Galtzeimer (XV) Ohitu egiten zara
Ohar garrantzitsua: oraingoz blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea.
Egongela berean attarekin batera dagoen jendea askotarikoa da. Bat izan ezik, denak andrazkoak dira. Beste gizonezkoa baserritarra da eta 70 urte ditu, bera izango da gazteena. Zaharrena 102 urteko amona bat da. 80 urteko langa pasa duen jendea badago, baita 90ak bete dituztenak ere.
Azken hauetako baten zaintzailearekin egon nintzen hizketan aurreko batean. Bi hilabete pasatxo daramatzala zentroan esan zidan eta egunero ari omen da etxera joan nahian. Ba omen dago mugarri bat, farola bat kasu honetan, arratsaldeko paseoan ezin dutena gainditu. Hura pasaz gero, emakumea aske sentitzen omen da eta korrika abiatzeko keinua egiten duela.
Badago 90 urteko beste andre bat. Harekin egoten da beti senarra, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 19:30era. 92 urte egingo omen ditu laster. Gizonezkoa sasoiko dago, baina andrearekin galtzen du pazientzia. Gaur entzun diot esaten pozik hilko litzatekeela, andrearekin dituen sesioak ekidin arren. Egunero adierazi behar dio, agurrean, hurrengo goizean bueltatuko dela berarekin egotera.
Attak gure amarekiko antzeko lotura du (xuabegoa bada ere). Ama egunero etorri da egun hauetan, ospitalean egongo balitz bezala, goiz eta arratsalde. Gogorra egiten zaio senarra egoera horretan egoitzan uztea eta egunero galdetzen dio bere buruari ea etxera eramanda ez ote litzatekeen hobeto egongo. Eskerrak medikuek, oraingoz behintzat, ideia hori burutik kentzen dioten. Ez da erraza senarraren xantaia emozionala aguantatzea, semeekin ere praktikatzen duena (ulertzekoa da horrela jokatzea attak: nik ere gauza bera egingo nuke).
Egoitza gogorra egiten zait niri. Azken finean, attak inguruan dituen gaixoek berak berandu baino lehen jorratuko duen bidea erakusten baitizute: inguruko guztiak iluntzean urduritzen dituen andrea; lasai-lasai dagoen andra, apenas hitz egiteko gai dena; erabat joana dagoena, jateko arazo franko dituena, flemak direla eta ez direla... Panorama itzela.
Ohitzen al da pertsona horrelakoetara? Gogorra egiten da, baina bai, ohitu egiten da norbera senideren bat halako egoeran ikusita: gaixo. Tristea bada ere.
Garai latzak bizitzen ari zarete, Mikel, zeu eta zeure familia. Ikusten ari zarete beste mundu bat, eta ikasten, aldi berean, zelan moldatu hartara. Eta zure artikulu sorta honi esker, gu ere ikasten ari gara, eta prestatzen, alor horiek jorratu behar ditugunerako. Mila esker, eta besarkada handi bat denoi!