Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Amarekin hilerrian

Amarekin hilerrian

Mikel Iturria 2024/08/31 21:00
Pasa den igandean igo nintzen Irungo hilerrira.

Abuztuan ez dut ezer idatzi hemen, baina gaztelaniazko blogean bai kaleratu nuela apunte bat pasa den astean. Izan ere, Rafael Chirbesen egunerokoaren hirugarren tomoa irakurtzen ari bainaiz aste hauetan: El vértigo de Chirbes. Pasarte batean 2010eko apirilean Javier Ortizen omenaldian zein gaizki pasa zuen kontatzen du Rafak.

Orrialde batzuk aurrerago, familiarekin batera bisita bat egiten du hilerrira. Handik urtebetera edo, etxeko lanetan laguntzen zion Israelek Beniarbeig-eko hilerrira lagunduko dio. Chirbesen lehen bisita da eta orduantxe konturatzen da taberna giroan ezagututako 60 urteren bueltan hildako zenbat auzotar dauden jada bertan.

Esan bezala, pasa den igandean amarekin igo nintzen Irungo kanposantura. Urtebete lehenago zendutako Tio Perikori egin behar genion bisita. Osaba zen amaren anaiarik gazteena. Blog honetan zeharka idatzi nuen berari buruz: haserretu bainintzen Irungo hilerriko gerentearekin.

Aste batzuk lehenago, uztailean, egin nuen beste bisita bat, amarekin hau ere. Lagun batekin aritu nintzen telefonoz, idatziz:

-Zer da, urteko bisita?, berak.

-Urteko bisita? Duela hamabost egun bertan egon nintzen eta.

Ohitura bihurtu baita gutxienez hilean behin igotzea. Besteak beste, nirekin ateratzeko munduko aitzakia guztiak jartzen dituelako amak, baina normalean ez duelako ezezkorik ematen txango hauek egiteko garaian.

Atarian aparkatu eta senideen bila joateko garaian ohikoa den bidea egin genuen: bere buruaz beste egin zuen auzokide bat dago sartu eta berehala; aurreraxeago amaren beste anaia bat; ondoren gure bizilagun izandakoen hilobia (aita eta bi seme zaharrenak daude jada bertan); haraxeago 27 urterekin istripuz hil zen mutil bat eta harekin batera, besteak beste, haren osaba, bere burua urkatu zuena; ondoren, gure lehengusu batzuen semea dago, auto istripuz hil zena 1989ko azaroan; etxeko panteoiaren kalean, gure beste senide batzuen ehorztokia dago eta nirekin batera eskolara joandako ikaskide bat ere bai,1982ko abuztuan trenetik erorita hil zena.

Hauen guztien aurretik pasatzerakoan, amak beti du zerbait esateko. Komentario bat. Gazterik hil zela, modu txarrean hil zela, lore politak daudela, lore zatarrak daudela, eta abar.

Gure senideen aurrean bere errezoak egin ondoren, bueltan bi aukera ditugu: normalean, aitaren arreba zaharrena dagoen kaletik joaten gara autorantz, baina igandean aitaren amaren panteoi aurretik pasa ginen.

Bisitak ez du hamabost minutu baino gehiago irauten. Igandean otu zitzaidan plegatzen den aulki horietako bat eramango dudala hurrengo batean, berehala nekatu eta bizkarreko minez kexatzen baita ama.

Iristen ari gara edade batera non jada jende asko dugun horrelako tokietan. Zer esanik ez amaren adinekoek. Horiek jada gehienak kanposantuan edo antzeko lekuren batean dituzte.

Bizita. Eta heriotza. Ez dago besterik.

etiketak: ama, blaia, hilerria, familia, irun
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Stat counter