Joxe Mari Lopetegi. Errepublikanoen bertsolaria
Politikoki, itxuraz, mugitua izango den urtea, Errepublika garaiko bertsolari baten bertsoak eta bizitza irakurriz hasi dut: Joxe Mari Lopetegi. Errepublikanoen bertsolaria, Joxean Elosegi itzultzaile eta zinegotzi ohi irundarrak moldatu duena. Lopetegi bertsolari eta zinegotzi irundarraren berri ez nuen, hala ere. Eta Elosegik eginiko bertso bildumak harritu eta harrapatu nau. Propaganda pixka bat egin beharko zaio, beraz.
1875ean jaio zen Joxe Mari Lopetegi Olaizola Irungo Santiago karrikako lehen etxean, azken gerra karlistaren amaieran. Herri euskalduna zen garai hartakoa, nahiz askok kontrakoa uste. Igeltsero eta kontratista lanetan jardun zuen, besteak beste, eta bertsolari politiko gisa definitzen du egileak. Udaleko zinegotzi errepublikanoa izan zen 1912-1921 bitartean, baita errepublikanoen mitinetako bertsolari ofiziala Gipuzkoan eta Nafarroako iparraldean 1931tik 1933ra ere.
1936ko uztailaren 18an 61 urte zituen Joxe Marik. Irailaren 4an, Hendaiara igaro zen, beste hainbat irundarrek egin zuten bezala. Handik Lannemezan herrira jo behar izan zuen. Naziak etorritakoan Baxenabarreko Amikuzera joan zen, Arrueta-Sarrikotara. Han hil zen 1942ko ekainaren 2an.
Hona hemen Elosegiren salaketa bat:
“Aho gaineko lotailupean eduki zuten frankistek Joxe Mari Lopetegiren izena eta Irungo herriak –hain saiatua tradizio batzuk gordetzerakoan, hain ezdeusa, utzia eta zabarra bere egiazko nortasuna zaintzerakoan- ez du jakin bere oroimen kolektibora ekartzen. Bitxia da, bestalde, susmagarria ez esateagatik, Joxe Mari Lopetegik inongo bertsolari-ikertzaileren arreta jaso izana, are bitxiago kontuan hartzen baditugu Txirritak eta Basarrik opatu zizkioten bertsoak. Kaletarra zen Lopetegi, egungo bertsolari gehienak bezala, ez baserritarra, eta apaizik gabe, gizarte duin baten ametsean bizi izan zen. Hori ote da isiltze horren arrazoia? Nekez aurkituko da historian zehar, Joxe Mari Lopetegi bezala bertsoen bitartez kausa politiko bati horren gartsurik atxiki zaion bertsolaririk, eta haren bertso jardunean gorabeherak nabariak diren arren, txarrik ezean ez dago bertso onik, liburuak egin zaizkion asko baino bertsolari hobea izan zela esango genuke beldurrik gabe”.
Liburua irakurtzeko gogoz? Ondo da ba. Halere, hona hemen zenbait lotura:
Donostian aurkeztu zuten liburua abenduaren 1ean eta Irunen abenduaren 22an.