Ikasitakoa desikasten ikasten
Hamabostean behin
Bihartik aurrera, hamabostean behin ostiraletan, Euskadi Irratian kolaborazio bat egingo dut, Manu Etxezorturen Faktoria programan.
Goizeko 10:30ak aldera izango da, eta teknologiaz, Internetez eta orokorrean teknosexuaz arituko gara. Errespetoa ematen dit, ez bait naiz bereziki abila hizketan, baina erronka polita ere bada, gai ote naizen frogatzeko.
Ea ez naizen oso aspergarri izaten. Proposamenik, zuzenketa edo iradokizunik baduzue, badakizue non nagoen. Eskerrik asko pazientziagatik.
Informatikari's blues
Gauza jakina da. Inguruko guztiek eskatzen dizkigute ordenagailu konponketak. Aspaldi idatzi zen Pringao HowTo . Berriki, Josuren blogean, GeekSquad-en inguruko artikulu baten erantzunetan Xa2erri garestiak iruditzen zaizkio haien prezioak
Nik ez dakit garestia ala merkea den mando-distantzia programazio hori. Kontutan izan batetik AEBn dela eta bestetik irudi aldetik eta, nahiko zerbitzu berezia dela, horregatik gehiago kobratzen dutela seguru. Zenbait burutapen gai honen inguruan:
- Ur berogailua konpontzera etorri zen teknikariak, "Reset" botoiari klik egiteagatik 60 Euro inguru kobratu zizkidan pasa den urtean.
- Urjentziakoa ez den elektrizista batek etxean interruptore bat konpontzeagatik 60-70 Euro kobratzen dituela gutxienez.
- Erabiltzaileak nahi gabe ohitu dugu lan hauek erraz egitera. Nire auzokide batek garabi batekin egiten du lan. Inoiz autoa izorratzen bazait ez naiz ausartuko lana doan egitera eskatzen, eta aseguru etxeari edo zerbitzu ofizial bati deituko diot. Aldiz, bere emazteak hiruzpalau aldiz eraman nau beraien etxera, inprimagailua, modema, eskanerra eta ez dakit zer konpontzera.
- Erabiltzaileak uste du ordenagailua oso tresna sinplea dela, eta ez. Mantenua behar du, eguneraketak, disko garbiketak, gauzak kontu handiz instalatzea eta abar. Erabiltzaile arruntak ez dira konturatzen zenbat ordu ematen ditugun erabiltzaile arruntok horrelako lanetan gure ordenagailuetan.
- Erabiltzaile gehienek Windows darabilte, eta hori arazo iturri handia da ere. Edozein jatorriko edozein programa instalatzen dute edonola, pentsatu gabe, Aceptar, Aceptar, OK, Aceptar
- Oso erabiltzaile gutxi daude mantenu zerbitzu on bat ordaintzeko prest. Ondorioz, informatika mantenuan dabiltzan enpresek ezin dute asko kobratu, ondorioz informatikari hasiberriak daude lan horietan, ondorioz desastre asko gertatzen dira.
- Arazoaren zati handi bat konponduko da erabiltzaileak UNIX-en oinarritutako sistema batekin lanean hasten direnean, dela Linux edo OS-X. Sistema horietan produktuen instalazio eta konfigurazio baimenak askoz mugatuagoak daude, segurtasun maila handiagoarekin. Adibidez, zuetako zenbatek zabaldu du mikrouhinezko labea? aldiz, zuetako zenbat ibili da Windows-en errejistroan frogak egiten, zer egiten ari zineten ziur jakin gabe?
- Microsoft-i zor zaion erreberentzia dela eta, hainbat eta hainbat segurtasun saltzaile (Panda, McAffee eta horrelakoak) partxe salmentan dabiltza, benetako segurtasunerako bideak utzita. Adibidez, jakinik hainbeste urtetan Outlook Express bezalako programak segurtasun zulo ikaragarriak zituela, zergatik ez dute gomendatu hasieratik doako (edo/eta software libreko) beste edozein programa erabiltzea? Aldiz, zenbat diru fakturatu dute partxe horien salmentan?
Pixkanaka egin beharko dugu bidea, noski. Nire etxean behintzat, denek Ubuntu Linux darabilte, eta jarraitu behar dut birusa zabaltzen. Pixkanaka konponduko dugu hau.
P2P azkarra: Azureus
Normalean aMule erabiltzen dut, baina Mirok ere BitTorrent integrazioa dakarrenez, beste saio bat egin dut sistema honekin.
Azureus BitTorrent bezeroa erabili dut horretarako. Medem-en Los amantes del circulo polar 6 ordutan, Euskaltelen 300 Kbps-ko konexio batekin!
PS: Noski, nik Azureus azpimarratzen dut, baina azkarra dena BitTorrent sarea bera da, ez Azureus bezero konkretua. Beste bezero batzuekin ere seguruenez abiadura antzekoak lortuko dira.
Telebista Internetez (eguneraketa): Miro
Txusek bultzatuta berriz ere eman diot buelta bat Internet bidezko telebistari . Pasa den urtean komentatu nuen Democracy-ren inguruan eta egia esan orain askoz hobeto dabil, baina orain Miro izena du telebista Internet bidez ikusteko proiektuak , lehengo Democracy-ren ordez.
Ideia sinplea da: videoblog-en batzaile bat da Miro. Zure erakundeak bideoak sortu eta Interneten publikatzen baditu, nahikoa da bideo horiei RSS jario bat lotzea eta Mirok publikatzen dituzunean deskargatuko dizkio ikusleari, denbora duenean eta lasai esertzen denean ikusi ahal izateko. YouTube edo Google Videoko bideoak ere erraz deskargatu daitezke handik, zatika ikusi beharrean denak batera ikusteko.
Merezi du froga bat egitea. Ni GoiTB, Goienaren telebista kanalera handik harpidetuta nago, baita Ruben Blades-en telebista saiora, Mobuzz TV eta beste askotara.
Kelpi.com : kode zatiak
Hau informatikarientzat da nagusiki:
Kelpi.com kode informatikoa gorde eta trukatzeko webgunea da. Script txikiak, adibide motzak, nola egiten den funtzio hori, PHP, Python, Java edo Assemblerrean.
Kelpi kodea trukatzeko webgunea Nando Quintana lankideak sortu du bere denbora librean Python-en programatuz eta Zope3 dauka atzean.
Merezi du buelta bat eman eta erabiltzen hasteak!
TomTom-ek TeleAtlas erosi du
Nire ustez hau da urteko albistea Internet geografiaren inguruan.
Askok ez duzue TeleAtlas ezagutuko. TeleAtlas da mundu osoko mapa eta informazio geografikoaren hornitzaile nagusia. Bigarren bat ere badago, Navteq baina alde handia ateratzen dio TeleAtlasek.
TeleAtlasenak dira Google Map gehienetako datuak. Beraienak dira autoko GPS tresnetako mapa gehienak eta errepide bat falta zelako inoiz galtzen bazara, TeleAtlasena da errua.
Konturatzen zarete zein garrantzitsuak diren datuak TomTom-entzat? Autoko GPS baten hiru konposagaietatik (hardwarea, softwarea eta datuak) nire ustez garrantzitsuena dira datuak.
Horregatik jarraitzen dut OpenStreetMap proiektuan, datu libreak behar ditugulako, enpresa bakar baten eskutan egon beharrean. Gai honetaz gehiago jakiteko, Jesus Encinarren bloga gomendatzen dizuet.
Enpresako txangoa ostiralean
Urtero bezala ostiralean enpresako txangoa izan genuen. Aurtengoan honako egitaraua izan genuen:
- Ibilaldia Arratetik Mutrikuko Olatz auzora (Grabatu genuen bidea GPS bidez, jarriko dugu, noski)
- Bazkaria Olatzeko Zelaieta jatetxean
- Bainua Mutrikuko igerileku naturalean
Esan beharrik ez dago oso ondo pasatu genuela.
Egilea: Iñaki, autobuseko gidaria.
CIA eta Mondragon Unibertsitatearen arteko lotura
Zein lotura dago hauen guztien artean?
- CIA
- Mondragon Unibertsitatea
- Governo Brasileiro
- Amnesty International Switzerland
- Free Software Foundation
- Oxfam International
Erantzuna:
Denek darabilte Plone beraien webgunea kudeatzeko.
Jakin nahi baduzu beste zein webgune dabilen Plonerekin, begiratu zerrenda luzeago honetan
(Bai, publizitate artikulua da hau. gure enpresan Plonerekin egiten dugu lan.)
2007/07/22 Eguneraketa: Novell ere Plonera pasatu da!
Eduki guztia Creative Commons
Derrepente konturatu naiz nire blogak ez duela lizentzia argirik. Nola liteke, hainbeste bultzada eman lizentzia libreei, hainbat lagunei gomendatu, eta nik hori ez jartzea?
Azalpena garbia eta tontoa da: despistatuta nengoen eta akordatzea ahaztu. Hau da hau.
Orain bai. Hemendik aurrera (eta baita lehendik idatzitako guztiak ere lizentzia honekin publikatzen ditut. Barkatu, norbait aurretik konturatu eta gaizki hartu badu.
Facebook: beste sare sozial bat besterik ez?
Zer diren sare sozialak
Webguneak dira, non izena eman eta zenbait aktibitate egiten diren, jende ezagunarekin lotu eta berria aurkitu. Zentzu zabalenean Flickr eta Tagzania sare sozial moduan hartu ditzazkegu, baina benetan sare sozialak deitzen zaie Orkut , LinkedIn edo horrelakoei. Twitter ere sar genezake maila batean sailkapen honetan.
Sare sozial guztietan sartzen saiatzen naiz frogatzeko gutxienez, baina oraindik ez dut askorik lortu sare sozial puru hauetan.
Zertarako sare sozialak?
Auskalo. Edozertarako eta ezertarako. Bestela esateko, laneko kontaktu interesgarriak egiteko, lehendik lagunak direnak gertuago jarraitzeko eta baita ligatzeko ere. Zer espero genuen Interneten sartu ginen lehenengo aldian? Auskalo. Ba berdin.
Facebook da modako azkenetako sare soziala. Oraindik ere ez diot probetxu askorik atera, baina zenbait desberdintasun berezi aurkitu dizkiot:
- Abiadura: sare normal batean oso geldoa da kontaktuak sortzea. Bestalde, normalean lehendik ezagutzen zenuen jendearekin egiten duzu kontaktua, eta noski, interesgarriena da jende berriarekin kontaktatzea. Facebook-en oso azkar (hiru bat egunetan) sortu ahal izan dut hasierako sare hau.
- Kanpoko garapenak: Facebookeko jendeak hurbilpen interesgarri bat hartu du: zu aplikazio garatzaile bazara, tresna bat prestatu eta Facebook-en jar dezakezu jendeak erabili dezan: argazki galeriak, mapak, Tagzaniarekin lotura, bilatzaileak, bideoak eta abar. Horrek ikaragarrizko irekitasuna eman dio tresnari, eta imajina daitekeen edozer egin daiteke Facebook-en.
- Lagunen gertuko jarraipena: lagunak zertan ari diren oso gertutik jarraitzen da eta horrek bidea ematen du guk ere pausoak emateko. Tresnaren aktibitateak aktibitate gehiago elikatzen du beraz.
Gehiago jakin nahi duzula?
Bada, frogatu Facebook eta ikusiko dugu elkar. Hemen dago Gariren profila



