Democracy: telebista demokratikoa
Nik uste dut zer esan asko emango duela Democracy programak. Duela zenbait hilabete saiatu nintzen baina Ubuntun ez zen instalatzeko erraza. Orain bai, oso erraz eta azkarra iruditu zait ( sudo apt-get install democracyplayer
eta sudo apt-get install libxine-extracodecs
tekleatzea nahikoa izan da martxan jartzeko, nahiz eta oraindik nahiko sarri blokeatzen zaidan. )
Internet bidezko telebista
Democracy edo Democracy TV izena du trastoak, telebista kudeatzeko era demokratikoa eskaintzea bait da bere helburua:
- Zuk nahi dituzun kanaletara harpidetu, nahi dituzun programak ikusteko aukera eginez.
- Zuk kanal propioa sor dezakezu, bai zure bideo eta bai beste batzuenekin.
Nola dabilen
Oinarria RSS jarioak dira. RSS bidez zenbait kanaletara harpidetzeko aukera duzu. Egunero, kanal horiek gainbegiratu eta interesatzen zaizkizun programak aukeratzen dituzu.
Democracy-k aukeratutako programa horiek deskargatzen dizkizu, atzeko planoan. Kasu batzuetan bideoak YouTuben daude, beste batzuetan Google Videon eta beste zenbaitetan BitTorrent P2P sistemaren bidez ere deskargatzen ditu. Democracy arduratzen da hortaz.
Gero, denbora hartzen duzunean edo lasai-lasai sofan eserita zaudenean, lehen aukeratutako bideo guztiak ikusteko momentua da. Pantaila osoan ikusi daitezke bideoak.
Norberaren telebista
Norberaren telebista kanala sortzeko ere erraztasunak ematen ditu Democracyk. Nahi den moduan egin daiteke: norberaren webgunean publikatuz, BitTorrent bidez eta abar. Democracy berak zenbait tresna eskaintzen ditu lan hauek egiteko.
Oraindik sare alternatiboa bakarrik
Oraindik sare alternatiboa da. Nik ez dut telebista kanal jeneralistarik ikusi, baina sarritan hauek interesgarriagoak izaten dira, eta nork daki, agian hasiko dira agertzen. Oraingoz, YouTube bezalakoek lortu dute kontrako bidea egitea, zapping-etan sarritan azaltzen bait dira YouTubeko bideoak, eta azken finean, Democracyn berdin-berdin jar dezakete beraien programak ordaindu ahal izateko publizitatea, ez?
Froga ezazu!
Gehiago pentsatu gabe, Democracy frogatzera gonbidatzen zaituztet, Windows, Mac OSX eta Linux-en erabiltzeko aukera dago eta software librea da! (noski...)
Eguneraketa: Democracyn ikusi dut nik Oscarretarako aukeratu duten Eramos pocos laburmetraia.
Oraindik ez Ander. :-(
Baina esperantza dut laster azalduko dela zerbait! Bitartean nire inguruak xaxatzen ari naiz, telebista egiten duten batzuk jario moduan aurkeztu dezaten.