Hemen zaude: Hasiera Blogak Eibartik Kultura

Eibartik

Kultura

Eibarko euskalgintza eta kulturgintza udaletxean

Joan zen astelehenean ekitaldia izan genuen Eibarko udaletxean. Gaia: udalak urtero ematen dituen diru-laguntzak. Diru-laguntzen legea aldatu dela aprobetxatuta (eta horrelako ekitaldiak bistosoak direla, bide batez), ekitaldia antolatu zuen Udalak. Aurten dirua jasoko dugun Eibarko kultur eta euskara elkarte guztiak bildu ginen udaletxeko areto nagusian eta lankidetza-hitzarmenak izenpetu genituen hantxe bertan, bata bestearen ostean.

Diru-laguntzen hitzarmenaEkitaldian 25 elkarte bildu ginen eta 30 hitzarmen izenpetu ziren guztira (batzuek 2-3 hitzarmen). Diario Vascok jaso zuen moduan, hantxe zeuden las fuerzas vivas de Eibar. Esango nuke batzuk falta zirela, batez ere gazteenak (Matrallako, Ustekabe, Gaztetxea, jaietan dabiltzanak...), baina gehientsuenak-edo hantxe geunden.

Hauxe da aurtengo diru-laguntzen zerrenda eta bakoitzak jasoko duen kopurua:

Cielito Musika Banda 76.943
UKE / Uni Kultura Elkartea 71.760
...eta kitto Euskara Elkartea 51.931
AEK 25.893
Club Deportivo Eibar 23.650
Usartza Txistulari Banda 21.092
Amañako jaiak Artetxa Elkartea 8.100
Pedro Celaya Elkartea 7.000
Urkitarrak 6.600
Sostoa Abesbatza 6.165
Casa Galicia 5.800
Agina Elkartea 4.470
Badihardugu 4.263
San Cristobal - La Rampa 4.100
Asociación Artística Eibar 2.950
Casa Cantabria 2.800
Abontzako Jai Batzordea 2.400
Deba Beheko Bertsolari eskola 2.200
Santa Kurutzeko Jai Batzordea 2.200
Behetarrak 2.100
Asociación Amigos de Moto Lambretta Eibar 1.500
Revista Eibar 1.500
Asociación Filatélica Arrate 1.250
Plano Corto 1.000
Goruntz Abesbatza 750

 

Aurten 338.000 euro banatuko ditu udalak guztira, iaz baino %26 gutxiago. Krisia.

Miguel de los Toyos alkateak aipatutako 3 ohar ere azpimarratu nahiko nituzke, erabat ados nagoelako:

  1. udalak ematen dituen 340.000 euro horiek inbertsioa dira, azken batean elkarteok gure herriko ekonomiara itzultzen ditugun sosak direlako (gehienbat herriko denda eta lanetan gastatzen ditugulako diruok). 
  2. elkarteen lanari esker, gainera, aberastasuna sortzen da herrian bertan. Diru-iturri ere bagara, beraz.
  3. eta elkarte kulturalen laguntzarik gabe, ezinezkoa litzateke Eibarko egitarau kulturala antolatu eta garatzea.

Eta beste hiru kontu, amaitzeko:

  1. argazkian 25 lagun; 5 andrazko eta 20 gizonezko. Oraingoan ere gizonezkoen kulpa ote?
  2. gazterik bat ere ez. Tira, Mikel Larreategi, Deporreko presidentea (29 urte; gazte?). Eibarren asoziazionismoak eta mugimendu kulturalak beti izan du indar handia. 10 urte barru?
  3. Eibarko Udalak urtero banatzen ditu diru-laguntzak Eibarko elkarteen artean. Orain arte, ez zen ekitaldirik egiten. Bakoitzak bere proposamena udaletxera eraman, udalak bere erantzuna eman, eta kitto. Aurten, baina, desberdina izan da. Hasteko, legea aldatu da eta diru-laguntzak eskatzeko (eta esleitzeko) modua aldatu egin da. Egokitu, bateratu, zuzendu... Uste dut onerako izan dela. Eta aldaketa hori aprobetxatuta, ekitaldia ere antolatu zuen udalak. Ekitaldi xume eta azkarra izan zen; elkar ezagutzeko ere balio izan zigun eta gure lana erakusteko ere balioko du, nolabait. Horretara, esango nuke Udalak asmatu duela eredu berriarekin.

 

Asier Sarasua 2010/05/05

"Zai zoi bele" dokumentala

EITBek azken egunotan iragarri duenez, gaur bertan (igandea) hasiko da ematen dokumental-sorta hau. "Ez dok amairu" taldearen inguruko gorabeherak biltzen ditu 6 ataletan. DVDan ikusteko aukera izan dut eta aholku bat: ahal baduzue, ikusi. Ez zarete damutuko.

Orain dela pare bat urte izan nuen lehenbizikoz proiektu honen berri. Orio Produkziotik deitu zidaten. "Eriz Zapirain naiz, Orio Produkziokoa. 60ko hamarkadako musikaz dokumental bat egin behar dugu eta Interneten zure bideo zahar interesgarri batzuk ikusi ditugu. Dokumentalean sartzeko baimenik emango zeniguke?"

Nire amak eta aitxitxak ateratako bideo batzuez ziharduen. Eibarko Euskal Jaia azaltzen da, 1965-1969 bitartean, eta irudien artean "Ez dok amairu" izeneko karroza bat. Horretxen bila zebilen Eriz: Ez dok amairu musika taldearen inguruko dokumental bat egiten ari ziren.

Orain dela aste gutxi Erizen eskutitza jaso nuen lanean. Eskerrak ematen zizkidan eta dokumentalaren kopia bat bidaltzen zidan DVDan. Egun batzuetan mahai gainean ahaztuta izan ostean, azken egunotan osorik ikusi dut, goitik behera. Ikusi eta gozatu.

1960ko hamarkada erdialdean euskal kantagintzak izugarrizko iraultza bizi izan zuen: Ez Dok Amairu taldearen sorrera. Gaur egun hain ezagunak ditugun hainbat artista bildu zituen taldeak (Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Lurdes Iriondo, Julen Lekuona, Joxean Artze edota Joxe Anjel Irigarai, besteak beste) eta Frankismoaren sasoi ilun hartan arnasa berria ekarri zion Euskal Herriari, kantagintzari ez ezik, baita euskal nortasun berari ere.

Lau urte jardun du Orio Produkzioak ekoiztetxeak Eriz Zapirain zuzendariaren ardurapean dokumental sorta honetan lanean. Dokumental sorta honen asmoa garai hura ezagutzera ematea izan da, belaunaldi berriek jakin dezaten zeintzuk diren, nola eta zergatik hasi ziren eta, batez ere, zer ekarpen egin dioten euskal kulturari. Izan ere, esango nuke gehienok ezer gutxi dakigula "Ez dok amairu" taldeaz.

Dokumental-sortaren bidea ez da samurra izan. Lau urtetik gora behar izan dituzte burutzeko (Argiako albiste honetan prozesu guztia egileen ahotan). Hasieran 30 elkarrizketa inguru egin zituzten. Ondoren gidoia, muntaia... etorri ziren. Nola antolatu hori guztiori? Dokumentala 6 ataletan banatzea erabaki zuten, bidaia baten itxuran antolatuta. Amets Arzallus izango da gidaria. Sei eguneko bidaia bat egingo du Euskal Herrian barrena, Donostiatik abiatu eta Donostiara itzultzeko; bidaia espazioan eta denboran. Ibilbidean lekuak, izenak eta gertakizunak kontatuko dizkigu Ametsek, 1965ean Ez dok amairu sortu zen unetik 1972an desegin zen arte. Nola sortu zen taldea? Zer iturritatik edaten zuten? Zer oztopo izan zituzten? Zein zen garai hartako egoera? Eta zergatik desegin zen taldea?

Garai hura ezagutu ez genuenontzat ezinbesteko dokumentala. Eta ezagutu zutenentzat ere bai. Gaur gauetik aurrera, igandero, gaueko 21.30etan ETB1en.

Beharbada egokiagoa da telesaila hasi-ta-amaitu ikustea, ez sei astean zehar (kapitulu batetik bestera erreferentziak daudelako), baina baliteke EITBk laster sarean jartzea, horrela egiten duelako hainbat proiekturekin. Bitartean, telebistan ere ondo.

 

 

 

 

 

Asier Sarasua 2009/12/27

Eibar

Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri 

(Eibar, 1969). Biologoa ikasketaz eta euskaltzalea bokazioz (filologia ikasketak amaitu arte, behintzat). Eibarko euskara eta historia jasotzen ahaleginak egin ditut, batez ere Eibartarren Ahotan proiektuan eta Eibarko hiztegiaren inguruan. Codesyntaxek ematen dit jaten eta errege-erreginak hartzen dizkidate ordurik gehienak. Geratzen zaizkidan tarteetan, Badihardugun aritzen naiz, herririk herri elkarrizketak egiten Ahotsak proiekturako eta, askotan, txori-izenak jasotzen. Gauza arraroagoak badaude munduan.

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

 

 

 

 

 

----------
 
 
Azken erantzunak
txu Kongo edo Marruekos, Belgika edo Espainia, 2012/01/22
. @argazkilaritza, 2011/12/07
Enbidixia Amatiño, 2011/12/07
Itxaro Borda asier, 2011/12/06
baten bat ahaztu maider, 2011/12/05
Etiketa lainoa
Animaliak Argazkiak Argitalpenak Artxiboa Athletic Aurkezpenak Badihardugu Berbarik berba Bertsolaritza Birziklatzea CC Danetik pixkat Danetik_pixkat Egunkaria Egunkaria libre Eibar EibarOrg Eibarko Eibarko euskara Eibarko-euskara Etnografia Euskara Hegaztiak Herri-hizkerak Historia Igerilekua Internet Kantagintza Kirola Kultura Musika Natura Toponimia Txori izenak Untzaga Urola-kosta Zarauzko-euskara ahotsak aldundia aranberri argazkiak argazkilaritza argentina argitalpenak armagintza aurkezpenak azoka badihardugu barcelona baserria berbarik berba berbarik-berba bidaiak bideoak birziklapena blogak catala catalunya cde danetik pixkat danetik-pixkat danetik_pixkat dantza deporra durango eibar eibarko euskara eibarko museoa eibarko-euskara eibarko_euskara eibartarrak eibartarren-ahotan ekitaldiak emakumeak errebal errepideak errepublika etnografia euskal-jaia euskalherria euskalkiak euskaltzaindia euskara familia flickr futbola gasteiz gaztainerre genealogia gerra girona gizartea hartza haurrak hegaztiak herri-hizkerak historia hitanoa hizkuntzak hiztegi-batua hiztegia hiztegiak igartubeiti igerilekua ikastaroak ikastola ikuskizunak internet ipuinak ipurua irakurketa jaiak jaialdiak jardunaldiak katalunia kirola kritikak kultura lanak lea-artibai lekuak liburuak literatura literaturak mallorca margola marraskiloak memoria mendia mogel moluska musika natura ohiturak ondarea oporrak pelikulak pintxoak pirinioak politika purrustadak sagardoa sakoneta salburua sarasua sarea senideak soziolinguistika tekniker teknkologia telebista toponimia trinkoa turismoa twitter txoriak udala unibertsoa veleia zarautz zientzia ztiak