Martxoa eta Marte
Egun gutxi falta zitzaizkidan 18 urteak betetzeko. Erreferenduma zegoen, baina ez genekien boto eskubiderik geneukan; izan ere, bertsio ugari zebilen gure artean. Batzuek zioskuten urte horretan hemezortzi eginez gero, eman genezakeela; beste batzuek ezetz, beteta izan behar genituela; hurrengo urtean izango genuela boto eskubidea ere entzun genuen… Badaezpada, joan egin nintzen esperantzaz betea. Mahaian, irakurtzen zuen bokalak nire izenaren atzean M bat zegoela esan zuen (M de menor), baina presidenteak erantzun zion: erroldan badago, bozka lezake.
Pozarren eman nion ezetza NATOri, adingabea izanda. Gutxirako balio izan zigun, ordea, orain 36 urte martxoaren 12an ezetz esateak boto kutxetan Katalunia, Hego Euskal Herria eta Kanariei. Espainiaren mende gaudenez, baiezkoa gailendu zen han, eta denok sartu gintuzten NATOn. Lehenengoz botoa ematearen poza eta emozioa lanbrotu zen emaitzak ikusita.
Ez dakit Josefa Gervasia Agirrebengoa, Josefa Suinaga eta Maria Josefa Atxa emozionatuta zeuden. Indalezio Ojanguren Kajoitxu-k atera zien argazkian oso serio agertzen dira. Eibarko Aginaga bailarako hiru andreok ere lehenengoz eman zuten botoa, erreferendum baten, gainera. Emakumeen boto eskubidearen ikono bihurtu da erretratu hori: adin desberdinetako hiru andre buruko pañelua jantzita, botoa eskuan, beste emakume bat mahaiko presidente, eta denari begiratzen Maria Magunazelaia txirrindulari trebea. Andreak dira zentrua, gizonak periferia fotografia horretan. 1933an izan zen, emakume euskaldun batzuek bakarrik erabili ahal izan zuten lehenengoz boto eskubidea. Batzuek, zeren Hego Euskal Herriko emakumeek lortuta bazuten ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan baino ez zen egin Estatutuaren plebiszitoa.
1933. urte hartan, ez zuten imajinatuko denbora laburrean gerra izango zutela etxean. NATOn egoteak ere gerraren parte izatea ekarri izan digu. Ez 36an bezala, baina gure diruek eta politikek gudak eragin eta babesten dituzte. Ezetz bozkatu arren, militarismoaren begi-begian gaude azken 36 urteotan.
Orain urte bi ere hizkera belikoa nagusitu zen nonahi martxoaren 14an Pedro Sanchez Espainiako presidenteak etxeratze agindua eman ondoren. Erreferendum barik etxeratu gintuzten 2020an. Duela gutxi izan zen, baina, era berean, aurreko bizitza baten izan zela ematen du. Begirada atzera botaz gero, irudiak datozkit akordura, prentsaurreko infinituak, gaztelaniaren nagusitasuna oharretan, komunikazioan egindako hanka sartzeak, militarrak agertzea telebistan lan hutsalak egiten, baina salbatzaileak balira bezala. Eta gerra hizkera birusaren kontra egiteko.
2022ko martxoan, baina, benetako gerra dago Europan. Gerla hotza izan zitekeena, errea da. Interes ekonomiko larregi, arkeria handiegia. Nork duen luzeagoa erakutsi nahian. Eta betikoa, jende arrunta da sufritzen duena, hil eta zauritzen dena, etxe barik geratu eta euren herrietatik ospa egin behar duena.
Martxoa Martius-etik omen dator, eta hori Mars-etik, Marte gerraren jainkoaren omenez. Gerraren jainkoak hilabete bat merezi zuen? Noren buruan sartzen da hori? Asterix eta Obelixek arrazoi zuten: erromatar hauek zoratuta daude!
Gerrarik ez.