Eibartik
Natura
Sateruak (satitsuak, sataginak, sahatsuriak)
Lehen begiratuan sagu txikitxoak dirudite, baina ez dira saguen taldekoak, sator eta kirikiñoen multzokoak baizik. Euskal Herriko ugaztunik txikienak. Nahiko ugariak izan arren, ez dira larregi ikusten eta ezezagunak dira askorentzat.
Gaur arratsaldean animalia txiki batzuk aurkitu ditugu etxe parean. Zelai txiki bat dago eta aste honetan belarra moztu dute. Hantxe aurkitu ditugu. Lehenengo bat; handik gutxira beste bi. Sateroak ziren. Sateroak, edo beste toki batzuetan esaten duten moduan, satitsuak, sataginak edo sahatsuriak.
Saguen tankera daukate baina ez dira karraskarien taldekoak. Sator eta kirikiñoen taldeetatik askoz hurbilago daude (garai batean Insectivora ordena izendatzen zena).
Mundu guztian 270 espezie inguru daude, gehien-gehienak lurtarrak eta txiki-txikiak. Euskal Herrian bertan ere hainbat espezie ditugu, Sorex, Suncus eta Crocidura generoetakoak (denak ere Soricidae familiakoak).
Zentimetro gutxitako luzera, arin-arinak, begitxikiak eta muturluzeak. Eta oso jatunak. Animalia biziki aktiboak dira (ugaztunik aktiboenak) eta egun osoa jaten pasa dezakete. Gehienbat intsektuak, baina baita zizareak, bareak eta beste ugaztun txiki batzuk ere. Mugitzen den ia dena jaten dute. Espezie batzuen kasuan, esate baterako, egunero euren pisua beste jan behar dute bizirik irauteko. Eta 5-6 orduz jan gabe igarotzen badituzte, hil ere egin daitezke. Hain metabolismo bizkorra izateak desabantailak ere baditu: urtebeteko bizi iraupena daukate. Eta larregi estresatzen baditugu, bihotzekoak jota hiltzen dira.
Garrasi txikien bidez komunikatzen dira (askotan entzun ezin ditugun ultra-uhinak). Lurrean bizi dira, orbel eta belar artean. Normalean zulotxoetan bizi eta ezkutatzen dira (sator-zuloetan, saguek utzitako habietan, harri artean, eta abar). Ugariak izan arren, ez dira larregi ikusten eta ezezagunak dira gehienontzat (batez ere, saguekin nahasten ditugulako sarri).
Euskal Herrian barrena hainbat izen hartzen ditu. Oro har, satitsu. Horrez gain, sateroa (Bizkaia-Gipuzkoa aldean), satagina (Nafarroan) eta sahatsuria (Iparraldean). Beste aldaera batzuk ere jaso izan ditut, han eta hemen: satotxo, satantxo, sator-sagu, eta abar.
Tigrea
Azken egunotan bizpahiru aldiz izan ditut tigreak esku artean. Tigreen inguruko informazioa, alegia. Telebistan, prentsan, Interneten... parean egokitu zait tigreen inguruko aipamenen bat. Animalia zoragarria da. Desagertzekotan dagoena.
Tigrea (Panthera tigris). Panteren taldean dauden 4 espezietako bat eta munduko felinorik handiena. Alerik handienak (Siberia aldekoak) 2 metrotik gorakoak dira eta 300 kiloak gainditzen dituzte.
Haragijalea da, bakartia, eta baso zein mendietan bizi daiteke. 4000 metroko garaieran ere ikusi izan dira zenbait ale Himalayan. Asian bakarrik bizi da. Garai batean ia kontinente osoan, baina egun ekialdean bakarrik, 13 herrialdetan banatuta, besteak beste, Indian, Txinan, Bangladeshen, Bhutanen, Nepalen, Kanbodian, Tailandian, Laosen, Birmanian, Malasian, Indonesian eta Errusian.
Animalia mitikoa izan arren, hainbat herrialdetan ikur nazional ere badena (Txinan, Bangladeshen, Nepalen...), ezin izan du gainditu gizakiaren jazarpena (bere arerio bakarra). Bi etsai nagusi ditu: habitat galera (gizakiak soro eta landa bihurtu dituen eremuak) eta ehiza, larrua eta hezurrak (sasi-medikuntza tradizionalerako) lortzeko.
Jazarpen horren ondorioz, tigrea desagertzekotan dago. Azken datuen arabera, 3000-3500 ale besterik ez dira geratzen libre. Azken 100 urteotan populazioaren %95 desagertu da (akabatu ditugu, alegia), eta 4 subespezie desagertu dira (beste 3 ere arrisku bizian daude). Garai baten izan zuen eremu geografikoa erabat murriztu da eta, gaur egun, Indian bakarrik dauka populazio hazi samarra (1500 ale inguru). Azken 10 urteotan ere, populazioak behera jarraitu du, tigrea babesteko programak egon arren (5000 aletik 3000ra jaitsi da azken 10-15 urteotan munduko populazio orokorra).
Gizakion eskuetan, zirko, zoologiko eta enparauetan, beste 20.000 tigre bizi omen dira. Baina tigreak libre behar du tigre izateko.
Subespezieak eta banaketa
Bost subespezie nagusi ditu:
- Bengalakoa (India, Nepal, Bangladesh ingurukoa). Munduko tigreen erdiak subespezie honetakoak dira.
- Indotxinakoa (Laos, Kanbodia, Tailandia...). 1000 ale inguru dira, baina oso sakabanatuta bizi dira, populazio txikietan eta endogamia-maila altuarekin. Bengalakoa baino ilunagoa eta txikiagoa.
- Siberiakoa (edo Amurrekoa). Errusian eta Txina iparraldean bizi da, Siberian, Amur lurraldean (garai batean baita Mongolian ere). Subespezierik handiena da (300 kg inguru). Beste tigreek baino marra gutxiago eta ile argiagoa dute (Siberiako paisaia eta elurtera hobeto moldatzeko). 500 ale inguruko populazioa dauka, baina badirudi azken urteotan egindako ahaleginak etekinen bat izan duela. Hauxe da azken urteotan jaitsi ez den tigre-populazio bakarra. Egonkor dago eta lurralde batzuetan goraka.
- Malasiakoa. Malaka ekialdean bizi da, 400-500 ale. Arrisku bizian.
- Sumatrakoa. Tigre guztien artean txikiena (100 kg inguru). 400 ale bakarrik geratzen dira eta arrisku bizian dago.
Horretaz gainera, beste 4 subespezie desagertu egin dira azken 50 urteotan: Balikoa, Javakoa, Kaspiokoa (Asia mendebaldeko populazio bakarra, Turkia-Irak-Iran-Afganistan inguruan bizi zena) eta Txina hegoaldekoa (ale batzuk geratzen dira zoologikoetan, baina jatorrizko 6 aleren ondorengoak).
Oharra: Argazkia, Wikipedia.
Nola birziklatu
Bai, ados, birziklatu egin behar dugu. Baina zer eta nola birziklatu behar dugun ere jakin behar dugu. Izan ere, edozein paper edo kristal ezin da birziklatu eta onurak baino, kalteak sortzen ditu birziklapen-prozesuan.
Euskal Herrian birziklatzea ez da lan erraza. Lehenago ere aipatu izan dugu Eibarren ditugun arazoak, eta herririk gehienetan antzera gertatzen da: erakundeen inplikazio eza, arazo logistikoak, birziklapenaren etekin txikia...
Hala ere, gaur egun birziklatzen ez duena... lotsatuta egon beharko litzateke. Zakarrontzira botako nuke, zuzenean. Buru pixkat duen edonor birziklatzen hasita dagoela pentsatu nahi dut; eta erakundeak ere hasi dira, euren erritmo makalean bada ere, gauzak hobetzen.
Kontzientziazio-fasea igarota, beraz, ondo birziklatzeko garaira ere heldu gara. Birziklatzea ez da nahikoa: ondo birziklatu behar dugu. Zer eta nola birziklatu behar dugu? Izan ere, askotan edozein paper, plastiko eta kristal botatzen dugu zakarrontzietara, baina horietako asko ezin dira birziklatu eta birziklatze-prozesua zaildu eta garestitu besterik ez dute egiten.
Hona hemen aholku txiki batzuk:
Paperak
- Ez birziklatu: paper zikinak, klinexak, erabilitako sukaldeko papera, paper parafinatu eta plastifikatuak, haur-oihalak, kartoizko plater eta ontziak, faxetako paper termikoak, pegatinak...
- Nola: paperak ez zimurtu eta kartoiak tolestu.
Ontziak
- Ez birziklatu: jostailuak, biberoiak, sukaldeko tresnak eta ontziak, CDak, gomazko guanteak...
- Nola: birziklatzera bota aurretik, tapak kendu, ontziak garbitu eta zapaldu (toki gutxiago har dezaten).
Kristalak
- Ez birziklatu: zeramikazko ontziak, portzelanak, bonbillak, fluoreszenteak, ispiluak, eta auto eta leihoetako kristalak (hori guztiori garbiguneetara eraman behar da).
- Nola: ontziei tapak kendu.
Informazio gehiago:
Sai beltza berriz Pirinioetan
100 urte baino gehiago igaro dira Sai beltza (Aegypius monachus) Pirinioetatik desagertu zena. Azken urteotako ahalegin eta saiakeren ondorioz, aurten saikume bat jaio da Katalunian. Sai beltza berriro Pirinioetan.
Apirilaren 25ekoa da albiste pozgarria: sai beltza (Aegypius monachus) Pirinioetara itzuli da. Boumort-eko Naturgunean jaio zen saikumea.
Kataluniako Generalitateak saia berreskuratzeko plangintza abiarazi zuen 2007. urtean, beste leku batzuetan jaiotako saiak Kataluniara eramanez. 16 bikote askatu zituzten hiru eskualdetan (Pallars Jussà, Pallars Sobirà eta Alt Urgell) eta 6 bikote osatu dira dagoeneko. Horien arteko bat izan da kumea izan duena: Perla (7 urte) eta Portell (4 urte) izan dira gurasoak. Kasualitatea: 2010. urtea sai beltzaren urtea izendatu zuen Espainiako Ornitologia Elkarteak (SEO).
Une honetan, beraz, Katalunia da 4 sai espezieak dituen Europako herrialde bakarra: sai arrea, sai beltza, sai zuria eta ugatza. Euskal Herrian, aldiz, beste 3 espezieak ditugu baina ez sai beltzik (tarteka aleren bat hegan ikus daitekeen arren, ez da bertan bizi eta ez du Euskal Herrian kumatzen).
Sai beltzak oso garai ilunak bizi izan zituen orain dela 30-40 urte inguru eta desagertzeko zorian izan zen (200 bikote baino gutxiago). Harrezkero espeziea berreskuratzeko egindako lanen ondorioz askoz egoera hobea dauka gaur egun, 2000 bikotetik gora bizi baitira Iberiar penintsulan. Kataluniako populazioa egonkortzen bada, urrats handia izango da espeziea berreskuratzeko asmoetan; gainera, Europako beste populazioekin zubi-lana egiteko aukera emango dio espezieari.
Kume berriaren irudiak ere jarri dituzte sarean. Ez zoragarriak, baina bai pozgarriak. Gurasoetako bat kumea zaintzen, habian (sai beltzak zuhaitzetan egiten ditu habiak eta ez harkaitzetan, sai arreak bezala).
Lehenago ere hitz egin izan dugu sai, arrano eta putreen izenen inguruan blog honetan.
Axolotea desagertzeko zorian
Ez galdetu zergatik, baina gazte-gaztetatik gustatu izan zait Axolotea (Ambystoma mexicanum). Animalia berezia, berezien artean. Mexiko hiriburu inguruko laku eta erreketan bizi da. Garai batean oso ugaria, azken urteotan gero eta urriagoa. Gaur jakin dut azken ikerketen arabera bere populazioa %90 jaitsi dela eta desagertzeko zorian dagoela.
Axolotea (edo axolotl edo ajolotea; Ambystoma mexicanum). Anfibio mexikarra da, arrabioen taldekoa. Mexikoko hiriburu ondoko laku batean bizi da, Xochimilco lakuan. 20-30 cm bitarte neurtzen du eta neotenikoa da, horixe da bere ezaugarri nagusia. Neotenikoa. Hau da, helduek ere ezaugarri larbarioak dituztela. Anfibioek, oro har, heldu fasera iristeko metamorfosia egiten duten bitartean, axoloteak ez dauka horren beharrik heldutasunera iritsi eta ugaltzeko.
Neotenia hori dela eta, axoloteak zapaburu erraldoi bat dirudi, bere buztan luze eta brankia adarkatuekin. Badira arrabio bilakatzen diren ale gutxi batzuk (baldintza ekologiko zehatzetan), baina axolote gehienek larba itxurarekin igarotzen dute euren bizitza osoa (20-25 urte bizi daitezke). Hainbat ikerlariren arabera gizakiak ere izaki neotenikoak gara. Beste simio batzuekin alderatuta, ezaugarri neotenikoak ditugu (buru biribila, mutur txatoa...), eta horregatik daukagu antz handiagoa txinpantze gazteekin helduekin baino; gure simiotasuna ez dugu erabat garatzen. Aditu batzuen ustez, Jay Gould buru, izaera neoteniko horri esker bizitza osoan ikasteko gogoa eta gaitasuna gordetzen dugu gizakiok (animalia gehienetan gertatzen ez dena) eta espeziearen garapenean eta iraupenean garrantzi berezia izan du horrek.
Axoloteak garai batean oso ugariak ziren eta nahuatl herriaren mitologian leku berezia ere izan zuten, baina Mexiko hiriaren zabaltzeak gero eta toki txikiagoa laga die bizi irauteko. Azken 20 urteotan beherakada azkarra izan dute eta azken ikerketen arabera bere jatorrizko populazioa desagertzeko zorian dago. 1200 axolote besterik ez omen dira geratzen Xochimilco lakuan. Askoz gehiago mundu osoko aquariumetan, etxean nahiko erraz hazi eta ugaldu daitekeen animalia baita.
Argazki gehiago wikimedian eta informazio mordoa axolotl.org webgunean.
Mandiolan txoritan
Itturrua ingurutik jeitsi berri naiz. Txoritan ibili naiz pare bat orduz. Gautxori bila joan eta beste txori batzuk ekarri ditut kolkotik zintzilika. Katalejotik, alegia.
Gaur arrats-iluntzean Mandiola inguruan ibili naiz txoritan. Helburu nagusi bat nuen: gautxoria. Txori urria Eibarren eta Gipuzkoan, oro har. Beste zenbait aldiz ingurune horretan ikusi izan dut, eta hantxe aritu naiz, gora-ta-behera, ea nonbait aurkitzen nuen, baina ez. Ez ikusi eta ez entzun (kantu berezi-berezia dauka). Gaurkoan kale; ez da agertu. Berandu samar ere bada, ekainean errazago entzuten delako uztailean baino.
Egia esan, ez dut girorik onena izan txoritan jarduteko. Arrats goibela, haizetsua... gainera, ez naiz, ba, kamiseta gorri kantoso batekin joan? Mendira igo naizenean ez neukan itxaropen handirik. Dena dela, ez da larregi behar Mandiola inguruan txoriak ikusteko eta gaur ere holaxe izan da. Zozo ta birigarro, txinbo ta burubeltz, txitxi ta okil, txantxagorri ta txepetx, ernara eta abijoi, bele eta mika... Kardantxilo kuadrila polita ikusi dut Garron eta txitxi familia bat Saapittan. Ez da
gutxi.
Baina ez, egia da ez dela izan txoritarako egunik onena. Hala ere, amaieran sorpresa polita izan dut. Upartiño gaineko pinudian sartu naiz ingurune horretako espezierik ohikoenak ikusteko asmoz (pinu-txoriak, pinu-burubeltzak, katanarrak...) eta bisitaria aurkitu dut horien ordez: okiltxoria (Sitta europaea, garrapoa). Tarte luze batez pare-parean izan dut, enborrean jira-bueltaka koko bila. Txori ederra. Lerden eta arina.
Etxera pozik itzultzeko nahikoa.
Amaitzeko, gautxoriaren (Caprimulgus europaeus) kantua ipiniko dizuet. Datozen egunotan entzuten baduzue, abixatu! Gogoan izan ilunabar aldean abesten duela gehienbat.
Aasuaerrekan txoritan
Azkenaldian nahiko lagata daukat txori kontua. Denerako astirik ez. Baina gaur goizean mendi-buelta polita egin dut Eibar inguruan. Txori ugari eta inguru polita. Aasuaerreka barrena borborka zegoen.
Eguraldi txepela zegoen arren, katalejoak hartu eta mendira irten dut gaur goizean. Gehienetan Mandiola-Kalamua ingurura joten dut; sarri Galdaramiño edo Lindari aldera. Aasuaerreka inguruan, ostera, oso gutxitan ibiltzen naiz. Gaur hara joatea erabaki dut eta ez naiz damutu.
Aasuaerreka Eibarko herri ondo-ondoan dago. Industriagune zahar ugartu baten erditik pasa, zubipea igaro, eta berbertan dago. Kaletik 5 minutu eskasera. Esango nuke eibartar gehienek ez dutela ezagutzen. Ez dut esango Yellowstone itxurako ingurune naturala denik, baina Eibarko basamortu pinazeo-industrialean oasi ederra da. Baso mixto tipikoa: haritz tantaiak nagusi, haltzak eta urkiak nonahi, gorostiak eta lizarrak tarteka, baita gerezi eta makalak ere. Zer esanik ez, hainbat landare eta zuhaixka. Bi hektarea eskas izango dira errekaren ezker-eskuma, baina ederrak eta hainbat txoriren bizigune. Eibarko sahiesbideak zati bat jan zion; ea geratzen denak bizirik irauten duen (goiz osoan beste albiste hau izan dut-eta buruan).
Gaur goizekoa zoramena zen. Zer zen hura! Txoriz gainezka zegoen Aasua. Kantuak, deiak, hegaldiak, borrokak... izugarria. Hiru ordu inguruko osteratxoa egin dut eta gure basoetan bizi diren espezierik gehienak ikusi ditut: birigarroak marraskiloak jaten; zozokumeak beldurrez ihesi; pikuko txinboa (Sylvia atricapilla) kantari; txantxangorri eta txepetxak ixildu ezinik; parandak (Fringilla coelebs) kukuka; okila txistuka; txirriskilla zuhaitz puntan txirri-txarraka; txinbo burubeltzak (Parus major) sagastian; abendua (Buteo buteo) nire buru gainean lumak garbitzen; txirixuak gorde-gordeka; bigotedun txinboa (Muscicapa striata) euli-ehizan; eta guztien gainetik, zeruan jirabueltaka, ernara (Hirundo rustica), ipurzuri (Delichon urbica) eta abijoiak (Apus apus).
Aasuaerrekatik gora jarraitu eta Azaldegi ingurura heldu naiz eta handik Santa Kurutz eta Mandiolara. Pinadi eta zelaien eremua da eta txorifaunan ere igarri da: mikak agertu dira, beleak ohiuka, buztanikarak eta txinbo karkarrak (Saxicola torquata) ugariak ziren Azpiri alboko zelaietan, eta pinu artean amilotx mottoduna ikusi ahal izan dut, beti bezain lotsati. Azaldegi azpiko zelai eta frutarboletan, aldiz, berdeloiak, hormatxoriak eta kardantxiloak ziren nagusi, dozenaka.
Ingurune horretan bizi diren beste zenbait espeziek ihes egin didate. Izan ere, sarri ikusi izan ditut inguru horretan buruhandiak, katanarrak, buztanluzeak eta txinbo errealak. Dena ezin. Ea bihar zorte hobea dudan.
EGUNERAKETA: gaur, igandea, berriro itzuli naiz Santa Kurutz aldera eta atzo ihes egindako zenbait espezie ikusteko aukera izan dut: buruhandia (Lanius collurio) Illo inguruan, txoka talde eder bat Egunuetan, buztangorri familia bat Itturruako txabolan, eskillasoak Upartiñon eta txitxia (Anthus trivialis) Azpiriko zelaietan kantuan. Primeran.
Aasuaerreka (Eibar)
Datorren igandean (urriak 7) hegaztien eguna Txingudin
Noiz: Urriaren 7an, igandea, Hegaztien Eguna.
Non: Plaiaundiko Parke Ekologikoan, Txingudi (Irun)
Ordutegia: Goizeko hamarretan hasita, goiz osoan zehar.
Jarduerak: Parkean zehar behaketa postuak, elkarteko ornitologoekin. Teleskopioak egongo dira. Doan.
Datorren igandean hegaztien eguna ospatzen da. Helburua da, hegaztien mundua eta kontserbazioa herritarren artean ezagutaraztea.
Gure inguruan, azken urteotan bezala, Itsasenara Ornitologia Elkarteak mahaiak jarriko ditu eta informazioa banatuko Plaiaundin, Txingudin (Irun). Goizeko 10etan hasita elkarteko kideak parkeko hainbat puntutan egongo dira, teleskopio eta prismatikoekin, hegaztien behaketan lagunduz eta informazioa emanez.
Egun honetan parte hartzeko ez da hegaztiei buruzko ezagupenik behar; gogoa bakarrik, eta ahal izanez gero, katalejoak.
Hegaztien Eguna udazkeneko migrazio garaian izaten da, milaka hegazti Europa iparraldetik Afrikara bidean dauden unean. Bidaia horretan hainbat atsedenleku dituzte hegaztiek, eta horien artean garrantzitsuenetarikoa Txingudiko padura da. Garai honetan Txingudin ikusi daitezkeen hegaztien artean ondorengo hauek ditugu: lertxunak eta lertxuntxoak, ubarroiak, txirriak, ahateak, txirrinak, kulixkak eta bernagorriak. Zorte pixkatekin arrano arrantzalea eta mokozabala ere ikusi ahal izango ditugu.
Animatu!

Haitz-enara (Ptyonoprogne rupestris)
Iraila, udazkena, hegoia... hegaztien migrazioa. Azken hileetan gure artean ibilitako hainbat hegazti Afrikarako bidean hasi dira, besteak beste, milaka enara. Baina batzuk hemen geratuko dira negua pasatzen: haitz-enarak dira.
Eibarren hiru enara espezie ikus daitezke. Lehenengo biak arruntak eta ezagunak dira: enara arrunta (Hirundo rustica) eta azpizuria (Delichon urbica). Horiek hurrengo mezuren batean aipatuko ditut, beharbada. Baina gaur hirugarrena ekarri nahi dut, ezezagunena. Azken egunotan sarri ikusi dut han eta hemen, eta iruditzen zait ugaritzen ari dela. Haitz-enara da (Hirundo rupestris, edo Ptyonoprogne rupestris).
Aurreko biak baino ezezagunagoa eta urriagoa, haitz-enara dugu Europan ikus daitezkeen enaren artean bizi, azkar eta akrobatikoena. Hegan ari denean enara arruntaren antza du, baina are arin eta ausartago da, eta hegan ez ezik, lurrean dauden intsektuak hartzeko gauza ere bada. Denbora gehiena airean pasatzen du, baina gainontzeko enara klaseak baino gehiago geratzen da lurrean edo haitzetan, asko atsegin baitu harri gainean etzanda eguzkitan epeltzea.
Europan bizi diren enaren artean handi eta astunena da. Bizkarraldea eta burua arreak ditu, hegoak ilunxeagoak eta sabelaldea argia, baina ez beste enarek bezain zuria. Ezaugarri horiek nahikoa izan ohi dira txori hau identifikatzeko orduan, baina zalantza guztiak uxatzeko frogarik garbiena bere buztanari begiradatxo bat botatzean aurkituko dugu: laukia da, ez sardekara, eta gainera birak emateko isatsa zabaltzen duenean, oso nabariak dira bertan, bai gainean eta bai azpian dituen orban zuriak.
Ohituraz ere ezberdin samarra da. Enara arruntak baserrietako korta, atari eta abeletxeetan ikusten ditugu gehienbat; enara azpizuriak etxeetako teilatupeetan (Eibarren, esate baterako, Ipuruako torreetan, Azitaingo La Salle ikastetxean, Bidebarrieta edo Errebal kaleetako etxe garaienetan...). Haitz-enara, berriz, montikolagoa da; hau da, mendi eta harkaitzak nahiago ditu herri, baserri eta belardiak baino. Horrez gain, habia ere haitz artean kokatzen du eta ez etxe edo giza eraikuntzetan. Oñatin, esate baterako, sandeli-txorixa esaten diote, Sandeli haitzulo inguruko haitzetan bizi delako.
Ez da, beharbada, aurreko biak bezain ugaria, baina Eibarren ere erraz ikus daiteke. Gainera, azken urteotan bere populazioak gorantz egin du eta inguru berriak kolonizatzen hasi da, eta orain arteko harkaitzak laga barik, autopistako zubipeak kolonizatzen hasi da. Eibarren, adibidez, autopistako zubi gehienen azpian ikusiko dugu zeruan dantzan: Txontan, Urkin, Apalategin, Azitainen...
Udan ez da erraza izaten enaren artean bata eta bestea ezberdintzea, baina udazken-neguan, beste enara espezieak Afrikara joaten direnean, bista-bistan geratzen dira haitz-enarak Eibarko zubi eta etxe artean.
Gora begiratu, zabaldu begiak, eta gozatu enara hauen hegaztada bihurri eta ausartekin. Kontuz, hala ere: kumatzen ari badira, mokoka erasotuko zaituzte traba egiten badiezu. Gezurra dirudi 10-15 zentimetroko txoritxo batek horrelako izua sor dezakeenik! Eta eragiten du, sinistu! :-)
Oh.: argazkia Dave Appleton
Argazki gehiago
Ego erreka
Eibarko errekian izena Ego da. Gure herrixa zeharkatzen dau, mutur batetik besteraiño. Baina nundik dator eta nun dauka iturburua? Galdera erreza dirudi; erantzun errezekua, esan gura dot. Ba, ez pentsau! Behin baino gehixagotan erabili dogu gaixa esku artian, eta esango neuke galdera horrek ez daukala erantzunik, ez errezik, ez zailik. Toponimia aldetik, behintzat.
Egin deigun gorutz errekan zihar. Ego errekia Maltzagan hiltzen da, Deba ibaixan ittota. Hortik gora, Eibar guztia gurutzatzen dau (herri azpittik gehixena), sortaldetik sartaldera, eta Ermuko sarreraraiño jarraittu geinke bere jarixua. Horraiño konforme.
Ermuko sarreran, baiña, errekiak beste bi itturri nagusi hartzen dittu.
1) Ermuko urak
Batetik, Ermutik datozen urak, gorutz jarraittuta, beste bi adarretan banatzen diranak: Areittio ingurutik datorren Urtia (Urteaga) errekia; eta Goitondotik datorren Berano erreka, Oiz eta Urko aldeko urak jasotzen dittuana.
2) Aixola
Bestetik, Aixola eta Eitzaga aldetik datorren errekia daukagu, normalian, Aixola erreka izenakin ezagutzen dana (basarri-auzo horrek be izen horixe dauka). Bere iturburua Intxortan dago, eta Elgetako frontoi azpittik pasauta, Aixolara eta Eitzagara heltzen da.
Ego errekia, hortaz, Eibarren bakarrik daukagu. Elgetako, Zaldibarko, Ermuko eta Mallabiko urak batzen dittu, baina Eibartik kanpo beste izen batzuk daukaz (Ermuko sarreran izan ezik).
Aurreko 4 udaletxietan galdetu neban, eta iñungo mapetan ez da agertzen Ego izenik. Ejerzituan mapetan bez; XIX. mendeko mapetan bez. Elgetako eta Ermuko toponimia historikuetan (Euskaltzaindiak kaleratuta) bez.
Zer diño herrixak?
Eibartarren artian galdetu ezkero, gehixenendako, Oiztik datorren adarra izango litzake Ego.
Zer ziñon Juan San Martiñek?
Egoarbitza mendixan azpiko errekiak (Aixolak) eukiko zebala jatorriz Ego izena. Egotxia (Egoetxeaga) auzunia be inguruan dago.
Zer diñue geografuak?
Geografuen arabera, afluente luziena (eta jarixo haundixena daukana) izango litzake errekian iturburua. Baina gure kasuan, zein? Zer adarrek dauka ur eta indar haundixagua? Elgeta-Zaldibartik datorrenak? Ermua-Mallabittik datorrenak? Zein dago urriñago? Intxorta edo Oiz?
-------------
Zuzenketa: Zuzenketa txiki bat. Berano errekak ez dittu jasotzen Oizko urak, Trabakutik datozenak baizik. Oizen jaixotzen diran errekatxuak, gehixenbat, Ibaizabalera eta Artibaira doiaz.
Eta mapa bat egin dot teknologia barrixak erabilitta:



