Zoritxarrak badu izenik
Horrela esan dit Ramonek etapa amaieran, zoritxarrak badu izenik. Orain arte ere izango zuen izenen bat edo gehiago, baina gaur, Ramonen tabernan, izen bakarra hartu du zoritxarrak: David Zabriskie. Ez dut ezkutatuko: Ramon eta biok gero eta gehiago gara Zabriskieren aldekoak. Irabazlearen aldekoak izatea erraza dela esango didazue, ez daukala meriturik. Egia: kontua da, momentuz, Zabriskie ez dela irabazlea. Irabazle bakarra nor den badakigu, eta ez du zulaturik izaten, ez da jausten, ez da hozten, ez da berotzen, ez da konfunditzen. Tourrean bero sapa egin dezan, jarriak ditu Ramonek hiru kandela, baina alferrik. Ez dago modurik. Ramonek dio helmugan Sheryl Crow zain dagoela jakinda, bera ere lehenengoa izango litzatekeela heltzen, baina Ramon lehenengoa helduta ere Sheryl ez litzateke berarekin fijatuko. Horretan ere suertea du Texaskoak. Kontua da Zabriskieren aldekoak garela orain. Giroan ere, 45 kilometroko erlojuaren kontrako hartan, Ramonek eta biok elkarri begiratu genion keinu konplizez, artean ezezaguna zitzaigun amerikar hark aise irabazi zuenean; baina hura keinu bat baino ez zen izan. Larunbatean, bazirudienean Armstrongen azken erregetza lehenengo egunetik azkenera artekoa izango zela, Zabriskie agertu zen berriro, eta Ramonek trago bat atera zidan nik eskatu barik, eta gero tortilla pintxo bat, larunbat goizean egindakoa eta eguerdiko txikiteroen tabakoa zurrupatutakoa, baina tortilla pintxoa hala ere.
Eta hurrengo goizean, hara non, Ramonek barra osoa zeukan tortillaz beteta, baina ez beti egin ohi duen tortilla sinple hori, legea betetze aldera huevinaz egindakoa, ezpada beste bat, horiagoa, maillotagoa, benetako arrautzekin egindakoa, ilegalagoa beraz, eta barrutik gazta hori-horia zeukana irteten, erdi urtuta. "Zabriskie" izena jarri zion, eta tortilla horia jaten pasatu genuen igandea, astelehena eta gaur, asteartea, harik eta hondamendia tortillaz betetako barraraino heldu den arte, Zabriskiek, gure tortillaren alma materrak, laban egin duen arte. Justu tortilla zati bat nengoen irensten, eta ozta-ozta libratu naiz kontrako eztarrira pasatzetik. Orduan esan du Ramonek hori, zoritxarrak badu izenik, eta nik azkenekoz begiratu diot tortillaz betetako barrari, bihar ez baita horrelakorik egongo. Eta gero ikusi dugu Zabriskie erdi negarrez helmugara heltzen, eta Ramonek edalontzi bat jaurti du ormaren kontra eta mila zati egin da.
Galdetu diot: "Eta orain zer, Ramon?", eta erantzun dit: "lasai, nik batuko dut". Baina ni Tourrari buruz ari nintzen.