Jose Mari Ortizen erakusketa
Gaur nire aitaren urtebetetze-eguna da. Zorionak ba aita. 73 urte egin ditu. Jose Mari Ortizek ez ditu oraindik 70 urte bete baina bidean da gizona. Nire aitarekin, hala ere, ez du zerikusi handirik. Batak fabrikan (eta baserrian) pasa zituen 40 urte baino gehiago lanean. Bestearen ogibidea (ahalik eta hobetoen) bizitzea izan da.
Jose Mari Ortiz margolariaren erakusketa ikusgai egongo da Ernest Lluch-Amarako Kultur Etxean apirilaren 23ra arte.
Nahiz eta Gironan jaio 1937ko martxoaren 11n, Ortiz donostiarra da. Unibertsitateko ikasketak utzi zituen, pintura era profesionalean hartzeko. Parisen eta Londresen ikasi zuen. Jardun profesionala Parisen hasi zuen, handik Ibizara joateko. Azken hiri honetan bizi izan zen urte luzez, Madrilen eta Bartzelonan izandako egonaldiak ahaztu gabe.
Donostiara etorri zen 80. hamarkadaren hasieran. Gaur egun hau da bere bizilekua. Klaseak eman izan ditu Errenteriako Arte Plastikoen Udal Tailerrean, 2002 urtean jubilatu zen arte.
Jaso dituen saririk garrantzitsuenak Urretxuko Hiria, Centenario Cajabadajoz eta Universidad de Plasencia izan dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoa Donostia Kutxak, Cajabadajozek, San Telmo Museoak, Donostia, Gasteiz, Errenteria, Pasaia zein Urretxuko Udalek erosi izan dizkiote arte lanak.
Erakusketa ikusgai egongo da apirilaren 23ra arte. Astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:30etara. Larunbatetan, berriz, goiz eta arratsaldez, 10:00etatik 13:30etara eta 16:30etatik 20:30etara. Igandeetan itxita egongo da.
Azpimarratzekoa ere bada, apirilaren 14an Jose Marik bisita gidatua egingo duela arratsaldeko 19:00etan, Kontarte izeneko ekimenaren barruan.
Bukatzeko, hona hemen Babab.com-en duela zenbait urte agertu zen elkarrizketa.