Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Abadia Saria Ruperrentzat

Abadia Saria Ruperrentzat

Mikel Iturria 2024/09/19 17:46
Pendiente nuen ekitaldiaren bideoa ikustea. Eta horren aurretik Jose Luis Padronek Ruperri eskainitako "Lizardiren baratza" entzun dut. Baita irratsaioan Padronek aipatutako 2016ko solasaldi bat Espainiako Liburutegi Nazionalean.

38 minutuko bideoa ondo dute eta Gipuzkoako Aldundiaren Youtube kanalean eskegi, 2024ko irailaren 12an Tabakaleran egindako ekitaldiaren laburpen luzea. Kronika bat ere jaso du erakundeak.

Eider Mendoza ahaldun nagusiaren hitzen ondoren, euskal letren eta musikaren errepublikan Ordorikak gertu izandako hainbat lagunen bideoa bota dute, zuzeneko Maite Larbururen ahotsa eta musika tartekatuz. Oso efektu polita lortu dute Oskar Alegriak egindako bideo horrekin.

Mendozaren eskuetatik saria jaso ondoren, hona hemen zer esan zuen Ruperrek:

Lehen, Eider, ari zinelarik horrelako laudorioak esaten, pentsatzen nuen nere artean beste bati buruz ari zinela, zeren, azkenean, bitxia da sari bat hartzea norberak gehien maite duen langintzari esker. Azkenean, Beyoncék bezala, nik ere nire hautazko hizkuntzan kantatzen dut, gehientsuenek bezala mundu honetan. Mila esker handia denoi.

Maite, jakin ezazu asmatu dudala zu zinela sorpresa, tresna ikusi baitut eta benetan kontent naiz. Nire egun berekoa baita Maite, eta badugu harremana.

Badakit ohore hau euskal kantari guztien izenean eskaini zaidala, eta hala onartzen dut. Gaurkoa abagune bikaina dut gure aurreko belaunaldiaren lana goraipatzeko, hein handian haiengandik jaso nuen barru-barrutik mintzo zitzaidan mundu bat, nire musika gustuekin bat egin zezakeena.

Oñatiko eskola denboretan euskal kultura zeharo debekatuta zegoenez, etxeko giroan aurkitu genuen lehen babesa. Gero, erdi ezkutuan lortu diskoetan hasi nintzen mundu berri hura deskubritzen, gure belaunaldiko askori gertatu bezala, ordura arte ingelesez entzuten nituenak erakartzen ninduten gehienbat, eta euskal abeslari haiei esker emeki-emeki sartu nintzen kantutegi zaharrean, eta gure jendearen berbetean eta doinuetan. Bagenuen nondik heldu.

Etxahun-Irurik kantu ontzaile deitzen zigun eta hau da koblakariaren lana segurki, doinuz eta hitzez bizitza ospatzea, eta haien galerak ere bai.

Eskenatokira igo nintzen lehen aldian, hamabost bat urte nituela, Mixel Labéguerieren kantu bat jotzeko izan zen, Gasteizen. Mixel Labéguerie Frantziako errepublikako senatore eta euskaldun kantaria. Bitxikeria dirudi, egun ere errepublikak gure hizkuntzaren irakastea bazterreko kontsideratzen baitu. Labéguerieren abestiek bere ondare politikoa baino oihartzun handiagoa bildu dute eta hor datza gure esperantza, hizkuntza dugu bizi iraupenaren itxaropen.

(Berari begira) Antton Valverde hemen da. Hemen ikusten zaitut eta hitz hauek esan nahi nizkizun zuzenean.

Antton Abadia jakintsuaren ohoretan gaude hemen, bere jauregiko Tabakaleran, hain zuzen. Abadia jaunak, bere garaian euskaldunen aita izendatuak, zazpiak bat irudikatu zuenak, ukanen zuen behar bada hainbestetan aipatzen den Euskal Herriko ikuspen mitikoa, baina baita ere garbi zuen herri kulturak eta gureak bezalako hizkuntzak laguntza antolatua behar duela, kultura hegemonikoen eraketan gertatzen den bezala. Mezenasgo bat, nahi baduzue.

Hegoaldean, berriz, nire ustez piramide inbertitu baten itxura hartu du euskararen munduak. Goiko alde zabalean laguntzak jasotzen dituzten komunikabideak, teknikariak, bitartekariak, aretoak eta abar luze bat legoke. Eta beste muturrean, oinarria behar zukeen tokian, bertize mendrean, euskaraz sortu nahian duinki iraun ezinik dabilen egilea. Guztion lanak beharrezkoak izanik, ez ote da piramidea poliki-poliki eraldatzen hasteko unea.

Bistan da piramide horrek ez duela orekarik. Eta sortzaileari behar duen lekua eman behar zaiola herri honetan.

Holaxe ba.

Eskerrik asko hemen zaudeten guztiei. Nire etxekoei. Eskerrik asko aldundiari, eta zer esanik ez heuren sakeleko mitologian, gure arbasoen arbaso mitikoei munduan ibili eta gero, bazter honetara heldu zirenean berton gelditzea hautatu zutenak, esanaz "zuek segi, segi; gu hemen biziko gara".

Holaxe ba, jaun-andreok. Elorrixoko santuak, Balentin Berriotxoak, esaten zuen bezala: "akabatu da sermoia".

Ondoren, Xabi Etxeberriren laguntzaz, "Zaindu maite duzun hori" eta "Izen zaharrak" abestu zuen oñatiarrak. Bigarren kanta honetan Jose Cazaubon dantzaria ere agertu zen oholtzan.

Sarreran aipatu dut Padronek Ordorikari eskainitako "Lizardiren baratza" bikaina. Ez dakit zer azpimarratu, dena baita, esan bezala, bikaina.

Halere, bada hona ekarri nahi dudan solasaldi bat, gaztelaniaz kasu honetan. Nacho Fernández Rocafort idazle eta irakaslearekin batera aritu ziren biak 2016ko urrian Espainiako Biblioteca Nacionalean. Gaia: De lo oral a lo escrito. Un recorrido por la literatura vasca).

On egin!

Eskerrik asko, Ruper.

P.S.: apunte hau idatzi ondoren, ikusi dut Iban Arantzabalek ere idatzi zuela bere blogean asteartean: Sortzaileak praka parea erosteko lanekin.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter