Euskal musikaren gainbeherari buelta eman behar zaio
Atzo ohiko komunikabideak gainbegiratu nituen jakiteko zer zioten atzo arratsaldean Donostiako Udalak jakinarazitako Saguesko kontzertuen bi aldaketak zirela eta ez zirela. Izenburu asko Bildu zuten subjektu. Guztien artean gehien harritu ninduen titularra hauxe izan zen: Bildu “euskadiza” los gustos musicales. Arraroa egiten zait Euskadi eta Bildu lotzea.
Aurreko Kultura zinegotziak, Denis Itxasok, jarduneko azken egunean aurkeztu zuen Sagueseko 8 gauetako kartela. Delegatu berriak, Nerea Txapartegik, Espainiako bi talde kendu eta bi euskal talde sartu ditu, “euskal kulturaren presentzia indartzearren”. Nik pena hartu dut La Mala Rodríguez Donostian ikusteko aukerarik egongo ez delako. Emakume bat gutxiago kartelean. Ona da Berri Txarrak eta Su Ta Gar Donostian egotea, nahiz eta ez dakit nola dauden egun eibartarrak.
Euskal taldeak eta kultura herrikoiaren apustua egitea ez dakit Saguesen egin behar ote den. Loveof74k dioen bezala zenbat talde gehiago dago horrelako plazak betetzeko? Are gehiago, ez da etsigarria izango gune horretan jende gutxi ikustea? Begiratu, adibidez, pasa den asteburuan Zarama taldeak BBK Live jaialdian emandako kontzertua. Seguru oso ondo pasa zutela, baina amorragarria behar du izan hain jende gutxiren aurrean jotzea.
Zergatik du hain prestigio gutxi euskal musikak une honetan? Gorka Bereziartuak pasa den otsailean idatzitako apunte batekin gogoratu naiz: Iaz disko asko... eta erdaraz (zenbait burutazio ingelesez kantatzeko hautuaz). Oso interesgarria da apuntea eta mamitsuak ere komentarioak. Datu bat hartu dut bertatik:
“300 diskotik gora kaleratu ziren 2010ean, 16 diskoetxeren bitartez, baina, batez ere, autoekoizpena ardatz hartuta. Pozteko datuak, baina… ez. Inaxio Esnaola kazetariak editorialean dioen legez, iazko urteak erdaraz kantatu baitzuen gehienbat”.
Duela ia bi urte Delorean taldeko Ekhi Lopetegik Noticias de Gipuzkoa egunkarirako Juan González Andrések eginiko elkarrizketan hitz gogorrak zituen Euskal Herriaz:
“Es una sociedad muy encorsetada, aunque hay fugas y gente que está haciendo cosas interesantes. Mi opinión personal, que no tiene por qué ser la de todo el grupo, es que los cánones culturales de Euskadi están estrechamente vinculados a los cánones políticos, y eso hace que el universo se nos cierre. Me irrita el localismo, la cultura en Euskadi se ha ritualizado al máximo y la gente parece atrapada. Hay que abrir líneas, establecer relaciones con el exterior... Es un mundo tan cerrado en sí mismo que habría que vaciarlo, la gente debería desertar”.
80. hamarkadako Euskal Rock Erradikalaren eztandatik (batez ere gaztelaniaz eman zena), ia 30 urte ez dira alferrik pasa. Askoz ere talde gehiago dago gaur egun, kontzertu asko daude agendetan, taldeen kalitateak gora egin du, baina... euskal musika gainbeheran dago.
Gauza asko ditugu aldatzeko. Kontua da ea gai ote izango garen eszena berri bat muntatzeko. Aurreko batean baietz nioen: ez zela soilik mugimendu musikala izango. Ea ba.
Oharra: Sustatun irakurri dut ikurrinak 117 urte bete dituela gaur. 2004ko uztailaren 14an publikatu nuen bizirik dagoen lehenengo harrikada: Mariano Ferrer-en agurra. Ha da, blogak ikurrinak baino 110 urte gutxiago ditu.
Neu banaz La Malaren zalea, gustukoa badeukot. Baina gustukoak ditut Berri Txarrak be bai, Gatibu, Zea Mays, Fermin, Sorkun, Petti, Ruper, Rafa, Txuma, Bide Ertzean, Kerobia edo The Uski's. Ibanek esan legez baikortasunaren arrazoiak egon badagoz, baina batzuetan irudimen eta ezagutza falta ikaragarria dago. Askoren kaskoetan RRV besterik ez dago, "euskal musika" gitarra doinu gogor edo folk kantautoreekin lotzen dituzte automatikoki, euskarazko musikan pop esparru zabala eta kalitatezkoa be badeukogula ezjakin, 2011. urtean.