarren gobernuak lortu du iritzi publikoak onartzea, munduko gauzarik naturalena izango balitz bezala, errentagarritasunak -hobeto esanda, errentagarritasunaren bere ideiak- politika kontuetan lehentasunezko irizpide gisa pisu izatea. Eta horri esker gaur egun ia inork ez du zalantzan jartzen pentsio sistema erreformatzeko beharra."

Aurreraxeago gakoa: "Gastua non murriztu eta non ez aukera ideologikoa da; ez teknikoa."

Horra hor gertatzen ari dena: euria ari duelakoan, pixa goitik behera.

Amatiño
Amatiño dio:
2024/12/15 15:09
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe beharrez” agintari teknikoak lehenestea populismoa litzatekeen bezalaxe. Horregatik, demokraziaz behintzat, agintariak hauteskundez aukeratzen dira (nahiz jakintsuenak ez ateratzeko arriskurik izan) eta ez lehiaketa publikoz. Gerrak ere ideologoek egiten dituzte, ez militarrek.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Stat counter