Asteburu mugitu baten kronika
Arratsaldeko 17:30ean azaldu nintzen Koldo Mitxelena Kulturunean. Hantxe zegoen Angel Unzu gitarra probatzen. Laster agertu zen Ane Ortiz, baita Jabier Muguruza bera ere. Arazo tekniko batzuk izan zituzten gitarrarekin, baina, azkenean, txukun geratzea lortu zuten.
18:30ean zita Caravanserai kafetegian genuen. Hantxe zeuden Maria, Manolo, Pako, Felip, Sorkun, Ander, Alargaor, Andi, Chirbes, Charo, Arantxa, Mariano, Escolar... Pixkanaka denak bildu ginen, baita Sevillatik larri samar etorri zen Garbiñe Biurrun bera ere.
KMtik atera ginenean jende asko ari zen ilaran, zai, eta 19:00etarako bost minutu falta zirela zabaldu zituzten ateak. Lepo bete zen aretoa. 120 lagun eserita eta beste 50 lagun zutik. Kanpoan telebista zegoen konektatua, kultur gunearen atarian, baina ez dut uste jende asko gelditu zenik han. Internet bidez 59 lagunek jarraitu omen zuten ekitaldia.
Ane Ortiz hasi zen denei eskerrak emanez. Ondoren, Maria Jesus Aranburuk, Kultura eta Euskara foru diputatuak, eta Rafaela Romerok, Batzar Nagusietako presidenteak, hartu zuten hitza. Haien diskurtsoetan nabarmen geratu zen ez zutela Ortiz ezagutu.
Mariano Ferrerek bikain gidatu zuen ekitaldia. Arantxa Gurmendik 70. hamarkadaren hasieran Bordelen bizitutako kontuak ekarri zituen gogora. Hunkitu egin zen Rafa Chirbes idazlea, baina aurrera egin zuen. Laguna zuen Garbiñek Ortiz ere eta nabarmen geratu zen. Ignacio Escolarrek ere ederki goraipatu zuen Públicora eramandako kazetaria. Nik, berriz, Ortiz nola ezagutu nuen, baita Pateraren garaiak, azaldu nituen. Jabier Muguruzak eta Angel Unzuk pare bat kanta egin zituzten: mahai-inguruaren hasieran, Bizitza, bizitza da; amaieran, berriz, Maite zaitut, ez. Mahai-inguruaren erdialdean Jesús Cutillas-ek bidalitako muntaia ere entzun genuen, Ortizen ahotsa barne.
Bitxia izan zen jendeari paso eman ziotenean, inork ez zuela ezer gehitu. Ortiz gustura geratuko zen bere Jamaikan, ez baitzuen gustuko jendea gehiegi luzatzea.
Inguruko tabernetan ibili ginen eta garaiz etxeratu. Hurrengo egunean goizeko 10:30ean geratuak baikinen Larrun mendiaren behealdean, bertako tren geltokian. Tren ttikiak 50 lagun eraman gintuen tontorrera goizeko 11:00etan. Lainotuta zegoen eguna eta, gora igo ahala, are gehiago. Freskoa ere egiten zuen goi aldean.
Denbora gutxi izan genuen ekitaldia egiteko, baina txistua lagun, irrintziek, kantek, ardoak eta gildek lortu zuten eguna altxatzea. Beheko bidea alaiagoa izan zen. Autoak hartu eta Sara aldeko Urtxola Bentara joan ginen bazkaltzera. Egunpasak Donostian izan zuen amaiera.
Ez ditut izen-abizenak hemen jarriko. Asko eta asko ahaztuko baitzaizkit: eskerrik asko bertatik zein kanpotik hurbildu den jendeari.
Hurrengo geltokia: Mariano Ferrer bizirik dagoela omendu behar dugu. Ni prest nago. Nor gehiago animatzen da?
Oharra: argazki guztiak bigarren egunekoak dira; lehen egunekorik ez baitaukat.