Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Donostia 2016, hautagaitzaren aurkezpena

Donostia 2016, hautagaitzaren aurkezpena

Mikel Iturria 2008/05/31 17:20
Olinpiadak? Ez. Europako Kulturaren Hiriburu izateko kanpainaren aurkezpena egin zen ostiral iluntzean Victoria Eugenian.

Gipuzkoako bi periodikoetan dituzue kronikak; bata, Mitxel Ezquiaga jaunarena; bestea, Itxaso Millan anderearena.

Bertan irakurriko duzue Chillidatarrek eginiko logoa duela Donostia 2016 edo San Sebastián 2016 hautagaitzak, Odón Elorzak hitz egin zuela euskaraz eta gazteleraz, Donostiako Orfeioa aritu zela kantuan, Luisa Etxenikek irakurri zuela testu bat gazteleraz, Harkaitz Canok beste bat euskaraz, Markel Olano elebitan aritu zela, Morgan Creativos ekoiztetxeak egin duela bideoa. Eta abar.

Nik, berriz, Harkaitz Canok irakurritako testuarekin utziko zaituztet. Asko gustatu zitzaidalako. Bereak dira egile eskubideak, beraz.

Buruko antzokia

Gustatzen zait antzokiaren ideia. Litekeena da aldian-aldian ikusten dugun antzezlana gustuko ez izatea, aktoreak nahikoa onak ez direla edo antzezlana eskasa dela iriztea. Orduan distraitu egiten gara, ondoan daukagunarekin xuxurlaka hizketan hasten gara, lokartutako zango txinurrituei zaplaka. Antzokiko gure besaulkian eserita gaudela, gertatu ohi da inguruan norbait ziplo lo geratu izana ere, zurrungaka, edota sillako besoan duen ukondoak gu gogaitzea. Munduaren lagina da antzokia. Teatroek badute burezurren antza: bi hemisferio dituzte, publikoari dagokiona bata, eszenatokia bestea. Batak bestea elikatu ezean, ordea, ez dago antzokirik batere, ez dago bururik batere. Bi hemisferio horien tamaina ere aldatu egin da denborarekin: eszenatokia eta butaken patioa ez dira gaur hain garbi bereizten, bietan handiena eta aktiboena zein den ez dakigu ziur. Denok aktore bihurtu ote gara, honenbestez?

Antzoki iluna da gure burua ere, kobazulo bat. Ez gara bakarra hor barruan, jende asko baizik. Batzuek sentitzen duten bitartean, besteek pentsatu egiten dute, eta alderantziz. Hor dago oroitzapenen korua. Denok dugu buruan apuntadore bana, testua ahazten zaigunerako, denok dugu zentsorea, saboteatzailea, edota tramoista taldea, teloien edota beloen sokak menperatzen dituena, geure burua noiz agertu eta noiz ezkutatu erabakitzen duena; batzuetan ezustean teloia altxatu eta jendearen aurrean ustekabean biluzik agertzea ere suertatzen zaigun arren... Asko gara buru bakarraren barruan eta ona da elkarren berri izatea. Osterantzean, teatro hutsa garezur mortu bilakatzen da: "Izan edo ez izan?"; "Ez izan".

Asko hitz egiten da aurrerabideaz, baina gutxi albora egiteak dituen abantailez. Eta kulturaren funtzioa, beharbada, alboan dago eta ez aurrean: ez litzateke txarra noizean behin, xakeko zaldia bezala, aldi berean aurrera eta albo batera mugitzeko gaitasuna izatea. Eta batzuetan, aurrera baino gehiago albo batera, izkinara, ertzera (baina ez zokora). Axedrezeko zaldiaren gaitasuna eman behar liguke kulturak.

Zer da baina, askotan ahoa betetzen digun delako kultura hori? Kaosa argiago ikusteko gaitasuna? Plazera besterik ez, plazererako bidea erraztu eta plazera ematen duena? Gure destinoaren kodea deskodetzeko era bat? Sineskeria estetikoak? Agian arrazoi zuen Roberto Bolañok, eta kultura flotadore bat besterik ez da. Ez da hain gutxi ere.

30.000 edo 50.000 gen inguru ditu gure ADNak. Gen bakoitza informazio unitate bat dela kontutan hartuta, ez gintuzke harritu behar kopuru hori -gutxi asko- gure hizkuntzako hitzen kopuruarekin bat etortzeak. Gure buruan ditugun hitzen kopuruarekin bat etortzeak. Kanpoa barruan dago eta barrua kanpoan. Kultura gu gara, batzuetan enteratzen ez garen arren: ogia erosi eta diskoak trukatzea, pianoa jo eta lagunaren garagardoa ordaintzeagatik lehiatzea, telefonorik ez zen garaiko literaturaz mintzatzea telefonoz, filmetako protagonisten ahotik ikasitako esaldiak txantxetan edo serio elkarri esatea; eta, batez ere, gabardina gure aulkian ahaztuta utzi dugun aitzakiarekin antzokitik azkar-azkar atera ondoren antzokira itzultzea atzera, jendearekin igurtziz eta estropezu eginez, estropezu eginez eta igurtziz, horrela besteek zer dioten entzuteko, korrontearen kontra doan izokina bezala mugituz butaketako jendearen artean, edo are hobeto, aurrerantz eta alborantz mugituz, xakeko zaldia bezala, norbere buruan, denon antzokian, gure hirian.

En castellano

Juan Luis Zabala
Juan Luis Zabala dio:
2008/06/01 17:32

Beharbada deialdia bidali ziguten, eta, lehen esan dudan bezala, zibernetikaren labirintoan galdu zitzaigun, edo eskapatu auskalo nora. Bego horretan. Ez da hori inportanteena auzi honetan. Kontua da nik neuk pertsonalki (ez naiz ez BERRIAren eta ez beste ezer edo inoren izenean ari) ez dudala batere konfiantzarik honelako muntaketa politiko-publizitario-finantziero turistifikatzaile neokapitalista arranditsuetan; kontua da urtikaria asaldagarria eragiten didala, ia-ia beti, politikariak kulturaz (eta mestizajeaz, eta aniztasunaz, eta interkulturalitateaz) mintzatzen entzuteak (eta politikarien artean txapeldun bat izendatzekotan Iñaki Azkuna hautatuko nuke, eredu eta ispilu bikaina bere zintzotasun jatorrean). Ez dakit nor izan zen, baina norbaitek parekatu eta ahaidetu egin ditu AHTa eta Guggenheim; uste dut arrazoi osoa duela, eta Donostiaren kultur hiriburutza egitasmo hau –nahi bezain berde egonagatik ere–, zaku berean kokatzen dute hasieratik nire aurrejuzkuek. Beharbada oker nago, akaso gaitz bat da nirea, apika gaixorik nago; sendatu nahi nauenik bada, ez du lan erraza izango. Eskertuko diot ahalegina, benetan.

Jon
Jon dio:
2008/06/02 13:31

Zein da aurten Europako hiriburu kulturala? Gutxik jakingo dute erantzuna. Zein izan zen iaz? Ia inork. Era orain dela hiru urte?... Ba hori. Baina aitzakiarekin, kultura flotadore bat dela entzun genion Harkaitz Canori. Eta horrek, eta Canoren diskurtso guztiak, edukiagatik eta irakurtzeko eragatik (horretan maisu da Harkaitz), zentzua eman zion ostiraleko ekitaldiari. Hortik kanpo, bideo txukun batzuez gain...

iturri
iturri dio:
2008/06/02 01:03

Kaixo JL:

Hautagaitza honi buruz ez dakit tutik ere, zeren eta ostiralean ez zuten pulamentuzko ezer esan (horregatik nioen goian berde dagoela).

Ulertzen dut zure postura eta ni ere ez naiz oso urruti ibiliko. Gaur arratsaldean, Cacereseko pabiloiaren irudi batzuk ikusi ditut (Gipuzkoa Basket-en partida ikusten ari nintzela) eta Cáceres 2016 irakurri dut kantxatik kanpo jartzen dituzten panel elektronikoetan. Estatuko bigarren mailako hainbat hiri ari dira lasterketa honetan borrokan, baita Valentzia ere (oker ez banago).

Guggenheim eta AHTren arteko lotura ez da ilogikoa, ez. Badut Bartzelonako lagun bat dioena Kataluniako hiri horretako zenbait espaloi berriren neurriak ikusita, tankeak sartzeko modukoak direla. Bere teoriaren arabera, horretan ere pentsatu omen zuten. Ez dakit. Agian arrazoia izango du nire lagunak.

Besarkada bat, JL.

Juan Luis Zabala
Juan Luis Zabala dio:
2008/06/01 13:26

Donostian bizi naizen arren, hautagaitzaren kontu hau mila miliatara dudala sentitzen dut, arrotza zait erabat. Eta kontu horren hariak mugitzen dituztenek ere halaxe uste dut sentitzen nautela ni, urrun eta arrotz. Eta ni bezala beste asko. Ondo diozu, Mikel: "Gipuzkoako bi peridikoetan dituzue kronikak". Oker ez banago (egungo e-mail bonbardaketekin zaila izaten da horrelako gauzak erabat ziurtatzea, ezin baita posta guztia zehaztasun osoz miatu) BERRIAra ez da inolako deialdi edo txostenik iritsi, eta dakigun guztia Gipuzkoako bi egunkari horien bidez dakigu. Egunkari horiek seguru kontu honen sukaldean daudela bitrozeramikaren kontroletaraino; tira, horietako bat bai behintzat, alajaina! Eta ez zait iruditzen, daramagun martxari erreparatuta, 2016an kontuak oso diferente izango direnik gure hemen hauetan.

iturri
iturri dio:
2008/06/01 13:44

Kaixo JL:

Uste dut pertsona gutxik dutela honen berri oraindik. Ostiralean hitz ponpoxoak, irudia eta bideoa aurkeztu zuten bakarrik. Webgunean adierazpen instituzionala dago. Kitto.

Dena den, arraroa egiten zait ez jasotzea ostiralerako deialdirik alkatetzatik. Izan ere, Gipuzkoako erakunde, enpresa eta kultur eragile asko zeuden gonbidatuak eta zuek ere jasoko zenuten deialdiren bat.

Markel Olanok goraipatu zuen bi erakundeen arteko harremana eta ondo legoke gipuzkoarrek ere sentitzea Donostia ez dagoela hain urrun.

Enpin...

iturri
iturri dio:
2008/06/02 23:47

Langostinos y lentejas blogean irakurri dugu, Iruñak ere aurkeztu duela hautagaitza. Barcina alkatea Polonian egon berri da hautagaitza bikoitza landu nahian bertako hiri batekin, baina, hala eta guztiz ere, Donostia baino atzeratuago dago, oraindik ez baitute webgune ziztrin bat martxan jarri-eta. Aipatu blogariak badu logoa eta leloa ere Pamplina 2016.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Zumaiako hitzaldiko argazkia eta albistea hemen. ... Xabier, 2023/05/21 10:29
Aspaldiko, Amatiño. Erabat ados. Iturri, 2022/11/11 19:12
Stat counter