Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Amona Joakina

Amona Joakina

Mikel Iturria 2018/09/19 23:05
Asteazken arratsalde honetan hondartzara joan naiz. Bakarrik. Halako batean, amona batek bi biloba lehortzen zituen bitartean haiei begira geratu eta nire amonarekin gogoratu naiz.

Ume moko bat nintzela hil ziren amona Ramona (aitaren ama) eta aitona Joakin (amarena). Aitaren aldeko aitona, berriz, aitak 15 egun zituela hil zen. Beraz, amona Joakina da gaztaroan ezagutu dudan bakarra.

Halere, amona Ramonaren irudi bat daukat buruan gordeta. Leihotik begira nago, sukaldeko harraskan igota eta handik kanpoan dauden gurasoak ikusten ditut. Beraiek autoan (Seat 600) sartu eta badoaz, amonak ni eusten nauen bitartean. Agur esaten diet.

Hori jada ez dut gogoratzen, baina amak beti esan izan dit txikia nintzela gauez ez nuela batere lorik egiten. Eta nik egiten ez banuen, gurasoek ere ez. Goizean goiz, amona Ramonaren ohean sartzen nindutenean berak hitz politak omen zituen niretzat: «Akabo loa! Ume puta hau!».

Gurasoak nekatuta zeudenean, oso gustura hartzen ninduten amaren baserrian. Han ni nintzen biloba bakarra. Amona Joakinaz gain, bere ahizpa bat eta bizpahiru osaba bizi baitziren bertan eta gainerakoak ere handik zehar ibiltzen ziren.

Gogoratzen dut behin kaka egin nuela baserriaren beheko aldean zegoen arropak garbitzeko harraskaren ondoan. Izeba bati esan nion baina, kaka amona Joakinarena zela.

Esan bezala, aitona hil ondoren, amona eta bere ahizpa adinduak zirenez jada, Irungo Ventas auzora jaistea erabaki zuten. Pisu bat hartu zuten bi ahizpek eta nire bi osaba zaharrenek.

Eskolaren ondoan zegoen eta askotan joaten nintzen bertara: bazkaltzera eta baita amonarekin lo egitera. Izan ere, osaba mutilzahartuek beste lehentasun batzuk zituzten garai hartan eta bi ahizpak bakarrik egoten ziren beraiek nahi baino gehiagotan.

Amona Joakina beti lanean gogoratzen dut: etxeko lanak egiten, bazkaria prestatzen, zaintza lanetan (gaixo zegoen ahizpa eta bere bi semeak).

Koskortu eta eskola utzi nuenean, Irungo Pio Baroja institutura egin nuen mudantza. Handik aurrera gutxiago ikusi nuen, nik ere beste lehentasun batzuk bainituen. Gainera, Tio Periko eta haren familiak hartu zuen amonaren zaintza (ahizpa eta seme zaharrena hil ondoren).

Unibertsitate ikasketak bukatzen ari nintzela hil zitzaidan amona, ekaineko azterketak egiten ari nintzela.

Tira, hondartzako irudi horrek apunte hau ekarri du. Amona Joakina asko maite nuelako. Eta bihar nire amak 81 urte egingo dituelako.

Edurne Portelaren hau irakurri, inspirazio-iturri ere izan baita: Desde Santurce a la URJC.

Soinu banda: Aspaldian, Ruper Ordorika.

Mi abuela Joaquina, este apunte en castellano.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Zumaiako hitzaldiko argazkia eta albistea hemen. ... Xabier, 2023/05/21 10:29
Aspaldiko, Amatiño. Erabat ados. Iturri, 2022/11/11 19:12
Stat counter