Catalunya (III): Josep Pla homelot-a
Josep Pla idazleak ere izan zuen bere alde iluna. Francoren zerbitzu sekretuekin kolaboratu zuela diote. Manuel Aznar, José Maríaren aitona, Diario Vasco egunkariko zuzendari izendatu berri zela, tropa frankistak Donostian sartu ondoren, Gipuzkoan egon omen zen lanean Palafrugell-eko idazlea.
Hala ere, Josep Pla maite dut 1997 edo 1998 urte inguruan Cuaderno gris irakurri nuenetik. 20-21 urte zituenean idatzitakoa zela uste nuen. Eta hala da, baina Plak berridatzi zituen zenbait gauza 60. hamarkadan inprentara eraman aurretik.
Badakizue zer gertatzen den batzutan, bertan egon baina ez daukazu gogorik toki bat ikusteko. Hori gertatu zen 1998an: ez genuen Josep Pla-ren jaiotetxea bisitatu, nahiz eta astebete pasa Palafrugell herrian. 60 bat kilometro egin ditugu oraingoan bertara joateko.
Josep Pla fundazioak kudeatzen du etxea. Txirrina jo behar izan genuen, arratsaldeko 19:00etan ez baitzegoen bisitaririk. Ireki egin ziguten atea eta etxea barrutik ikusterik izan genuen.
Pla 1897 urtean jaio zen herri horretan eta 1989 urtean hil egin zen inguruan. Bitartean hamaika artikulu eta liburu idatzi zituen. Uste dut bere obra 46 liburukitan jasota dagoela, katalanez.
Etxeak hiru pisu ditu. Paretetan itsatsitako zenbait paneletan idazlearen bizitzako pasadizorik garrantzitsuenak kontatzen dizkigute. Ikus-entzunezkoak ere botatzen dituzte, adibidez, 70. hamarkadan TVEn Pla-ri eginiko elkarrizketa.
Liburutegia ere badago etxean. Ez nintzen ausartu liburu haiek ukitzen: literatura espainiarra, katalana, frantsesa, ingelesa, filologia liburuak, etab.
Gero, sarreran hiru liburu erosi nituen eta haiek kotxean sartu ondoren, Pla solasean egoten zen tabernan egon ginen, Café Fraternalean. Denak gizonezkoak arratsaldeko 20:00etan, badira inoiz aldatuko ez diren tradizioak.
Jarraipena izango du?
Sarean Pla-ri buruz topatu ditudan zenbait gune:
Escriptors webgunean azaltzen den aipamena
Pla-ren ohar biografikoa gazteleraz
La Vanguardia egunkariak eginiko espeziala, 20 urte Pla-rik gabe, gazteleraz uste dut edozeinek ikus dezakeela; hala ere, debaldekoa da erregistroa eta azken zazpi eguneko aleak kontsulta daitezke.
El País egunkarian ageri den beste aipamena, gazteleraz gune honetan ere ordaindu beharra dago, baina esteka hau librea da.
Vázquez Montalbán-ek idatzitakoa País Semanalean, hildako idazlearen webgunean