Alfonsina
Alfonsina Morini Italiako nekazarien familia batean jaio zen, 1891n. Imajinatu garai hura, Italian edo beste edonon, eta imajinatu emakume bat, Alfonsina izenekoa adibidez, emakume bati "ez zegozkion" gauzak egiten. Esate baterako, bizikletan ibiltzen. Ez: emakume bati zegokion moduan, Alfonsina Morini ezkondu egin zen. Eta, zegokion moduan, senarraren abizena hartu zuen, Strada, Alfonsina Strada.
Baina bizikletan ibiltzea gustatzen zitzaion, eta 1924an, 33 urte betetzear zituela, Italiako Giroko irteeran agertu zen, parte hartu nahi zuela esanez. Alfonsina Stradak, edo Morinik, Alfonsinak azken batean, txirrindularitzaren historiako pasarterik hunkigarrienetakoa idatzi zuen, baina sekula ez da agertuko ziklismoaren balentria handien artean, epikaren galerian.
1924ko Italiako Giroa 12 etapaz zegoen osatua: etapa bakoitzak, batez beste, 300 kilometrotik gora zituen: laburrena 230 kilometrokoa zen, luzeena 415ekoa. Arinen amaitu zuten etapan 9 ordu pasatu zituzten bizikletaren gainean, baina 18 orduko etapak ere egon ziren. Astakeria galanta izan arren, Alfonsina ez zen ikaratu: Milango irteera hartan, gizon guztiekin batera abiatu zen, errepide alboan zegoen jendetzaren irainen artean. Ezaguna egiten zaigu egoera, oraindik ere, 81 urte pasatu ostean, ezagunegia zoritxarrez.
Lehenengo etapan ez zen azkena heldu, bigarrenean ere ez eta hirugarrenean ere ez. Seigarrenean bai, orduantxe heldu zen azkena, aurreneko aldiz. Gizonen aurretik zebilen beti, eta hori ez zen posible: zortzigarren etaparen ostean, antolatzaileek erabaki zuten lasterketatik kanpo utzi behar zutela, "irregulartasunengatik", kontzeptu hori gehiago zehaztu gabe. Alfonsinak protesta egin zuen, baina alferrik: ez zioten parte hartzen utzi. Mina, adorea, amorrua, nortasuna... nahastu egin ziren Deabrua gonekin deitzen zuten emakume harengan, eta erabaki zuen aurretik geratzen ziren etapa guztiak korrituko zituela, lasterketatik kanpo bazen ere. Eta halaxe egin zuen, eta gizonezko asko baino lehenago iritsi zen azken helmugara, dena amorrua, dena nortasuna. Urte hartan Giuseppe Enricik irabazi zuen Giroa, baina Alfonsina Morinik, Alfonsina Stradak, Alfonsinak irabazi zuen Giroa.
Eta gaur, 81 urte eta gero, egoera batzuk oraindik ezagunegiak zaizkigun honetan, Joane Somarriba bigarren geratu da, Nicole Brandliren atzetik, emakumeen Italiako Giroan. Begi guztiak Tourrera begira dauden honetan, Tourra baino existitzen ez denean, gaur, Ramon eta biok Alfonsina gara, eta Joane, eta Nicole; gaur ere bai.
Euskal munstroaren bazka
Ramon mututu egin da bat-batean. Hogeiko hamarkadako istorio bat kontatzen ari zitzaidan, eta esan dit zelan garai hartako Tour batean, inork ezer susmatu barik, transexual batek ematen zizkiela loreak eta muxuak irabazleei, "gizon bat baina emakume bihurtuta" azaldu dit badaezpadan. Eta kafearen azken hondarrak irentsi eta segituan esan dit inor ez zela horretaz konturatu, harik eta, halako batean, etapa irabazi zuen ziklista batek oherako gonbita egin zion arte: "ez dakizu muxuen unean azafatek zelan egiten duten berba ziklista irabazlearekin? Bada, orduantxe proposatu zion". Zelan ez, gehiago jakin nahi izan dut, baina gure esperantza zuriak, Vinokourovek, erasoa jo du Schlucht mendian gora, eta Ramon urduritu eta mututu egin da kolpean, eta galdetu diot "ohera joan ziren?", eta Ramonek buruarekin baietz egin du, baina ez dut uste entzun didanik. Ordurako Alemaniako lurretan zebilen, Schluchteko maldetako jendetzaren artean galduta, indarra eginez barraren atzetik. Eta poztu da, igarri egin zaio, eta barraren kontra kolpe bat jo eta satisfazio oihu bat bota du, Vinokourovek bat, bi eta hiru aldiz jo duenean erasoa, eta gero Klodenek aurrera egin duenean eta Armstrong talde barik ikusi duenean.
Alemaniako etapak eredugarriak ari dira izaten, hainbeste jende bazterretan. Ikusleen zein ikuskizunaren aldetik, Tourra bertan berpiztu da, eta Ramonek dio euskaldunok autobusak antolatu beharko genituzkeela, baina ez guretzako, ezpada Alemaniara joan, hango jendea autobusetan sartu eta denak eramateko Alpe eta Pirinioetara, guk baino gehiago merezi dutelako. Dio, berari aukeran emango baliote Mayok podiuma zapaltzea edo Armstrong ez den norbaitek Tourra irabaztea, bigarrena hartuko lukeela duda barik, eta horretarako, kolore laranja beharrean, arrosa ikusi behar dela mendateetan. "Hombre...", esan diot, baina barran kolpe bat jota amaitu du eztabaida.
Gero, irratian iragarki bat entzun dugu: Euskal Herriko zaleei eskatzen zitzaien animatzera joateko Pirinioetara, ez iraintzera. Eta pentsatu dut ondo dagoela hori eskatzea, baina, era berean, pentsatu dut fanatismoaren errua ez ote daukaten laranja gure kolore bakarra dela saldu digutenek, edo, adibidez, Zubeldia Beloki baino euskaldunagoa dela saldu digutenek, eta kolore laranjaren garaipena ez den beste edozer euskaldunon porrota dela saldu digutenek. Errua ez ote daukan munstroa sortu duenak, ze, badakigu, zaleei bazka merkea ematen bazaie, zale onak sortuko dira, baina txarrak ere bai, eta gehiago akaso.
Paris-Bilbo-Karlsruhe
"Akabo!", egin du oihu Ramonek, Karlsruhera bidean zihoan tropela trenbidearen gainetik pasatu eta ziklistek lurra jo dutenean. Esan diot egoteko lasai, ez dela ezer gertatu, baina Ramonen ardura ez zen hori, trenbidearen existentzia bera baizik. Kontua da, duela gutxi arte, bazegoela gure inguruan bolo-bolo zebilen kontu bat, kondaira urbanoa akaso, zioena Paristik Bilborako bidean pasoanibel bakarra zegoela: Zornotzan. Harrigarri samarra izan arren, nik, artean gaztea, uste nuen posible zela, betiere Paristik Bilbora joateko hartzen zen bidearen arabera. Lotsagarria zela esaten zen, ea noren buruan sartzen zen horrelako astakeria urbanistiko bat, "ze, imajinatu", zioten zaharrek, "egunen batean antolatzen badute Paris-Bilbo karrera, hortik pasatuko dira, eta orduan adios". Eta, zaharrei kasu egiteagatik (ondo merezia daukat, beraz), gaztaroa pasatu nuen Paris-Bilbo karrera noiz antolatuko zuten zain, alferrik.
Eta horregatik egin du oihu Ramonek, gure buruetan urte luzez bizi izan den kondaira urbano sendoenetako bat lurrera ziplo erori delako, ikustean Paris baino harago ere, Karlsruhe bezalako izen potoloa duten hirietatik hurbil, badaudela pasoanibelak. Paristik Bilborako bidean, Zornotzakotik aparte, horrelako besterik dagoen ez da sekula ikertu; baina Ramonek barre egin du, ikusita guri eskatzen zitzaigun europartasunaren ezaugarrietako bat, trenbideek errepidea ez zeharkatzearena alegia, ez dela Europako bihotzean betetzen. Eta, barregarriagoa dena, Tourreko antolatzaileak ez direla asko arduratu oztopo hori hor egoteagatik. Eta Ramonek burua mugitu du ezker-eskuin, "galiar eta germaniar hauek jota daude" esanez bezala.
Bada, trenbidea pasatu ostean, Ramonek esan dit "gola sartu dio Armstrongek Ullrichi", ikusita amerikarrak, Azevedo taldekidearekin, tropeletik aurreratu egin dela trenbidera heldu baino lehen, bazekielako erorketak egon zitezkeela. Texaskoaren perfekzioa horraino heltzen da, mapa zehatz aztertu eta oztopo guztiak aurreikusteraino. Ullrich lasaiagoa da, lider eskasagoa: Altigek, aspaldiko ziklista handiak, esan berri du Ullrichek Armstrongen gogo berarekin korrituko balu, amerikarrak ez lituzkeela sei Tour izango. T-Mobileko managerra den Godefrootek, berriz, esan du alemaniarra ez dagoela irabaztearekin obsesionatuta, eta horrek galtzen duela. Eta Ramonek, hirugarren adituak, dio Vinokourovek baduela lider-sena, eta asteartetik aurrera "Vinokourov tortillak" jango ditugula, hori-horiak. Tutatisek entzungo ahal ditu gure erreguak!
Ihesaldiak neurtzeko moduak
Hogei urte ez dela ezer dio kantuak, baina egin hogei urte ihesean, bizikleta gainean edo ezkutuan baina hogei urte, zu baino ankerragoa den zerbaiti edo norbaiti ihes eginez, orpoak jaten ari zaizkizun tropelari adibidez. Galdetu Christophe Mengini bestela, zer den 15 kilometroz ihes egitea. Edo galdetu Joseba Sarrionandiari, zer den hogei urtez ihes egitea.
"Gaurko etapan izan behar du", esan dit Ramonek, "derrigor. Inoiz izatekotan, gaur". Ramoni ez zaizkio esprintak gustatzen: esprinta datorrela ikusita, sukaldera ere sartu izan da, ez ikusteko. Eta dio etapa azken metroetan erabakitzearen kontu hori ez dela ziklismoa, boxeoa baizik. Inoiz gelditu izan da barran esprinten bat ikustera, batez ere zorua bustita dagoenean eta tropelean nerbioak usaindu dituenean, eta sekulako algarak egiten ditu erorketaren bat dagoenean, Zabriskierenean izan ezik, jakina. Esprintak ez zaizkio gustatzen: Ramonek ihesak ditu maite, ahal dela binakakoak. Eta horrelakoetan, gehien gustatzen zaion ziklista Salvatore Commesso da, oraindik gogoan duelako duela bost edo sei urteko Tourrean, "uste dut Serpelliniren kontra", zelan irabazi zuen Commessok etapa bat, bi karreristak ia-ia oinak lurrean zituztela, helmugara heltzeko ehun metroren faltan oraindik elkarri begira zeudelako, astiro-astiro biak helmugarantz, ia geldi, azken marrara arte zelatan.
Ihesaldiak angustiaren irudia dira, batez ere segundotan neurtzen direnean. Eta "gaurko etapan izan behar du" bota didanean, egunkariaren azala erakutsi dit, eta ikusi dut hogei urte bete direla Sarrik eta Pitik ihes egin zutela Martutenetik, zapi gorria zeruan. Horrelako ihesaldietan, tropelarekiko aldea urtetan neurtzen da, ez minutu edo segundotan. Eta hogei urteko aldea darama Sarrionandiak, eta ez dirudi harrapatuko dutenik, helmugara helduko da, fresko doa, esprinterren taldeek ez dute erreakzionatu, ez da Euskaltelik sartu ihesaldian. Sarrionandiak Euskaltel zer den ere ez daki. "Gutxiago sufrituko du", dio Ramonek.
Eta telebistan, Christophe Mengin ihes eginda, ez dute harrapatuko, badirudi helduko dela. Ramonek eta biok indar egin dugu, heldu dadin, gainean duen tropelak jan ez dezan. Baina Tour honetan gure ilusioek lurretik irristaka joateko ohitura hartu dute, eta Mengin ere halaxe joan da, Domeqen zezenetako bat bezala Mercaderes eta Estafeta artean. Ziklismoa bizitzaren metafora dela sarri-sarri esaten da, baina eskerrak bizitzan, benetakoan, ihesaldiak urteka zenbatzen diren. Eta ez dute harrapatuko, helmugara helduko da.
Zergatietarako zirrikituak
Ramoni galdetu diot ea noiztik duen taberna. Erantzun dit alderantziz dela, tabernak daukala bera, eta ez berak taberna. "Jode, Ramon", esan diot, eta berak "aspalditik" erantzun dit, beste daturik gabe. Trukean, izen bat eman dit: "egin kontu, Jean Stablinski ere pasatu da hemendik". Gero zain geratu da, ea ze aurpegi jarriko nuen, baina Stablinski haren izena entzuten nuen lehen aldia zen. "Zer zen, trapezista?", galdetu diot azkenean, eta sukaldera sartu da minutu pare batez. Bueltan, maillot gorri-zuri-urdin bat ekarri dit: Saint Raphael jartzen zuen goian, Gitane erdian eta Campagnolo behean. Maillotaren besoetako batean, sinadura bat, denborarekin erdi joanda zegoena. "Anquetilen azken Tourrekoa", esan dit Ramonek, "Poulidorri 55 segundoko aldearekin irabazi zionekoa".
1964an irabazi zuen azken Tourra Anquetilek, guztira bost lortuta: fuerte hasi zen lehenengo Tourrean, 1957an, ia 15 minutuko aldea atereaz bigarrenari. Makalxeago baina sendo bigarrenean, 12 minutuko errentarekin; kaskarrago hirugarrenean, ia 5 minutuko lasaitasunarekin; larri antzean laugarrenean, Bahamontesi 3 minutu eta piku kenduta. Arnas estu batean ibili zen bosgarrenean, Poulidorren arnasa kolkoan zuela beti.
Mailloteko sinadura irakurtzen saiatu naiz, Jean Stablinski. "Anquetilen bost Tour haietan egon zen ziklista bakarra", azaldu dit Ramonek. Hogeita zortzi karrerista erabili zituen bost Tourrak irabazteko, baina Stablinski, hortz itsusiko eta belarri handiko gizon hura, beti han izan zuen. Lanerako baino ez zegoen, eta, hala ere, ez zen edonor: Espainiako Vuelta, munduko txapelketa eta Amstel Gold Race irabazi zituen, beste lasterketa askoren artean.
Ramon barrara hurbildu eta, isilka, galdetu dit: "zergatik?". Ez du besterik esan. Zergatik dena irabazteko gai den gizon batek erabakitzen du liderraren itzalpean jarraitu behar duela, zergatik sakrifikatu norberaren etorkizuneko ospea, inori ospea lortzen laguntzeko? "Zergatik?" galdetu dit, eta, pentsatuz berak izango zuela horren erantzuna, nik ere galdetu diot: "zergatik?". Eta sorbaldak altxatu ditu, eta Merckxen alboan egondako Frans Mintjens, Jozef Spruyt eta Victor Van Schil aipatu ditu gero, eta Hinaulten alboan egondako Lucien Didier, eta Indurainen alboan egondako Marino Alonso, eta berriro telebistari begira jarri garenean, George Hincapie ikusi dugu Armstrongi erreleboa ematen, aurreko sei Tourretan egin duen moduan. Eta hantxe, begien parean, inoizko aguadorerik onenetakoa ikusi dugu, zergatietarako zirrikiturik utzi gabe.
Zoritxarrak badu izenik
Horrela esan dit Ramonek etapa amaieran, zoritxarrak badu izenik. Orain arte ere izango zuen izenen bat edo gehiago, baina gaur, Ramonen tabernan, izen bakarra hartu du zoritxarrak: David Zabriskie. Ez dut ezkutatuko: Ramon eta biok gero eta gehiago gara Zabriskieren aldekoak. Irabazlearen aldekoak izatea erraza dela esango didazue, ez daukala meriturik. Egia: kontua da, momentuz, Zabriskie ez dela irabazlea. Irabazle bakarra nor den badakigu, eta ez du zulaturik izaten, ez da jausten, ez da hozten, ez da berotzen, ez da konfunditzen. Tourrean bero sapa egin dezan, jarriak ditu Ramonek hiru kandela, baina alferrik. Ez dago modurik. Ramonek dio helmugan Sheryl Crow zain dagoela jakinda, bera ere lehenengoa izango litzatekeela heltzen, baina Ramon lehenengoa helduta ere Sheryl ez litzateke berarekin fijatuko. Horretan ere suertea du Texaskoak. Kontua da Zabriskieren aldekoak garela orain. Giroan ere, 45 kilometroko erlojuaren kontrako hartan, Ramonek eta biok elkarri begiratu genion keinu konplizez, artean ezezaguna zitzaigun amerikar hark aise irabazi zuenean; baina hura keinu bat baino ez zen izan. Larunbatean, bazirudienean Armstrongen azken erregetza lehenengo egunetik azkenera artekoa izango zela, Zabriskie agertu zen berriro, eta Ramonek trago bat atera zidan nik eskatu barik, eta gero tortilla pintxo bat, larunbat goizean egindakoa eta eguerdiko txikiteroen tabakoa zurrupatutakoa, baina tortilla pintxoa hala ere.
Eta hurrengo goizean, hara non, Ramonek barra osoa zeukan tortillaz beteta, baina ez beti egin ohi duen tortilla sinple hori, legea betetze aldera huevinaz egindakoa, ezpada beste bat, horiagoa, maillotagoa, benetako arrautzekin egindakoa, ilegalagoa beraz, eta barrutik gazta hori-horia zeukana irteten, erdi urtuta. "Zabriskie" izena jarri zion, eta tortilla horia jaten pasatu genuen igandea, astelehena eta gaur, asteartea, harik eta hondamendia tortillaz betetako barraraino heldu den arte, Zabriskiek, gure tortillaren alma materrak, laban egin duen arte. Justu tortilla zati bat nengoen irensten, eta ozta-ozta libratu naiz kontrako eztarrira pasatzetik. Orduan esan du Ramonek hori, zoritxarrak badu izenik, eta nik azkenekoz begiratu diot tortillaz betetako barrari, bihar ez baita horrelakorik egongo. Eta gero ikusi dugu Zabriskie erdi negarrez helmugara heltzen, eta Ramonek edalontzi bat jaurti du ormaren kontra eta mila zati egin da.
Galdetu diot: "Eta orain zer, Ramon?", eta erantzun dit: "lasai, nik batuko dut". Baina ni Tourrari buruz ari nintzen.
Izan zitekeena eta ez dena
Tabernara sartu naizenean, sailkapenei begira topatu dut Ramon, Armstrong arrabolean dabilenean bezain kontzentratuta. Etsipenez altxatu du begirada: "Harrapatu gaituzte", esan dit, eta botila baten bila makurtu da barraren azpian, etsipena nonbaiten ezkutatzeko. Berriro agertu denean, egunkaria eman eta sailkapen orokorra erakutsi dit. Boligrafoz markatuta zituen Zabriskie, Armstrong, Hincapie, Landis, Julich eta Leipheimer izenak. "Badakizu ze egun den gaur?", galdetu dit. Horrelako galderak egiten dituenean ez zaio erantzun behar, berak galdetu eta berak erantzutearen jokoa gustatzen zaio eta: "uztailaren 4a", argitu dit, eta boligrafoz markatutako ziklistak seinalatu ditu.
Ramonen iritziz, euskaldunok garai batean genuen kastaren lekukoa amerikarrek hartu dute. Duela gutxi deskubritu zuten txirrindularitza, baina dagoeneko konkistatu gaituzte, "kastarekin", esan du Ramonek. Kastarekin eta, oso ezaugarri amerikarra, zailtasunei aurre eginez. Lehenengo zailtasuna, orokorrena, ziklismoa ez dela batere kirol ezaguna itsasoz bestaldean. Bigarren zailtasuna, pertsonalagoa, Tourreko lider izan diren amerikarrek gainditu dutena: LeMondek tiro bat jaso zuen ehizan zebilela; elbarri gera zitekeen, baina ondoren beste Tour bi irabazi zituen. Armstrongek minbizia gainditu eta sei (zazpi) Tour irabazi ditu. Zabriskiek, maillot horia jantzi duen hirugarren amerikarrak, istripu bat izan zuen duela urte bi eta gurpildun aulkian geratzeko zorian egon zen. Medikuek ere ezin dute ulertu zelan lortu duen berriro ibiltzen hastea. Edo, zelan ahaztu, duela urte biko Tourrean, Hamiltonek Baionan amaitzen zen etapa irabazi zuenekoa, lepauztaia apurtuta zuela. Edo, 1988ko Giroan, Gavia elurtuan gora, Andy Hampsteni deabrua bera agertu omen zitzaionekoa.
Amerikarrei gustatzen zaie izan zitekeen eta izan ez den tragedia imajinatzea. Gustatzen zaie, estatubatuarren izaera sinbolikoa horixe delako, bizitza berriari ekitea. Baina nago, guk ere, ez ote diegun gero eta gehiago begiratzen izan zitezkeen eta izan ez diren tragedia horiei. Besteen bizitzetako bidegurutzeak maite ditugu: ze bide hartu? Zeinek eramango gaitu garaipenera eta zeinek tragediara? Karotidatik zenbat milimetrotara geratuko gara, hartutako erabakiaren arabera? Gustatzen zaigu iraganaren bidezidorrekin jolasean aritzea. Hau hiltzeko puntuan egon zen, honek suizidatu nahi izan zuen baina bala trabatu egin zitzaion, hark bizikleta bat aurkitu eta ziklista bihurtu zen. Bai: uztailaren 4a, gero eta gehiago, denon eguna da.
Bat eta zero, dio Ramonek
Ramonek dio ziklista hauek politikariak bezala ari direla. Dio politikariek jada ez dutela politikarik egiten, telebistako showa baizik. Politika egitea da, hori dio berak, mahai baten inguruan elkartu eta eztabaidan aritzea, baina orain Raxoik kameren bitartez botatzen dizkio mezuak Zapaterori, eta Zapaterok kameren bitartez erantzuten dio, hori dio Ramonek. Ez zaio arrazoirik falta. Eta ziklistak antzera dabiltza, dio Tourra ikustera joaten naizen tabernako ugazabak.
Esan dit zelan lehen, kontrarioari beldurra sartzeko, Tourra baino lehenago ekin behar zeniola, aurretik Vuelta eta Giroa irabaziz adibidez (duela gutxi arte Vuelta baitzen hiruretatik jokatzen zen lehenengoa). Gogoan du Lonbardiako Giro baten aurretik italiar karrerista bi zirela lasterketa irabazteko hautagai nagusiak (izenak ere aipatu dizkit, baina hasieran Marco Garduccio zena gero Andrea Hof bihurtzen zen, eta horrela etengabe), biak ere sekulako denboraldia egiten ari zirenak, elkarren inbidiarik ez izateko modukoak. Eraso psikologikoari ekin zioten, beraz: bata bonboiak hasi zitzaion bidaltzen bestearen emazteari. Bigarrena, berriz, egunero hasi zen joaten bazkaltzera bestearen amaren etxera. Amorratuta eta jelosiak jota heldu ziren Lonbardiako Giroaren hasierara. Etapa guztietan, bataren erasora irteten zen bestea, eta bestearenera bata. Hain ibili ziren elkarren zelatan, azkenean ez baitzuen euretako batek ere irabazi: bigarren eta hirugarren geratu ziren, hurrenez hurren. Hori bai: denbora berean berdinduta. “Bueno”, esan dit Ramonek, “uste dut horrela izan zela”.
Kontuak kontu, Ramonek dio aurtengoak bezalako eraso psikologiko estrainiorik ez duela sekula ikusi: lehenengo, liztorrak zirikatuta, Armstrong lurrera jausi zen. Begia ubelduta agertu zen gero, esanez inoiz baino indartsuago zegoela. Ullrich kikiltzeko modua omen zen. Baina eraso psikologikoak ez ziren hor geratu: Tourra hasi baino egun bat lehenago, Ullrich bere taldeko kotxearen atzetik entrenatzen zihoala, kamioi baten erruz kotxeak nahi baino bortitzago frenatu behar izan zuen, eta Ullrich kotxearen atzeko leihotik sartu zen. Ospitalera zaurituta eraman zuten arren, saman tirita soil batekin irten zen, txantxarako gogoz. Ebaki hura, ordea, karotida arteriatik hiru milimetrora geratu zitzaion, eta Ramonek dio hori eraso psikologiko ona izan zela, heriotzatik hiru milimetrora geratzea eta liztor batek heltzea ez delako gauza bera. Eta dio, errepidetik kanpoko lehiaketan, Ullrich bat eta zero ari zaiola irabazten Armstrongi.
Ramonen tabernatik
Ez neukan hau egiteko asmorik. Tourraren inguruan neukan asmo bakarra zen Euskadi Irratian astelehenero komentario txiki bat egitea Arratsaldekoa saioan, eta ikusle soil gisa gozatzea Armstrongen zazpigarrenarekin.
Baina atzo arrastian Berriatik deitu eta egunero zutabe bat idazteko eskatu zidaten. Eta nik ezin diet ezetz esan. Alderantziz: pozez beteta esan diet baietz, aspaldiko ilusioa egia bihurtzeko aukera eman didate eta.
Herenegun jakin nuen txirrindularitzari buruzko bloga sortu zutela Goienaren gunean, eta ederra iruditu zitzaidan, kolaboratzaile onekin eta eduki gozagarriekin. Gogotsu nengoen, etapa ikusi ostean, blog horretako komentarioak irakurtzeko.
Eurekin inongo lehia sortzeko gogo barik, beraz, hemen ere aurkituko duzue Tourraren gaineko begirada bat, subjektiboa eta ezjakina, zoroa eta siesta usainekoa. Ramonen tabernara jaitsi eta handik kontatuko dut Tourra.
Bihartik aurrera, astelehenetan izan ezik.
Kakatik eta urretik
Ez dira makalak iparramerikar hauek.
Duela urte gutxira arte, Ipar Amerikan ez zekiten txirrindularitza existitzen zenik ere. Gero Greg LeMond etorri zen, 1986, 1989 eta 1990ean Tourra irabazi zuen, eta orduan hasi ziren konturatzen.
Orain, Lance Armstrong etorri da (tira, orain, jada, joateko puntuan dago). Sei Tour irabazi ditu, eta zazpigarrena irabazteko bidea bihar hasiko du. Sekulakoa da egiteko puntuan dagoena.
Eta itsasoz bestaldean, jakina, konturatu dira horrek daukan tiradizoarekin, eta enpresa ugari sartu dira negozioan (Armstrongen taldearen babesle nagusia Discovery Chanel bada ere, alboan ditu Nike, Trek, PowerBar, Subaru, Shimano, Giro, Hutchinson eta beste hainbat enpresa handi).
Baina, batez ere, iparramerikarrek euren burua saltzen dakite. Kaka salduko dute akaso, eta guk kaka dela jakingo dugu, baina azkenean eurek saldutako kaka ere erosi egingo dugu, kaka izan arren Kaka de Luxe izango delako. Horregatik diot ez direla makalak, potroetan jartzen zaiena sinestarazten digutelako, eta gu pozik, arinkeriatik arinkeriara.
Beste gauza batzuetan, duda barik, beste inor baino aurreratuago daude, eta hori ere onartu beharko zaie.
Esate baterako, kaka-salmentan ibili dira aste honetan txirrindularitzari buruzko AEBetako zenbait blogetan. Izan ere, Mark Friesen diseinatzaile eta blogariak infografia hau argitaratu du The Oregonian egunkarian, eta AEBetan pozez txoratzen daude hain gauza ederragatik. Diseinu kontuetan ez naiz sartuko, irudi aldetik lan txukuna iruditzen baitzait Friesenek egindakoa. Aldiz, ematen den informazioaren aldetik... kaka de luxe. Bai: erakargarria, begietatik sartzen dena... baina mozolokeriak bata bestearen atzetik. Benetako informaziorik, apenas. Urdail, gihar eta abarren funtzionamendua, bizikletaren atalak, ekipamendua, etapen laburpen azalekoa... arinkeria. Jakina: AEBetako biztanleek ez dute gehiago behar. Ez zaie ziklismoa interesatzen, Armstrong baino. Heroiak interesatzen zaizkie, ez informazioa.
Baina onartu behar dena onartu behar da, eta, adibidez, beste web orri batean bururatu zaie pokastinak egitea Tourreko etapa bakoitzarekin. Ez edozelakoak, gainera, Armstrongek berak egingo baitu berba pokastin horietan. Lelo polit eta erraza ere aurkitu dute: "Lance in France - Off the bike & on the mic", errima on bi eta mezu ezin zuzenago bi.
Zelan ez, Bloglinesen bitartez harpidetzeko aukera dago. Joxek aurrekoan esan zuen moduan, mundu osoan ari dira horretaz konturatzen, eta gu bertan goxo, lo. Badugu zer ikasia, inoren kakatik eta inoren urretik.