Hemen zaude: Hasiera Blogak Eibartik Eibarko

Eibartik

Eibarko

Serafin Basauriri omenaldia

Serafin Basaurik (Eibar, 1935) euskararen alde lanean igaro ditu bere bizitzako urterik gehienak. Hori dela eta, Eibarko euskaltzale talde batek bultzatuta, eta Eibarko hainbat elkartek lagunduta, omenaldi txiki bat egingo zaio abenduan, hainbat urtez burututako lan guztia eskertzeko asmoz. Eibartar guztiak daude gonbidatuta bazkari-omenaldira. Abenduaren 20an izango da Arrate Hotelean.

Serafin Basauri Arteaga

serafinSerafin Eibarren jaio zen 1935eko apirilean, Legarre auzoan, eta hantxe pasa zituen bere umetako urteak, putsezko baloiekin jolasean, Urkotik behera datorren errekan plisti-plasta, eta Amañako presapean igerian.

Lehenengo eskola Udaletxeko monjetan izan zuen. Gero, 7 urterekin Frontoizarreko eskolan nazionalean ibili zen eta, ondoren, Isasiko Corazonisten ikastetxean. Fraileetako ikasketak amaituta, 12-13 urterekin Armeria Eskolara joan zen.

Handik irtenda, GAC enpresan hasi zen lanean, baina Alfa lantegiari lotuta igaro ditu bere lan-urterik gehienak.

Gaztetatik euskararen munduan

Umetatik ezagutu zuen giro politiko eta euskaltzalea etxean bertan. Aita sozialista zuen, eta euskalduna; ama abertzaleagoa eta euskaltzaleagoa. Etxean euskarazko liburu bat ere bazeukan amak, eta liburu horrek eragin handi-handia izan zuen Serafinengan. Batez ere Arrese Beitiaren "Ama euskerearen azken agurrak" olerkiak hunkitu zuen eta horrek piztu zuen euskaltzaletasuna bere barruan.

Euskararen munduan Juanito San Martinen eskutik sartu zen 1953. urte inguruan. Klub Deportiboan taldetxo bat sortu zuen San Martinek, mendirako zaletasuna ardatz hartuta. Mendia eta politika oso lotuta zeuden garai hartan, eta baita euskaltzaletasuna ere. Gerora, Klub Deportiboan euskarazko klaseak ematen hasi zen Imanol Laspiurrekin batera. Ondoren, Ekin sortu zen, eta euskal kultura bultzatzeko eta zabaltzeko zerbait egiten hasi behar zela pentsatu zuten.

1950. hamarkada iluna izan zen, etsipenez betea, baina erdi-ezkutuan bazen ere, lanean aritu zen eibartar euskaltzale talde bat, Serafin tartean zela. Klandestinitatean sartu zirenean oso zail ikusten zuten orduko egoera aldatzea, baina bai uste zuten euren burrukarekin euskara eta euskal mundua hobetzeko aukera izango zela. "Zer lortuko juagu? Burrukan egin, behintzat, euskerian alde!". Talde hartako hiru pertsonaia nagusien artean (Basauri, Laspiur eta San Martin), euskarak eta hizkuntzak toki handia bete izan du beti, horixe zen aurrera egiteko giltza eta arrazoia.

1950. hamarkadako iluntasunaren ostean, 1960. hamarkadan itxaropenerako tarte bat sortzen hasten da. Euskara kalera irtetzen hasten da, euskal jaiak sortzen eta ugaritzen dira… Serafin ere mugimendu horretan murgiltzen da hamarkada osoan, euskarazko klaseak ematen eta, batez ere, alfabetatzeko programak. Euskaraz idazten irakasten zuten, testuak landu, hitzaldiak antolatu, eta abar. Garai hori izan zen Serafinek kulturgintzan gehien disfrutatu zuena. 1960ko hamarkada itxaropen sasoia izan zen.

Garai horretan, gainera, Eibarko Ikastola ere sortu zen. Serafin Basaurik 1966. urtean hartu zuen ikastolaren ardura eta hainbat kargu eta lan burutu zituen 1972. urtera bitartean. Oso urte garrantzitsuak izan ziren Ikastola jaioberri txikia benetako ikastola bihurtzeko: legeztatu egin zen, lokalak lortu ziren, irakasleak eta ikasleak ugaritu egin ziren… Guzti horren motor nagusietako bat Serafin bera izan zen, eta lan horren ondorioz sortu zen Mogel ikastola 1973. urte inguruan.

Orain ere bizi-bizi lanean

Azken urteotan ere euskararen alde lanean jarraitu du. Azken 20 urteotan Eibarko Udaleko Euskararen Mintegiko kide izan da eta Udalak kaleratutako hainbat liburutan Serafinen eskua dago ("Eibarko aditza", "Eibarko deklinabidia" edo "Eibarko Hiztegi Etnografikoa", esate baterako). Herri hizkerak jasotzen lan egin duen Badihardugu elkarteko presidente ere izan da, eta Ohorezko Presidente da une honetan. Eta bere azkenengo lana Eibarko Hiztegi Digitala da, une honetan azken ikutuak jasotzen ari dena, besteak beste Serafin Basauriren lanari esker. Euskaltzain urgazle ere bada.

Omenaldia

Serafin ez da omenaldizalea eta lehenago ere ezetz esan die horrelako ekitaldiei. Oraingoan ezin izan du ezetzik esan. Abenduaren 20an Eibarko euskaltzale guztiek omenaldi txiki baina beroa eskaini nahi diogu, bere bizitzan zehar euskararen alde egindako lan guztia eskertzeko. Arrate Hotelean bazkari-omenaldia egingo zaio eta antolatzaileek eibartar guztiak gonbidatu nahi dituzte, batez ere Serafin ezagutu eta berekin lan egiteko zortea izan dugunok.

Eibarko euskalgintzak Serafin Basauriri, bazkari-omenaldia.

  • Eguna: abenduaren 20an, 13.00etan (Untzagan).
  • Lekua: Arrate Hotela.
  • Menua: Paletilla Iberikoa, Pikilloko piper beteak, Bakailao Orly mokadutxoak / Arrain-zopa / Lupia laban edo txahal solomilloa cabrales saltsan / San Markos tarta.
  • Izena-emateko: 35 euro sartu behar dira Kutxako kontu honetan: 2101 0035 16 0010181170.
  • Harremanetarako: 943 200918.
  • Sustatzaileak: Arrate Kulturala, Badihardugu elkartea, EibarOrg, …eta kitto!, Klub Deportiboa eta Mogel Ikastola.

Bazkari egunean Untzagan bilduko gara, talde-argazki bat ateratzeko (gero oroigarri moduan erabiliko duguna). Untzagan elkartuko gara, beraz, eguerdiko 13.00 puntuan. Zeozer hartu eta handik Hotel Arratera joango gara bazkaltzera.

Asier Sarasua 2008/11/20

Eibar

Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri 

(Eibar, 1969). Biologoa ikasketaz eta euskaltzalea bokazioz (filologia ikasketak amaitu arte, behintzat). Eibarko euskara eta historia jasotzen ahaleginak egin ditut, batez ere Eibartarren Ahotan proiektuan eta Eibarko hiztegiaren inguruan. Codesyntaxek ematen dit jaten eta errege-erreginak hartzen dizkidate ordurik gehienak. Geratzen zaizkidan tarteetan, Badihardugun aritzen naiz, herririk herri elkarrizketak egiten Ahotsak proiekturako eta, askotan, txori-izenak jasotzen. Gauza arraroagoak badaude munduan.

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

 - Gure argazkiak Flickerren -

Argazkiak Asier Sarasua Aranberri Asier Sarasua argazkiak

 

Azken erantzunak
Vida vasca 1924 asier, 2010/03/16
Telefono zenbakixa Amatiño, 2010/03/15
Beti ikasten dok zeozer Amatiño, 2010/03/12
Esanahia Edurne, 2010/03/10
esanahia Nerea, 2010/03/10
Etiketa lainoa
Ahotsak Aldundia Argitalpenak Artxiboa Aurkezpenak Berbarik berba Bertsolaritza CC Danetik pixkat Egunkaria Egunkaria libre Eibar Eibarko Eibarko euskara Eibarko-euskara Etnografia Euskaltzaindia Euskara Herri-hizkerak Historia Internet Kantagintza Kultura Liburuak Literatura Musika Natura Toponimia Txori izenak Txori-izenak Untzaga Urola-kosta Zarauzko-euskara ahotsak aurkezpenak berbarik berba birziklapena eibar eibartarrak eibartarren-ahotan errebal errepideak euskara familia historia hiztegia ikastola ipuinak kultura lanak margola mogel natura udala veleia