Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Kakatik eta urretik

Kakatik eta urretik

gabiria 2005/07/01 08:55

Ez dira makalak iparramerikar hauek.

Duela urte gutxira arte, Ipar Amerikan ez zekiten txirrindularitza existitzen zenik ere. Gero Greg LeMond etorri zen, 1986, 1989 eta 1990ean Tourra irabazi zuen, eta orduan hasi ziren konturatzen.

Orain, Lance Armstrong etorri da (tira, orain, jada, joateko puntuan dago). Sei Tour irabazi ditu, eta zazpigarrena irabazteko bidea bihar hasiko du. Sekulakoa da egiteko puntuan dagoena.

Eta itsasoz bestaldean, jakina, konturatu dira horrek daukan tiradizoarekin, eta enpresa ugari sartu dira negozioan (Armstrongen taldearen babesle nagusia Discovery Chanel bada ere, alboan ditu Nike, Trek, PowerBar, Subaru, Shimano, Giro, Hutchinson eta beste hainbat enpresa handi).

Baina, batez ere, iparramerikarrek euren burua saltzen dakite. Kaka salduko dute akaso, eta guk kaka dela jakingo dugu, baina azkenean eurek saldutako kaka ere erosi egingo dugu, kaka izan arren Kaka de Luxe izango delako. Horregatik diot ez direla makalak, potroetan jartzen zaiena sinestarazten digutelako, eta gu pozik, arinkeriatik arinkeriara.

Beste gauza batzuetan, duda barik, beste inor baino aurreratuago daude, eta hori ere onartu beharko zaie.

Esate baterako, kaka-salmentan ibili dira aste honetan txirrindularitzari buruzko AEBetako zenbait blogetan. Izan ere, Mark Friesen diseinatzaile eta blogariak infografia hau argitaratu du The Oregonian egunkarian, eta AEBetan pozez txoratzen daude hain gauza ederragatik. Diseinu kontuetan ez naiz sartuko, irudi aldetik lan txukuna iruditzen baitzait Friesenek egindakoa. Aldiz, ematen den informazioaren aldetik... kaka de luxe. Bai: erakargarria, begietatik sartzen dena... baina mozolokeriak bata bestearen atzetik. Benetako informaziorik, apenas. Urdail, gihar eta abarren funtzionamendua, bizikletaren atalak, ekipamendua, etapen laburpen azalekoa... arinkeria. Jakina: AEBetako biztanleek ez dute gehiago behar. Ez zaie ziklismoa interesatzen, Armstrong baino. Heroiak interesatzen zaizkie, ez informazioa.

Baina onartu behar dena onartu behar da, eta, adibidez, beste web orri batean bururatu zaie pokastinak egitea Tourreko etapa bakoitzarekin. Ez edozelakoak, gainera, Armstrongek berak egingo baitu berba pokastin horietan. Lelo polit eta erraza ere aurkitu dute: "Lance in France - Off the bike & on the mic", errima on bi eta mezu ezin zuzenago bi.

Zelan ez, Bloglinesen bitartez harpidetzeko aukera dago. Joxek aurrekoan esan zuen moduan, mundu osoan ari dira horretaz konturatzen, eta gu bertan goxo, lo. Badugu zer ikasia, inoren kakatik eta inoren urretik.

etiketak: Ziklismoa
Julen
Julen dio:
2005/07/05 09:21

Aupa Xabi,

joe, hori abildadea! argazkiak sartzen erantzunetan...

Ba Ramon ez dakit gogoratuko den, baina ni bai, izan ere (eta hemen kronika larrosan sartzen gara ia), Ramontxu Gonzalez Arrieta nire portalean bizi izan da orain dela gutxi arte. Hain zuzen ere, Joane Somarribarekin bizitzera joan zen arte.

Pena handia izan zen, bai. Kilometro bira harrapatu zuen, Pila izeneko mendian. 1992an izan zen, eta oso oker ez banago, Ramontxuren ihesaldi hori Giroko luzeenen artean dago: 233 kilometro egin zuen ihes eginda. 1954an Rik Van Steenbergenek egindako ihesaldia (239 km) da Ramontxurena gainditzen duen bakarra.

Baina Steenbergen horrek irabazi egin zuen. 1992ko egun hartatik aurrera, Galdakaon jendeak sekulako amorrua hartu zion Udo Boltsi, baina niri itzela iruditzen zitzaidan ziklista hura. Gogoratzen Euskal Herriko Itzuli batean zelan irabazi zion Ibardin gainean Periko Delgadori? ummmm... a zelako garaiak!

Julen
Julen dio:
2005/07/04 17:16

Egia, Pipi, arrazoi. Ahaztuta neukan.

Ramonekin egon naiz txirrindulari amerikarrei buruz hizketan, eta berak ere Hampsteni buruz egin dit berba. Beraz, biharko artikuluan aipatu behar dut derrigorrez.

Nik ez dut 1988ko Giro hura gogoratzen, baina bai Alpe D?Huezen irabazi zuenekoa (90eko hamarkadaren hasieran). Sekulako klasea zeukan, bai.

Xabi
Xabi dio:
2005/07/05 00:34

Ene, txikitako oroipen ziklistak azalerazte honekin emozionatu ere egingo naiz. Hampsten nik ere sinpatia handirekin gogoratzen dut, nahiz eta ni txirrindularitza bete-betean bizitzen hasi baino apurtxo lehenagokoa izan.

Hementxe dugu bera:

Bide batez, Giroa aipatu dugunez, oso oso ondo gogratzen dudan beste gertakari bat da Ramontxu Gonzalez Arrieta mendiko etapa itzel bat irabaztear egon zenekoa. Azkenean Udo Bolts karrerista mitikoak irabazi zion azken kilometroetan harrapatu ostean.

Pena handia izan zen, Marinok Millaun irabazi zuenean ez bezala.

Baina Ramon ni baino askoz hobeto gogoratuko da. Ezta?

Juan Luis Zabala
Juan Luis Zabala dio:
2005/07/04 16:51

Eta Andrew Hampsten? Ez al du inork gogoan? Arin-arin igotzen zituen aldaparik gogor eta luzeenak, Armstrongen egungo estiloan: kadentzia handiz. Indar gutxiko eskaladorea zen, txepetxen tankerakoa, baina Piepoli, Pantani eta horrelakoak baino askoz dotoreagoa hala ere ibileran. Aurpegia ere grazia berezikoa zuen, sudur txapaleko haur bihurriarena. Eta ez dakit Eddy Merckxen alabarekin ez ote zen ezkondu Nik sinpatia handia izan nion beti. Italiako Giro bat irabazi zuen —elurrak zuritu zuen etapa mitiko batean zutik eta indartsu eusteari esker— eta Tourrean ere oso gauza politak egin zituen, besteren zerbitzuan ia beti, oker ez banaiz, bai Greg Lemonden alde eta bai Alvaro Mejiaren alde (1993an, bere azken profesional urtean).

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.