Zergatietarako zirrikituak
Ramoni galdetu diot ea noiztik duen taberna. Erantzun dit alderantziz dela, tabernak daukala bera, eta ez berak taberna. "Jode, Ramon", esan diot, eta berak "aspalditik" erantzun dit, beste daturik gabe. Trukean, izen bat eman dit: "egin kontu, Jean Stablinski ere pasatu da hemendik". Gero zain geratu da, ea ze aurpegi jarriko nuen, baina Stablinski haren izena entzuten nuen lehen aldia zen. "Zer zen, trapezista?", galdetu diot azkenean, eta sukaldera sartu da minutu pare batez. Bueltan, maillot gorri-zuri-urdin bat ekarri dit: Saint Raphael jartzen zuen goian, Gitane erdian eta Campagnolo behean. Maillotaren besoetako batean, sinadura bat, denborarekin erdi joanda zegoena. "Anquetilen azken Tourrekoa", esan dit Ramonek, "Poulidorri 55 segundoko aldearekin irabazi zionekoa".
1964an irabazi zuen azken Tourra Anquetilek, guztira bost lortuta: fuerte hasi zen lehenengo Tourrean, 1957an, ia 15 minutuko aldea atereaz bigarrenari. Makalxeago baina sendo bigarrenean, 12 minutuko errentarekin; kaskarrago hirugarrenean, ia 5 minutuko lasaitasunarekin; larri antzean laugarrenean, Bahamontesi 3 minutu eta piku kenduta. Arnas estu batean ibili zen bosgarrenean, Poulidorren arnasa kolkoan zuela beti.
Mailloteko sinadura irakurtzen saiatu naiz, Jean Stablinski. "Anquetilen bost Tour haietan egon zen ziklista bakarra", azaldu dit Ramonek. Hogeita zortzi karrerista erabili zituen bost Tourrak irabazteko, baina Stablinski, hortz itsusiko eta belarri handiko gizon hura, beti han izan zuen. Lanerako baino ez zegoen, eta, hala ere, ez zen edonor: Espainiako Vuelta, munduko txapelketa eta Amstel Gold Race irabazi zituen, beste lasterketa askoren artean.
Ramon barrara hurbildu eta, isilka, galdetu dit: "zergatik?". Ez du besterik esan. Zergatik dena irabazteko gai den gizon batek erabakitzen du liderraren itzalpean jarraitu behar duela, zergatik sakrifikatu norberaren etorkizuneko ospea, inori ospea lortzen laguntzeko? "Zergatik?" galdetu dit, eta, pentsatuz berak izango zuela horren erantzuna, nik ere galdetu diot: "zergatik?". Eta sorbaldak altxatu ditu, eta Merckxen alboan egondako Frans Mintjens, Jozef Spruyt eta Victor Van Schil aipatu ditu gero, eta Hinaulten alboan egondako Lucien Didier, eta Indurainen alboan egondako Marino Alonso, eta berriro telebistari begira jarri garenean, George Hincapie ikusi dugu Armstrongi erreleboa ematen, aurreko sei Tourretan egin duen moduan. Eta hantxe, begien parean, inoizko aguadorerik onenetakoa ikusi dugu, zergatietarako zirrikiturik utzi gabe.
Neri poza ematen dit pentsatzeak, zenbait txirrindularik ez lukeela gozatuko berdin goi goian. Irabazlea baino hobea diren konbentzimentuarekin nahikoa dutela.
Irudipen txatxu xamarra, aitortzen det.
Horrelako kronika politek txirrindularitza profesionalarekin adiskidetuko naute azkenean...