Eibartik
Historia
"Eibar atzo eta gaur" argazki-bilduma
GureGipuzkoa.net webgunekuak sekulako lana eitten dihardue. Argazkixak jasotzen, katalogatzen,... eta sareratzen. Azken egunotan, eta Eibarren egingo dan ekitaldi bat dala-eta, Eibarko irudi zahar eta barrixak erakutsi deskuez, baitta nahastauta be.
Gipuzkoako Aldundixak bultzatutako proiektua da: Guregipuzkoa.net. Gipuzkoako argazkixak batzen dittu, bai bilduma publikuak eta bai pribatuak. Publikuen artian, Eibarko bilduma haundi bi: Indalecio Ojanguren eta Juan San Martin. Eta dana CC-BY-SA lizentziapian banatzen dabe.
Eibarko bildumak aprobetxatuta, "jolasian" jardun dabe azken egunotan. Lehenengo, argazki zaharrak hartu eta gaur egungo panoramikak ataratzen (leku eta perspektiba bardiñakin). Hamentxe Plaza Barrixa, esate baterako.
Eta gero, bixak nahastau dittue, esate baterako, 1933ko hauteskundietako argazki historikua gaur egungo eskola berian ipini dabe:
GureGipuzkoa.net | Alderaketa eibartarrak. Hauteskundeak. © CC BY-SA
Lan ederra GureGipuzkoako Xabier Eskisabelek egin dabena. Eta dana lizentzia libre eta Creative Commons kontzeptuen abantailengaittik.
Zer esango dabe Eibarko ordezkari batzuek? Ai ama! Enteratzen badira! Vade retro Satanas!
Esnatu! Errepublikia etorri da eta!
Apirilak 14. Errepublikia aldarrikatu zan eguna. Gaur 79 urte. Orain dala urte batzuk, hurrengo bideua egin genduan Eibarko Udalian Errepublikiaz. Zelan bizi izan zeben eibartarrak hori egunori? Herriko hainbat lekuko elkarrizketatu eta bideo txiki bat egin genduan. 1931ko apirilaren 12tik 14ra bizi izandakuak gogoratzen dittugu. Itziar Alberdi izan neban lankide eta Eibarko Udalaren "Eibartarren Ahotan" proiektu barruan egin genduan lana.
"Zai zoi bele" dokumentala
EITBek azken egunotan iragarri duenez, gaur bertan (igandea) hasiko da ematen dokumental-sorta hau. "Ez dok amairu" taldearen inguruko gorabeherak biltzen ditu 6 ataletan. DVDan ikusteko aukera izan dut eta aholku bat: ahal baduzue, ikusi. Ez zarete damutuko.
Orain dela pare bat urte izan nuen lehenbizikoz proiektu honen berri. Orio Produkziotik deitu zidaten. "Eriz Zapirain naiz, Orio Produkziokoa. 60ko hamarkadako musikaz dokumental bat egin behar dugu eta Interneten zure bideo zahar interesgarri batzuk ikusi ditugu. Dokumentalean sartzeko baimenik emango zeniguke?"
Nire amak eta aitxitxak ateratako bideo batzuez ziharduen. Eibarko Euskal Jaia azaltzen da, 1965-1969 bitartean, eta irudien artean "Ez dok amairu" izeneko karroza bat. Horretxen bila zebilen Eriz: Ez dok amairu musika taldearen inguruko dokumental bat egiten ari ziren.
Orain dela aste gutxi Erizen eskutitza jaso nuen lanean. Eskerrak ematen zizkidan eta dokumentalaren kopia bat bidaltzen zidan DVDan. Egun batzuetan mahai gainean ahaztuta izan ostean, azken egunotan osorik ikusi dut, goitik behera. Ikusi eta gozatu.
1960ko hamarkada erdialdean euskal kantagintzak izugarrizko iraultza bizi izan zuen: Ez Dok Amairu taldearen sorrera. Gaur egun hain ezagunak ditugun hainbat artista bildu zituen taldeak (Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Lurdes Iriondo, Julen Lekuona, Joxean Artze edota Joxe Anjel Irigarai, besteak beste) eta Frankismoaren sasoi ilun hartan arnasa berria ekarri zion Euskal Herriari, kantagintzari ez ezik, baita euskal nortasun berari ere.
Lau urte jardun du Orio Produkzioak ekoiztetxeak Eriz Zapirain zuzendariaren ardurapean dokumental sorta honetan lanean. Dokumental sorta honen asmoa garai hura ezagutzera ematea izan da, belaunaldi berriek jakin dezaten zeintzuk diren, nola eta zergatik hasi ziren eta, batez ere, zer ekarpen egin dioten euskal kulturari. Izan ere, esango nuke gehienok ezer gutxi dakigula "Ez dok amairu" taldeaz.
Dokumental-sortaren bidea ez da samurra izan. Lau urtetik gora behar izan dituzte burutzeko (Argiako albiste honetan prozesu guztia egileen ahotan). Hasieran 30 elkarrizketa inguru egin zituzten. Ondoren gidoia, muntaia... etorri ziren. Nola antolatu hori guztiori? Dokumentala 6 ataletan banatzea erabaki zuten, bidaia baten itxuran antolatuta. Amets Arzallus izango da gidaria. Sei eguneko bidaia bat egingo du Euskal Herrian barrena, Donostiatik abiatu eta Donostiara itzultzeko; bidaia espazioan eta denboran. Ibilbidean lekuak, izenak eta gertakizunak kontatuko dizkigu Ametsek, 1965ean Ez dok amairu sortu zen unetik 1972an desegin zen arte. Nola sortu zen taldea? Zer iturritatik edaten zuten? Zer oztopo izan zituzten? Zein zen garai hartako egoera? Eta zergatik desegin zen taldea?
Garai hura ezagutu ez genuenontzat ezinbesteko dokumentala. Eta ezagutu zutenentzat ere bai. Gaur gauetik aurrera, igandero, gaueko 21.30etan ETB1en.
Beharbada egokiagoa da telesaila hasi-ta-amaitu ikustea, ez sei astean zehar (kapitulu batetik bestera erreferentziak daudelako), baina baliteke EITBk laster sarean jartzea, horrela egiten duelako hainbat proiekturekin. Bitartean, telebistan ere ondo.
XVII-XVIII gizaldietako euskarazko koplak Eibarren
Aste honetan berri onak heldu dira Eibarko udal artxibotik. Batto: artxibo berria inauguratu da. Biga: Bergarako udaletxean "bahituta" zegoen material historikoa berreskuratu da. Hirur: material horren artean XVII eta XVIII gizaldietako euskarazko kopla zaharrak agertu dira. Ez da gutxi!
Ba bai. Aste honetan albiste onak ekarri dizkigu Eibarko udal artxiboak. 10-12 urtez obretan egon ondoren (erraz esaten da), azkenean berriro itzuli da Eibarko udalaren artxibategia Untzagako plazara. Lehenengo udaletxeko obrak izan ziren (eta urteetako atzerapena), gero artxiboa Untzagara ekarri ezina (hezetasun arazoak eraikuntzan), gero ez-dakit-zer... 10 urtetik gora igaro ditu artxiboak Portaleko egoitza probisionalean. Azkenean, baina, joan zen astean ireki zituen ateak Eibarko udal artxibo berriak.
Luze jo du, baina merezi izan duela esan daiteke. Artxibo berri, zabal, moderno eta erabilgarria daukagu (behingoz) Eibarren. Duela 3-4 aste ezagutu nuen egoitza berria (oraindik obretan zegoela) eta asko-asko gustatu zitzaidan. Oraindik ez dut martxan ikusi, baina gogo handiz nago. Ondo pentsatutako eta antolatutako instalazioak dira.
Gainera, artxiboan material "berria" ere izango dugu, Eibarko Eskribautzari dagokiona: XVI. mendetik XIX. mendera bitarteko auzi zibilen, exekuzio-auzien eta auzi kriminalen agiriak. 100 urtean Bergarako artxiboan gordeta egon ondoren, Eibarrera itzuli dira. Material garrantzitsua, zer esanik ez, batez ere Eibarren daukagun agiri-gabezia ezagututa (Eibarko hainbat eta hainbat agiri galdu egin dira sute eta gerretan, batez ere, 1794ko sutean eta gerra zibilean).
Bergarako agirien inguruko informazio gehiago Egoibarra.com webgunean.
Eta azkenengo berri ona: Bergaratik etorri den dokumentazio historiko horren azaleko arakatze batean euskarazko dokumentu bi agertu dira. 1668an eta 1721an idatzitako kopla bana. Hizkuntza gutxitu honetan ez dira larregi garai hartako dokumentu euskaldunak eta berri pozgarria da, beraz. Dena dela, Eibarren bertan badira garai beretsuko beste bi dokumentu historiko: 1685eko beste kopla zahar batzuk eta 1754. urteko ordenantzak.
1668ko koplak oraindik ez dituzte transkribatu (agiriak ez omen daude oso egoera onean); 1721. urtekoak, ostera, Egoibarra.com webgunean kaleratu dira. Gartzela-zigorra eta dekapitazioa jasateko arriskua dudan arren (irakurri Mendicutek idatzitakoa Egoibarraren lege-oharraren inguruan), hementxe berridazten ditut.
Harrigarria da zelako erraz irakurtzen den eta gaur egungo Eibarko euskararekin alderatuta zelako antzerakoa den. Zalantzazko 2-3 berba izan ezik, beste guztia ondo-ondo irakurri eta ulertu daiteke. Zain nago, ea hizkuntzalariren batek azterketa sakonagoa egiten ote duen.
Hementxe, behintzat, kantu hori (Eibarko bi emakumek herriko botikarioari kantatutakoak):
Ederra jacus etorri
.........................
Ederra jacus etorri
Jaungoycuac baixe estaqui
.........................
Arrabaleco dama ederroc
Es arren urten echeric
..........................
Trupin jauna orra nundatorren
Dama ederren ondoriq
...........................
Guitarriata biolinchua
Achaquiazat arturiq
...........................
Caballeriata perruqueria
encaxe puntas beteriq
...........................
Tauaquerabi ordabilza
Sorabedarrez beteriq
............................
Seyn ezconduba seyn esconsaquia
Estau iminten dudariq //
Orregayterren ateraeben
Leen bere lecaytioriq
.............................
Arraguetaco jendeaq
Leenago dauco jaquiniq
.............................
Trupin jaunorreq
Sorziraq Jolta utenzedan echeriq
..................................
Urtezedan echeriq
Dama ederren alderiq
Hauxe da istorioa, antza: "Trupin" jaunari (Agustin Ezenarro botikarioari) neska ederrak gustatzen zazikio eta horien atzetik ibiltzen da, ezkondu zein ezkongabeen atzetik. Lekeition ere antzera ibili omen zen eta horregatik bota zuten herritik. Ezenarrok zortziretan irtetzen du etxetik eta Arraguetako dama ederrei dei egiten zaie kontuz ibil daitezen.
Horixe da koplen egileek salatu eta kantatu zutena; eta horregatik jarri zuen kereila Ezenarrok.

