Futbolaz edo
Bihar hasiko da hautsak harrotu(ko) dituen txapelketa. Eta duela egun batzuk hauxe jarri nuen Twitter-en.
Aspaldi hartu nuen Qatarreko mundiala ez ikusteko erabakia. Gutxienez 6.000 hildako estadio eraikuntzan. https://t.co/bYyqfF1sIH
— Mikel Iturria (@iturri) November 6, 2022
Egia esatea nahi baduzue ez zait gehiegi kostatuko lehiaketa hau ez ikustea, selekzioen futbola ez baititut apenas jarraitzen. Talde batekiko atxikipena behar baitut eta inork ez nau asetzen.
Futbola Realaren begiekin ikusten dut. San Mamesen iluntzean jokatuko den derbia jarraituko dut telebistaz, taberna batean ahal izanez gero, eta urduri jarriko naiz. Bihar ezingo naiz arratsaldean Sanse ikustera joan Zubietara, baina plan ederra da, eta behin baino gehiagotan egin dut jada denboraldian zehar.
Futbola baino Reala gustuko dudala esan izan dudanean, behin baino gehiagotan esan izan didate ez dudala futbola maite. Hala izango dela aitortu izan diot nire solaskideari, baina soilik puntako futbola jarraitzen duten horiek, zer dute gustuko? Futbola ala ikuskizuna?
Eremu honetan niri ez zait ezer aspergarriagorik bururatzen klub indartsuen atzean dauden buruzagi batzuek sortu nahi duten Superliga baino. Utikan!
Esan bezala, nik nahiago dut Realaren elastikoarekin soropilean jokatzen duen goi mailako talde baten partida ikusi puntako jokalariz osatutako beste horien partidak baino.
Ideia horrekin abiatu du Mitxel Gonzalezek zutabe hau.
Elitea ezagutu zuen jokalari ohia da Oleguer Presas, baina elitetik aldenduta dabil.
Enric Gonzálezek zutabe borobila idatzi du gaiari buruz: Disonantzia kognitiboa.
Eta muturrera eramandako kirolaz aritu da Alberto Moyano bere txokoan gaurko zutabearen hasieran, Behobia-Donostia lasterketako parte hartzaileen mediku arazoak ispiluaren aurrean jarriz.
Sanoa da? Horrela hartuta, ez.
Arrazoi osoa puntu honetan behintzat. https://t.co/xZJR03ZwWL pic.twitter.com/T9CE5eYMLS
— Mikel Iturria (@iturri) November 19, 2022
Total. Azpiegiturak egiten 6.000 hildakotik gora duen mundial puñetero hau ez dudala jarraituko, baina egunero tragatzen ditut hori bezain nazkagarriak diren beste produktu batzuk. Halakoxeak gara eta.
Gomendio bat: irakurri Nacho Pato Lorenteren Grada popular liburua, Europako zortzi futbol taldeen zalegoei buruzko erreportaje liburua. Futbola aitzakia gisa hartuta.
Euskaraldia bete-betean den honetan ia lotura guztiak gaztelaniaz, @iturri. Ba bai, eremu honetan ere oso gutxi idazten baita euskaraz.
Amaitzeko, graduatu berri den Alaaddine Azzouzi kazetariak eginiko galdera eta Oleguer Presas-en erantzuna:
—I no teníeu contradiccions?
—I tant que en tenia. I també en tinc ara. Crec que són positives, perquè la incomoditat ens fa pensar i ens fa avançar.
Las contradicciones y el fútbol, este apunte en castellano.