Barça eta Madriden liga
Larunbat arratsaldean gogotsu joan nintzen Anoetara 2011-12 denboraldiko Realaren etxeko lehen partida ikustera. Bartzelona zen kontrarioa. Baina lehen zatia ikusi ondoren (partida beharrean kataluniarren rondo bat zirudien zelaikoak) asper-asper eginda nengoen eta haserre ikuskizun harekin. Izan ere, nik ere pentsatu nuen lehen zatiko hamaikagarren minuturako dena esanda zegoela. Zorionez, bigarren zatian, lo atera ziren blaugranak eta ederki lortu zuten txuri-urdinek berdinketa (minutu batean).
Garai batean Barça gustuko nuen, baina azken urte hauetan zenbat eta gehiago ikusi zuzenean, orduan eta gutxiago gustatzen zait taldea. Telebista aurrean ere aspergarria egiten zait talde bat baloia hartu eta alde batetik bestera mugitzen ikustea, arerioak zer egin ez dakiela dagoen bitartean.
Real Madrid ere ez dut gogoko eta bi erakunde oilar horiek besteen gainetik pasatzeko duten joera hori gorroto dut: gainerakoekiko duten aldea (telebista-eskubideen banaketa adibide bat baino ez da), inguruan mugitzen den edozer harrapatzeko ahalegina (Madrilek Realeko bi gazte iritsi berri fitxatu nahi omen zituen abuztuaren bukaeran)...
Eta gero Liga bera dago: jardunaldiak amaitezinak bihurtzen dituzten ordutegiak, irratiei eskubideak kobratzeko asmoa... Zer esan daiteke Astiazaran presidente duen erakunde bati buruz? No comment, Toshack-ek esango lukeen bezala.
Batzuetan pentsatzen dut onuragarriagoa dela bi horiek beren liga propioa sortzea (europarra nahi badute) eta gainerakoen arteko lehiaketa jokatzea. Gauzak dauden bezala, txapelketa berdintze aldera, ondo legoke bigarren taldeekin jokatzea.
La liga del Barça y del Madrid, este apunte en castellano.
Iturri, foballa kaka bat baldin badok... itzi egin bihar detsak juateari. Badittuk, benetan, gauza interesagarriagorik. Desengantxau hadi, gorputzak eskertuko deuk. "Monoa" pasau bihar, gogorra izan leikek, izardittan esnatuko haiz gabian penaldi-ezpenaldi ete zuan telebistan 8 bidarrez ikusittako jokaldi hori. Arbitrua, ez izan dudarik, beti dok hire ekipuan kontrakua. Bilbokuak beti dauaz ahaleginetan Errealari nola kalte egin... Kafiak lagundu egitten dok "monoa" pasatzen. Ai! "borondate indarra" bihar dok, eta hi horretan...