Eibartik
lanak
Erisono?? Ez da oso izen naturala inguru horrendako
Herritar askoren iritziaren aurka bada ere, Erisonoko (sic) parke teknologikoaren obrak aurrera doaz. Alderdi ekologiko eta estetikotik zalantzazko proiektua herritar askorentzat. Baita alderdi linguistikotik ere. Izan ere, parkearen izena, "Erisono", ez baita bertako toponimoarena.
Badirudi azkenengo traba legalak gainditu dituela eta Teknikerreko lanek aurrera darraitela. Baina gaur ez dugu alderdi teknikoaz, ekonomikoaz, ekologikoaz edo estetikoaz jardungo. Linguistikoaz besterik ez. Izan ere, Eibarren ez dago Erisono izeneko toponimorik. Are gutxiago industrigune berria egingo den tokian.
Laburpen txiki bat egiten saiatuko naiz:
- Azitaingo industrialdearen lehenengo fasea, erreka bazterrean egin zen, Altzubarren inguruan. Azitaingo Industrialdea deitu zioten. Ados.
- Gero, gorago beste zati bat egiten hasi ziren, industrialdearen 2. fasea. Berez, inguru horren izena Potrozulo izan da. Ez omen zen politikoki zuzena industrialde bati Potrozulo deitzea, jakina, eta mendian goraxeago dagoen beste toponimo txiki eta ezezagun samar bat aukeratu zuten industrialdea izendatzeko, baina gaizki idatziz: Erisono.
- Izan ere, Azitain inguruan bada Eriano izeneko ingurua. Ahoz Erixono esan
zaiona. Baina ez dago (eta ez da sekula egon) Erisono izeneko toponimorik. Eibarko toponimia jaso genuenean, ondo aztertu zen kontu hori eta bi forma aurkitu genituen: ahoz Erixono forma jaso genuen eta
idatziz Eriano, eta azken hori da Euskaltzaindiak eta udalak normalizatu
duten izena, Eriano. Horrelaxe dago Eibarko toponimoen zerrendan eta mapa
toponimikoan.
- Orain urte batzuk, Teknikerren poloa egiteko, oraindik eta gorago eta hegoalderago hasi ziren lurrak astintzen. Potrozulotik hegoaldera jo da, Markiegi izeneko ingurura. Horixe da inguru horren toponimo zuzena: Markiegi. Udana (ahoz Urena) ere izan zitekeen, horixe baita inguru horren gainekaldeko toponimoa.
Laburbilduz: Tekniker eraikitzen dagoen lekuaren toponimoa ondorengoa izan daiteke: Markiegi edo Potrozulo. Zabal jokatuta, baita Udana ere. Oso-oso zabal jokatuta, beharbada Eriano edo Erixono ere bai (parke berria egingo den lekutik oso-oso urruti dagoen arren Erixono). Baina sekula ere ez Erisono, izen hori ez delako existitzen Eibarren.
1.- Azitaingo industrialdea, Altzubarren inguruan.
2.- Industrialdearen 2. fasea, Potrozulon (Erisono izena jarri zioten).
3.-
Teknikerren polo teknologikoa, hori ere Erisono izenez ezaguna. Berez,
Eriano (ez Erisono) gorago dago. Teknikerreko lanak Markiegin egiten
dihardute.
Kanpoko igarilekua prest
Urtebeteko obren ostian, badirudi Eibarko kanpoko igarilekua prest dagola zapatuan denboraldixa hasteko.
Atzo bertan ataratako erretratua. Lanak amaittuta eta bedarra berde-berde.
Urtebeteko lanak izan dira, igerileku inguruko berdegunia haunditzeko. Justu-justuan ibili dira, baina badirudi garaiz zabalduko dabela. Denboraldixa joan zan astian hasi bihar zan, baina egualdi txarra aprobetxatuta (eta bedarra oindiok sendotu barik zeguanez), astebeteko atzerapenakin ekingo detse, zapatu honetan.
Aspaldiko eztabaidia da Eibarko igerilekuana. Izan be, nahiko txikixa da Eibar moduko herri baterako. Bai igarilekua bera, bai inguruko berdegunia. Jendia kexaka ibili da behin eta berriz, eta udalak ezetz, igarileku ederra genkagula (delicious). Azkenian haunditzia erabagi dabe. Igarilekua hirukoiztu egingo zebela be saldu zeskuen, baina azkenian berdegunia bakarrik haundittu dabe. Egixa esan, askoz aukera gehixagorik be ez dago.
Baina txiki geratzen da. Aurtengo anpliaziño honekin ikusi bihar...
Hamen igerilekua, lanak egin aurretik:
Saratsuegi-Azitain bidea edo Eibarko obretako atzerapenak
Izugarria da Eibarren zelan eta zenbat atzeratzen diren obra publiko guztiak. Azkenengo adibidea Sautsi aldean bizi izan dugu, Sautsi-Azitain batuko dituen errepidearekin. 2005erako egin beharreko errepidea 2008an hasi ziren egiten, eta orain dela urte eta erdi amaituta behar lukeenak oraindik ez dauka benetako errepide itxurarik.
Hona hemen gezurren eta txapuzen kronologia:
- Orain dela 7-8 urte inguru erosi genuen gure etxea, Eibarko Saratsuegi (Sautsi) auzoan. 2002. urtea izango zen, gutxi gorabehera. Orduan esan zigutenez, 2005. urterako prest izango zen Sautsi eta Azitain josiko zituen errepidea.
- Usteak ustel.
- Auzokideak kexatu arren, errepide horren inguruko lehenengo mugimenduak 2006. urtean izan genituen. "La construcción comenzará en enero de 2007 y se finalizará en 8 meses".
- 2007ko urtarrilean hasi beharrekoa 2007ko urrian hasi zen. Orduan ere hilabete batzuetako lana omen. Fatxada hutsa; lur-mugimendu txiki batzuk besterik ez.
- Hilak eta urteak aurrera.
- 2008ko udan albiste gehiago: "El vial estará listo para marzo de 2009". Berriro ere zortzi hilabeteko epea.
- 2009ko urtarrilean, baina, beste 5 hilabeteko atzerapena. Errepidea 2009ko udan irekiko omen zen.
- Udan ez zen ireki, jakina, baina 2009ko irailean "amaitzen zeudela" esan ziguten udaletxetik. 2009ko urrian zabalik egongo zen, ziur-ziur.
- Ja!
- 2009ko urrian albiste gehiago: "El vial de Sautsi se abrirá a final de año".
- Kontxo! Urtea amaitu da barren!
- Azkenengo kapitulua, oraingoz, aste honetan bertan. Errepidea 2010eko otsailean amaituko dute. Berriro.
2005, 2007ko uda, 2008ko uda, 2009 hasiera, 2009 amaiera, 2010eko udaberria... Bai, azkenean asmatuko dute!
Eta, gainera, orain arteko guztia erdi-egia da! Orain arte egin dutena errepidearen lehenengo fasea da, bigarrena oraindik hasi ere ez baita egin (Iparragirre-Sautsi lotura). Beste 5 urte?
Sautsiko errepidearena, zoritxarrez, ez da salbuespena. Eibarren obra publiko guztiak atzeratzen dira infinituki. Adibide batzuk? Udaletxea (hainbat urtez lanak geldirik egon ziren), Coliseoa (dozenaka urtez izan genuen itxita), Portalea kultura etxea (luzatzeaz gainera arazoak ere izan zituen), Unbeko kirolgunea, Urkizuko torreetako lanak (hilabete batzuetarako lanak 2 urtez luzatu ziren), Errebal (amaituta behar luke eta hasi ere ez dira egin), Eibarko haurreskolak (Urkizukoa zein Amaña ta Urkikoa), trenbidearen gaineko pasealekua,... Ni umea nintzen, baina esango nuke Ipuruako Kiroldegia egiteko orduan ere hainbat eta hainbat arazo izan zirela. Tira, kontuan izan Plan Generala bera ere denboran mugarik gabe luzatu zela. Hiru urtean egitekoa ez-dakit-zenbat urtez luzatu zen (6? 7? 8?).
Eta inork ez dio ezer, ez du barkamenik eskatzen, ez du atzerapenaren erantzunkizunik hartzen edo ez du burua lurpean ezkutatzen. Gutxienez lotsatuko balira...
Sautsi-Azitain errepidea gaur egun (argazkia: Felix Morquecho, DV)
