Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / 2014ko uda Albaniatik barrena

2014ko uda Albaniatik barrena

Mikel Iturria 2017/05/01 16:40
Udako oporrak buruan izango ditu batek baino gehiagok eta asteburuan okurritu zait 2014ko oporretako hainbat apunte garbira pasatzea, baita garai hartan ateratako argazki batzuk argitaratzea ere. Albaniatik barrena, Italiara joan-etorri eginez. Denbora asko pasa da eta gauza batzuk jada ahaztuta dauzkat. Gomendio bakarra: bisitatu herrialdea!

Lankide batek galdegin zidan aurreko batean ea emango ote nion Albaniako oporraldiari buruzko informaziorik. Udaberri honetan bertara joateko asmoa dauka auto-karabanan. Garai hartan idatzitako hainbat ohar praktiko bidali nizkion, lauzpabost folio.

Esan bezala, asteburuan argazkiei begira egon naiz eta batzuk igo ditut Flickr-era (Italia-Albania 2014 albuma osatu dut).

Nondik nora

Abuztuaren 19an atera ginen Hondarribiko aireportutik eta irailaren 5ean bueltatu ginen.

Abuztuak 19: Hondarribia-Madril-Erroma (abioia).

Abuztuak 21: Erroma-Napoli (trena).

Abuztuak 22: Napoli-Bari (trena); Bari-Durres (ferry); Durres-Tirana (autobusez).

Abuztuak 24: Tirana-Fusha Kruja-Kruja-Tirana (autobusez)

Abuztuak 25: Tirana-Berat (minibusa edo taxi kolektiboa).

Abuztuak 26: Berat-Vlora (minibusa).

Abuztuak 28: Vlora-Gjirokastra-Saranda (alokatutako autoa).

Abuztuak 31: Saranda-Dhermi (autoa).

Irailak 2: Dhermi-Vlora (autoa) eta Vlora-Brindisi (ferry).

Irailak 3: Brindisi-Erroma (abioia).

Irailak 4: Erroma-Madril-Hondarribia (abioia).

Mapari begiratuz gero, ikusiko duzue Adriatikoaren kostaldetik ibili ginen, batez ere. Barrualdean ere bai, baina iparraldea eta ekialdea ukitu gabe.

Albania: ezaugarri nagusi batzuk

Alderdi honetan hobetzen ari banaiz ere, ez zait gehiegi gustatzen bidaiak prestatzea eta Albaniara joan aurretik apenas irakurri nuen zerbait. Hori bai, oporretan bertan egondako hiru lagunekin hitz egin nuen. Gaztelaniaz dagoen gida-liburu bakarra 2010-2011 urtekoa zen garai hartan eta ez genuen kontsultatu.

Hau Tiranatik pasa ondoren irakurri nuen eta interesgarria da: Tirana, una visita a la otra Europa.

Beste erreferentzia bat: Things to do in Albania.

Jendea oso abegikorra da, baina Vloran geundela hau gertatu zen: Albanian car bomb kills businessman. Oraindik ere iltzatuta dut gogoan nola begiratzen nion telebistari gosaltzen nuen bitartean. Hoteleko gainerako turistek ez zuten inolako kezkarik adierazten.

3 milioitik gora biztanle ditu jada eta populazioaren %55etik gora islamiarra da, 2011ko zentsuaren arabera (Religion in Albania).

Zergatik

Alde batetik, 2013-2014an inguruko hiru pertsonek aipatu zidaten Albaniara zihoazela oporretan. Horietako bi amarekin joan ziren, 70etik gora urteko andrezkoa. Denek oso gauza onak kontatu zizkidaten.

Dhermi, Albania.

Bestetik, 2006an-edo Greziako Korfu irlan izan nintzen. Egun batean, hondartzan, iluntzean jada, parez pare ikusten ziren argi batzuei erreparatu nien. Ea nongoak ziren galdetu eta esan zidaten hura Albania zela. Uste dut egun hartan bertan hartu nuela herrialdea bisitatzeko erabakia.

Futbola

Eibar-Reala: 2014/08/24

Futbolarekin lotuta dauzkat 2014ko egun haiek.

Alde batetik, Erroman geundela Athletic-eko jarraitzaileren bat edo beste ikusi nuelako. Napolitik atera ginenean, egun bat edo bi falta ziren bi taldeek Champions League txapelketan parte hartzeko aurretiko joaneko partida jokatzeko.

Bestetik, Tiranan ikusi nuen Eibarrek Espainiako Lehen Mailan jokatutako lehen partida: nire ekipoaren kontra, Realaren kontra. 1-0 irabazi zuten armaginek faltaz sartutako gol bati esker. George W. Bush kalean ikusi nuen.

Are gehiago, Krasnodar-eko desastrea Vlorako hotelean ikusi nuen, eraikineko wifi-tik tira eta ETBren app-ari esker patrikako telefonoan: 3-0 irabazi zuten errusiarrek eta txuri-urdinek ezin izan zuten Europa League jokatu.

Erdi gaixorik banengoen ere, eskerrak Sarandan enteratu nintzela behintzat 4-2 galdu zuela Real Madrid-ek Anoetan.

Rruga George W. Bush

Ez ginen abioiez iritsi Tiranara, baina badakit bertako aireportuaren izena Teresa Kalkutakoaren izena duela. Era berean, Joan Paulo II.ak kale bat dauka hiriburuan.

Baina niretzat harrigarriena izan zen ikustea George W. Bush-ek ere beste kale bat zuela. Ez hori bakarrik: Fusha-Kruja herrian haren izena daraman jatetxearekin egin genuen topo, herrian bertan altxatu zuten eskerrak emateko estatuatik gertu (Albanian town thanks George W. Bush with statue).

George W. Bush: estatua (Frushe-Kruja, Albania)

Garraiobideak

Nondik-nora atalean aipatu ditut erabilitako garraiobideak: abioiez Erromara, trenez Italiatik barrena, ferry-a Adriatikoa pasatzeko eta bueltatzeko, albaniarrek erabiltzen zituzten autobusak, taxi kolektiboak, turistei begirako taxiren bat edo beste.

Durres-Tirana: bus

Ez genuen autorik alokatzeko asmorik, baina Tiranatik Berat-era gertatutako gauza batek erabakiz aldatzera eraman ninduen. Bederatzi lagun gindoazen furgoneta batean. Nengoen tokitik, bigarren lerroan, autoaren abiadura ikusten nuen (120 bat kilometro orduko) txoferra telefonoz hizketan, ezker eskuan segapotoa, eta eskuin eskumuturrarekin ibilgailua gidatzen. Pentsatu nuen: agian hurrengo batean hobe da nik eramatea.

Hori bai, ez zen erraza izan Vloran (eta bada hiri handia eta turistikoa) autoa alokatzea: ez genuen autoak alokatzeko zerbitzurik aurkitzen. Flamurtari futbol taldearen estadio aldamenean, kaitik gertu atzeman genuen, azkenean, bulego bat. Kosta egin zitzaigun elkar ulertzea: neskak ez zuen ingelesez hitz egiten (oso ohikoa hau herrialdean), italieraz baietz baina ez zitzaion nabari. Sinatu nituen paperak eta emazteari esan bezala: "dena albanieraz zegoen, ez dut ezer ulertu, agian autoa erosi egin dut alokatu beharrean, ez dakit zer nolako asegurua dudan, badakit noiz entregatu behar dudan kotxea... eta erosi badut ere, ez didate kreditu-txartelik eskatu. Beraz, goazen fite hemendik!"

Bueltan ez ziren oso abegikorrak izan, diru gehiago (ez asko) eskatzen zidatelako, baina, tira, dena eramangarria. Ez dakidana da zer gertatuko litzatekeen matxura bat tarteko.

Vloratik Brindisira joaten bazarete ferryan, lotu taxia edo garraioa Brindisiko hotelekoekin. Gu 19:00ak aldera iritsi ginen Brindisira. Euria ari zuen eta apenas zegoen inor kaian (irudikatu Pasaiako portuan zaudela galduta eta Donostiako zentrora etorri behar duzula, dena ilun). 20 euro eskatzen zuten hotelekoek eta taxiak hori kobratu zigun. Aldiz, Brindisitik aireportura joateko, egun argiz ez dago problema handirik. Animatzen bazarete, trena ere badago Erromara. 8 bat ordu beharko dituzue.

Hotelak

Urteak dira bidaiatzeko booking.com gunea erabiltzen dugula eta Italian zein Albanian ez genuen batere arazorik izan.

Erroman Termini tren geltokiaren alboan (200 bat metrora) hartu genuen ostatu (bai bidaiaren hasieran, baita bueltakoan ere). Lehenengo hotela Hotel Nizza zen eta bigarrena Giglio Dell´Opera. Hotel oso funtzionalak, geltokitik gertu zeudela aukeratuak. Kontsulatu aipatu webguneko prezioak eta listo.  Fiuminicino aireportutik Erromara bi aukera nagusi: trena eta autobusa. Taxista batek 60 euro eskatu zizkigun geltokian.

Napolin hartu genuen hotela ez dut gomendatzen, kokapenagatik: Hotel Tiempo. Gaizki begiratu nuen eta ustez Stazione Centralen zegoela ulertu, baina poligono industrial batean dago, hirigunetik aparte, eta trena edo taxia beharrezkoak dira bertara joateko.

Royalbue Hotel, Dhermi, Albania

Tiranan lagun batzuk gomendatu ziguten Hotel Areela izenekoa, zentrotik oso gertu. Afaltzeko edo bazkaltzeko pare bat toki turistentzat: Vila Logoreci eta Era pizzeria. Baina inguruan toki asko dago.

Belgrad Mangalem hotelean egon ginen Berat-en. Familia batek kudeatzen du hotela eta gizonezkoak hurrengo egunean eraman gintuen, ezer kobratu gabe, autobus geltokira (Vlorara joateko). Hiru kilometro egin genituen eta jada autobusa bidean zen: autobusa aurreratu, gelditu eta prezioa itxi zuen txoferrak. Gizon on puska!

Epirus Hotelean egon ginen Sarandan. Esango nuke jabeak greziarrak zirela.

Dhermi-n greziar batzuen hotelean egon ginen: Royal Blue Hotel.

Diru-kontuak

Guretzat, euskaldunontzat, merkea da Albaniatik barrena ibiltzea.

Bari-tik Durres-era eraman gintuen ferry-a gaueko 23:00ak aldera ateratzekoa zen, baina beranduago irten ginen. Hiru bat konpainia daude eta billete bakoitzak 60 bat euro balio ditu.

Dirua aldatzeko erabili kanbio etxeak edo atera dirua kutxazainetan (6 eta 12 euro kobratu zizkigun dirua ateratzeagatik, komisioak, gure bankuak).

Bazkaria: tiketa

Lek-a da bertako moneta: euro 1 = 139 lek.

Durres eta Tirana arteko autobusa: 130 lek (eurotan pagatu nuen; seguruenik 5 euro eta tipoak bueltak bertako monetan eman zizkidan). 30 kilometroko tartea dago. Kaian taxistek 30 euro eskatzen zituzten.

Tiranan bertan hotelera joateko taxi bat hartu genuen eta 5 euro pagatu genituen.

Tiranako hotelaren prezioa: bikote baten prezioa, gaueko 30 euro, gosaria barne.

Hiriburuan kanpoko zerbeza (Heineken, Amstel...): 250 lek inguru; bertako zerbeza (Tirana, adibidez): 120-150 lek.

Espresso bat: 60/70 lek. Capuccinoa 100 bat lek.

Bazkari eta afariak: 2000-2500 lek-engatik jan dezakezue bi lagunek, ondo gainera. Udan gutxi jaten genuen eta hainbat bazkari eta otordu egin ditugu 1000 lek inguru pagatuta.

Tiranan bertan hotelean taxi bat eskatu genuen autobus gunera joateko. Taximetroa jarri zuen txoferrak: 550 lek.

9 laguneko furgoneta batean joan ginen Beratera. 2 ordu luzeko bidaia. Biona 1000 lek pagatu genuen.

Autoaren eguneko prezioa: 35 euro.

20 euro pagatuz gero badago aukera ferryan joateko Korfura (Greziako irla), Vlora-tik.

Argazkiak

Albumaren lotura bi andrezko horien irudian klik eginez gero. Ez dira beste munduko ezer, baina ideia bat egiteko balio dute.

Por Albania de vacaciones el verano de 2014, este apunte en castellano

Bonus tracks: hiru bideo kutre. Soinuak eta paisaje batzuk ikus-entzuteko.

Italia-Albania: 2014

etiketak: 2014, turismoa, albania, italia
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Stat counter