Euskal munstroaren bazka
Ramon mututu egin da bat-batean. Hogeiko hamarkadako istorio bat kontatzen ari zitzaidan, eta esan dit zelan garai hartako Tour batean, inork ezer susmatu barik, transexual batek ematen zizkiela loreak eta muxuak irabazleei, "gizon bat baina emakume bihurtuta" azaldu dit badaezpadan. Eta kafearen azken hondarrak irentsi eta segituan esan dit inor ez zela horretaz konturatu, harik eta, halako batean, etapa irabazi zuen ziklista batek oherako gonbita egin zion arte: "ez dakizu muxuen unean azafatek zelan egiten duten berba ziklista irabazlearekin? Bada, orduantxe proposatu zion". Zelan ez, gehiago jakin nahi izan dut, baina gure esperantza zuriak, Vinokourovek, erasoa jo du Schlucht mendian gora, eta Ramon urduritu eta mututu egin da kolpean, eta galdetu diot "ohera joan ziren?", eta Ramonek buruarekin baietz egin du, baina ez dut uste entzun didanik. Ordurako Alemaniako lurretan zebilen, Schluchteko maldetako jendetzaren artean galduta, indarra eginez barraren atzetik. Eta poztu da, igarri egin zaio, eta barraren kontra kolpe bat jo eta satisfazio oihu bat bota du, Vinokourovek bat, bi eta hiru aldiz jo duenean erasoa, eta gero Klodenek aurrera egin duenean eta Armstrong talde barik ikusi duenean.
Alemaniako etapak eredugarriak ari dira izaten, hainbeste jende bazterretan. Ikusleen zein ikuskizunaren aldetik, Tourra bertan berpiztu da, eta Ramonek dio euskaldunok autobusak antolatu beharko genituzkeela, baina ez guretzako, ezpada Alemaniara joan, hango jendea autobusetan sartu eta denak eramateko Alpe eta Pirinioetara, guk baino gehiago merezi dutelako. Dio, berari aukeran emango baliote Mayok podiuma zapaltzea edo Armstrong ez den norbaitek Tourra irabaztea, bigarrena hartuko lukeela duda barik, eta horretarako, kolore laranja beharrean, arrosa ikusi behar dela mendateetan. "Hombre...", esan diot, baina barran kolpe bat jota amaitu du eztabaida.
Gero, irratian iragarki bat entzun dugu: Euskal Herriko zaleei eskatzen zitzaien animatzera joateko Pirinioetara, ez iraintzera. Eta pentsatu dut ondo dagoela hori eskatzea, baina, era berean, pentsatu dut fanatismoaren errua ez ote daukaten laranja gure kolore bakarra dela saldu digutenek, edo, adibidez, Zubeldia Beloki baino euskaldunagoa dela saldu digutenek, eta kolore laranjaren garaipena ez den beste edozer euskaldunon porrota dela saldu digutenek. Errua ez ote daukan munstroa sortu duenak, ze, badakigu, zaleei bazka merkea ematen bazaie, zale onak sortuko dira, baina txarrak ere bai, eta gehiago akaso.
Ez dakit nik autobusa ipintzea alemanak eroateko ideia ona ote den, ze iazkoa ikusita (Armstrongekiko eduki zuten jarrera) nik pentsatu egingo nuke. Ez dakit eurek guk baino gehiago merezi duten baina ez nuke orokorkerian erori nahi. Euskaldunen artean denetarik dagoen bezalaxe aleman eta frantsesen artean ere denetarik dago, baina joandakoen artean zenbat dauden soberan aztertzen badugu, Euskal Herriko zalegoa eredugarria dela esango nuke, salbuespenak salbuespen. Niri aukeran emanez gero, Mayo podimean aukeratuko nuke, Armstrongen aurretik ahal bada. Bestetik, azkenengo paragrafoan idatzitakoarekin ados nago.
Aupa Ivan!!