Ertza Artegunea: Berandu eta Ixuriak Ernest Lluch-Amarako kultur etxean
Martxoaren 10etik ikusgai dago Ernest Lluch-Amarako kultur etxearen erakusketa aretoan Berandu-Destiempo instalazioa. Martxoaren 17an, berriz, Ixuriak izeneko emanaldia eskainiko du Gaizka Sarasolak.
"Berandu-destiempo"ren abiapuntua Ricardo Vicente idazlearen testu bat da. Testu hori oinarri hartuta, 11 argazkilariei argazki bana eskatu zien Ertza Arteguneak. Beste 11 musikariek jaso zuten argazki horietako bana eta musikaren bidez interpretatu zuten. Argazkiak eta musika piezak "Berandu-destiempo" izeneko liburu-CDan jaso ziren. Esperimentazioa, bertako zein kanpoko artistak, argazkigintza eta musikaren uztarketak dira nagusi.
Hauek dira parte hartu duten argazkilariak: Jordi Bernadó, Anja Naumann, Jorge Llorella, Asier Larraza, Asier Gogortza, Xabier Ubeda, Mat Austin, Ima Paralux, Maria Irazoki, Iñaki Telletxea, Eñaut Agirre; musikariak: Fernan Irazoki, Mikel Irazoki, Soundcheck, Iñigo Telletxea, Beñardo Goietxe, Xabier Erkizia, Joseba Irazoki, Ibai Gogortza, Gaizka Sarasola, Maikel eta Xabi Iturria; testuak: Ricardo Vicente.
Liburu-CD-an jasotakoak erakusgai egon ziren Euskal Herriko zenbait herritan (Bera, Lesaka, Azkoitia eta Gasteiz). Esan bezala pasa den ostegunean inauguratu zen Donostian, hiru musikarik eginiko inprobisazio saioarekin: Maikel, Soundcheck eta Ibai Gogortza. Martxoaren 23a arte ikusgai.
Erakusketa ikusteko egun polita izan daiteke martxoaren 17a. Egun horretan, arratsaldeko 19:30etan, Gaizka Sarasola musikari lesakarrak "Ixuriak" emanaldia eskainiko du.
Emanaldia Xabier Erkizia eta Gaizka Sarasolak elkarlanean sorturiko izen bereko diskoaren ildotik joango da; kasu honetan, Gaizkak Iñigo Telletxea musikariaren laguntza izango du mendi eta txoko berexietako soinuekin jolas egiteko. Kanpoko soinu eta giro desberdinak ekarriko dituzte, hauen gainean musika sortzen joango direlarik, tradizioa eta esperimentazioa uztartuz doinu eta erritmoak giro desberdinekin harremanetan jarriz.
Bien bitartean, Mairu Antzerki Tailerrak, doinu eta giroek eragindako sentsazio, ideia eta oroitzapenetatik sortutako hitzak ikuslegoari helaraziko dizkio.
Saioa Erakusleihoa programaren barruan dator, arte adierazpen ezberdinak lotzen dituzten sortzaileek formatu txikiko ikuskizunak jendaurrean ezagutzera emateko 2004 urtean sortutako egitasmoa. Ekitaldia doakoa izango da.