Batek daki bihar zer eta nola
Badira jada egun batzuk Joxe Aranzabalek idatzi zuela bere blogean Zientzialari burua, sintoma gisa izeneko apuntea. COVID-19aren krisian erreferentziazko zientzialari instituzionalaren figurarik ez dagoela gurean konturatu da Joxe.
Bi hilabete igaro direnean konfinamenduan hasi ginenetik, Hego Euskal Herrian oraindik ez dakigu nortzuk diren gure zientzialari buruak pandemiari aurre egiteko. Ez Euskal Autonomia Erkidegoan, ez eta Nafarroako Foru Erkidegoan ere.
Gai hauetan ni baino iaioagoa den lagun bati bidali nion lotura. Eta nik egin ez nuen irakurketa etorri zait bueltan.
Zaldibarko zabortegia lehertu zenean, teknikari batek egindako adierazpenak ez zituzten, antza, egokitzat jo agintariek. COVID-19aren krisia lehertu zen eta konfiantzazko zirkulua itxi egin zuten. Eta horrek ondorioak ditu.
Orain agintean dagoen alderdi nagusiari buruz ari naiz, baina praktika gainerakoek ere berdintsu funtzionatzen dutela dirudi.
Aldez aurretik derradan ez nukeela nahiko egon une honetan ardura postuetan. Jendea putzura bidal dezaketen erabakiak hartzen. Aitortza hori zor diet.
Bide batez, uztailaren 12an hauteskundeak ditugu EAEn. Pena ezin direla lehenago egin, alderdi gehienak hauteskundeen zirkuituan sartuta baitzeuden urtea hasi aurretik eta apenas atera diren hortik egun hauetan. Beraz, hobe ahalik eta azkarren pasatzea hauteskundeen kaliza.
Tira.
«Gertu izan arte ez dakizu zer den koronabirusa» irakurri nuen larunbat goizean. Jesus Mari Gabilondok 40 egun pasa zituen ospitalean, horietatik 25 ZIUn, birusak harrapatu zuelako martxo hasieran. Berarekin eta alabarekin (Nahikari) mintzatu da Paulo Ostolaza kazetaria Berrian. Irakurri eta entzun familia honen testigantza, mesedez.
Beste erreportaje gomendagarria Revista 5W-k argitaratu du: Con las puras manos (ordainpekoa da lotura). Agus Morales kazetariak eta Anna Surinyach argazkilariak Bartzelona inguruko hainbat erresidentzia, ospitale eta tanatorio korritu dituzte bi hilabetez. Izen-abizenak dituzte denek, baina jende ezezaguna da. Gure osasuna sostengatu duen jendea.
Adibide moduan txio honek azpimarratzen duena:
Esto hiela el corazón: pic.twitter.com/PDRX1XJ7F4
— Lara Hermoso (@lhermoso_) May 14, 2020
Bi hilabete pasa dira gure alde honetan gauzak erabat okertu zirenetik eta aditu batzuek egoera honek luze joko duela esateko atrebentzia gehiago dute gaur egun. Tartean Munduko Osasun Erakundeko goi arduradunak. Edota Espainiako Gobernuko aholkulari den epidemiologo honek. 2024a? 2025a?
Jose Ignacio Lapidoren «Mañana quién sabe» kanta. Bihar batek daki.
Late la tristeza en el corazón
de las ciudades
Vidas que se funden con la oscuridad
Canciones que hablan de nadie
Mañana quién sabe