Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Blogak, plaza berriak

Blogak, plaza berriak

Mikel Iturria 2005/05/17 07:30

Pasa den astearte gauean, maiatzaren 10ean, jaso nuen Irutxuloko Hitza egunkariko Onintza Odriozola kazetariaren dei bat. Blogei buruz hitz egin nahi zuen nirekin. Donostiako blogariei buruzko artikulua egin gura omen zuen. Elkarrizketa telefonoz egin zidan asteazken eguerdian eta osteguneko zenbakiaren atzealdean agertu da.

Donostiako blogariak ea ezagutzen ote nituen galdetuta, ezetz esan nion. Euskal blogosferan ari diren zenbait blogari ezagutzen nituela, hori bai, baina blogari donostiarrik ez.

Ez dakit oso ondo adierazi ote nizkion gauzak kazetariari. Ordu laurdenez aritu ginen telefonoz eta ez dakit berak ez ote zuen ulertu blogari izateko komunitate batean egon beharra dagoela: ez, ez da beharrezkoa. Blogariak ez gara talde edo komunitate itxi batekoak. Kontrakoa esango nuke, gainera, plazara atera nahi dugun internautak gara eta besteen blogak irakurtzen ere makina denbora pasatzen dugu, inporta gabe zein sorotan dabiltzan.

Bloglines.com zer den saiatu nintzen adierazten. Ez da agertzen artikuluan: blogak jarraitzeko tresna da, norberak bere iturriak irakurtzeko. Hau da, gustuko ditudan blogetan arakatzen aritu ordez mezu berrien bila, Bloglines.com jario biltzailean emana dut izena eta bertan gustuko ditudan nire iturriak gehitu ditut. Publikoak dira iturri horiek eta hemen daude.

Ordenagailuan dut programa txiki bat eta berak abisatzen nau nik aukeratutako blogen artean ordu erdiro (edo orduro) blogari horiek notizia berriak kargatu ote dituzten. Norberak aukeratzen du gero mezu horiek irakurri edo ez irakurri, ezabatu edo beranduago kontsultatu.

Euskarazko blogosfera jarraitzeko tresna egokia da Aurki.com betikoan sortu berria den Jarioa.

Irutxuloko Hitzako artikuluan beste bi blogari aipatzen ditu Onintzak: Xabier Mendiguren Elizegi eta Patxitrapero. Mendiguren editore eta idazle gisa da ezagunago, baina Trapero udaltzaina zela ez nekien. Hau bai elementoa!

Artikulua ezin da sarean aurkitu eta, beraz, nik kopiatuko dut hemen azpian.

Oharra: Honaino 19 aldiz aipatu dut blog hitza. Errekorra.

Beste ohar bat: blogari izateko ez da teknofilo izan behar. Bi adibide artikuluan: Mendiguren eta ni neu.

Blogak, plaza berriak

Blogak, norberak bere intereseko gaiez idazteko eta iritziak elkartrukatzeko aukera ematen dute

Blogak "plaza berriak" direla idatzi zuen Anjel Lertxundik Berrian. Mikel Iturria bat dator definizio horrekin. Ernest Lluch kultur etxeko zuzendaria da eta blog propioa du. Gertatzen zaizkion gauzez edota irakurri eta ikusi dituen kontuez idazten du bertan Iturriak.

Teknologia berriek dakarten tresna baliagarria da blogena. Informazioa nahi den unean web orri batean argitaratzekoa aukera eamten dute. "Bloga medio bat da, esan edo idatzi nahi dizuna Interneten jartzeko. Bakoitzak erabilera propioa ematen dio tresna horri, norberak bere kontuez hitz egiten du", azaldu dio Iturriak IRUTXULOKO HITZAri.

"Plaza berriak". Izan ere, beste blogariekin harremanetan egoteko guneak dira, honetaz eta hartaz hitz egiteko txokoak. Iturriaren hitzetan, blogaren bidez gizartean sentitzen da bera, munduan; plaza batean.

Gipuzkoan euskarazko bi blog komuninate aipatu dizkigu: 2004ko uztailean zuten eibar.org eta aurtengo otsailean jaio berri den goiena.net. EHUk eta Deustuko Unibertsitateak ere badituzte ikasleek osatutako blog komunitateak. Euskal blogosfera oso berria dela nabarmendu du Iturriak.

Xabier Mendiguren Elizegik, beasaindarra den arren, Donostian egiten du lan azken 17 urteotan. "Filologoa da formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz"; horrela aurkezten du bere burua Egunen harian berak eginiko blogean.

Ia egunero idazten du Mendigurenek ere. Teknologia berrietan "ezgauza" dela dioen arren, etengabe berritzen du Interneteko bere txokoa. Literaturaz, zinemaz, eguneroko lanaz edota gertakariez idazten du; norberaren bizitzarekin lotura egiten saiatzen da beti. "Pertsona garen neurrian interesatzen zaizkigun kontuez hitz egiten dut", esan dio IRUTXULOKO HITZAri.

Euskarazko blogetaz galdetuta, aukera polita dagoela esan digu Mendigurenek. "Aukera mordoxka dago. Batzuk oso gomendagarriak dira, politak, biziak eta interesgarriak", azaldu du. Patxitraperoren bloga aipatu digu adibide gisa. Aisialdian irudimena eta umorea Interneteko Patxitrapero blogean husten duen udaltzaina da Patxi.

Literatura, zinema, eguneroko bitxikeriak... Donostiak ere badu tokirik gune horietan. Bidaiarien blogetan agertzen da batez ere.

Berria da euskal blogosfera, baina zabalduz doa. Blogariek esan digutenez, teknofiloa izan gabe ere, oso erraza da blogak maneiatu eta erabiltzea. Beraz, esateko zerbait duen edonor ausartu daiteke blog hauetako batekin.

etiketak: Sareko harrikadak
Patxi
Patxi dio:
2005/05/18 01:42

Izurrai erromantizismoa!

Nostalgiaz gogoratuko ditut hasierako garaiak, nun edozein lanbiderekin lotzen ninduten, baita Haziendako goi-funtzionario ere, pentsatuta zegoen bat! (ze ilusioa, haizendako goi-funtzionario...)

Mezu borobil eta argigarria Mikel, blogei buruz zerbait jakin nahi duenarentzat.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Stat counter