Hemen zaude: Hasiera Blogak Eibartik Danetik pixkat

Eibartik

Danetik pixkat

Umetako lehenengo oroitzapenak

Ume txikiak dituzunean, munduaren beste ikuspegi bat daukazu eta hainbat galdera egiten dizkiozu zure buruari. Adibidez: nagusiak direnean, zer gogoratuko dute seme-alabek euren haurtzaroaz?

Gogoratuko dituzte aurtengo oporrak? Gogoratuko dituzte azken urteotan eurekin egindako gauzak? Gogoratuko dute zenbat maite ditugun? Azken 8 urteak emozioz eta anekdotaz beteak izan dira, baina zalaparta guzti horretatik zer gogoratuko dute gure seme-alabek?

Izan ere, nik oso-oso gauza gutxi gogoratzen ditut nire ume-umetako lehenengo urteetakoak. Sei urtetik aurrera gehixeago, baina ordura arte, irudi edo sentsazio hutsak. Hala ere, badira barruan erabat itsatsita ditudan oroitzapen gutxi batzuk. Kolore eta xehetasun guztiekin gogoratzen ditudanak.

3 urte ditut. Aitxitxa-amamen etxean nago. Iluntzen ari du. Atea jo dute eta gurasoak sartu dira. Azken egunotan oso gutxi ikusi ditut. Arreba ospitalean dago, oso larri. Nik hori ez dakit. Bakarrik dakit gurasoak ez ditudala azkenaldian larregi ikusi. Aitak agurtu egiten nau; amak ere bai. Ni aitxitxarekin nago, bere franelazko fraka grisera itsatsita. Amak beti kontatzen dit, aitxitxarekin ikasi nuela berba egiten; ordura arte hitz gutxi batzuk besterik ez nituela esaten. Eibarko zaharren moduan hitz egiten nuela 3 urterekin. Aitxitxak hitz egiten zuen moduan.

4 urte ditut. Ikastolako lehenengo eguna da. Eibarko Ikastolak parrokiako lokaletan dauka haurreskola. Hara noa amaren eskua oratuta. Gogor-gogor oratuta. Foto Garay parean nago, Dos de Mayo kalean, fraka motzetan. Negarrez nago. Tira, kurrixka batean nagoela esatea zehatzagoa da. Ama larri dago, ni bezain txarto pasatzen, baina tinko. Nire bizitza laburreko egunik txarrena da, duda barik. Handik egun batzuetako oroitzapen bat ere badaukat. Ikastolan nago. Lurrean jarrita nago, okumezko ohol batzuen gainean. Eibarko Ikastolak ez dauka dirurik haurrentzat aulkiak erosteko. Andereño Ana oso goxoa da.

5 urte ditut. Etxeko komunean nago. Komun txikian, etxean bi komun ditugulako, bata handiagoa (urdina) eta bestea txikiagoa (arrosa). Gaua da. Gurasoak kanpora joan dira afaltzera, ez dakit nora. Anai-arrebak Marirekin geratu gara, lantzean behin zaintzen gaituen emakume nagusi bat. Baina Marik gaur ezin gaitu zaindu. Komunean dago, lababoaren gainean botata, arnas-estuka. Larri dago. Larri gaude. "Mari, urten balkoira haixe pizkat hartzera" esaten diot. Marik barretxoa bota nahi du, baina ezin du. Telefonoz deitzen dio norbaiti. Urte batzuk geroago jakingo dut bihotzekoa eman ziola gure etxeko komun txiki arrosan.

5 urte ditut. Gure etxeak terrazatxo bat dauka eta hantxe gaude familia osoa. Oso eguraldi ona egiten du. Ez dakit udaberria den, baina nire oroitzapenean hori dirudi. Toldoa jaitsita dago eta terrazako landare guztiak loratuta daude. Etxeko terraza kolore entsalada bat da eta lore usaina dario. Zain gaude; Joxe noiz etorriko zain. Tinbrea jo dute eta eskaileretara goaz. Joxeren burua ikusten dut behetik gora. Ez dut ezagutzen, baina asko maite dut Joxe. Oso eskutitz politak bidali dizkigu azkenaldian, marrazkiz beteak eta alai-alaiak. Etxeko atarira heldu da eta harridura darama aurpegian. Gerora jakingo dut emozionatuta dagoela, egun hartako koloreak eta umeen garrasiak opari izugarria izan direla beretzat. Izan ere, Barruan egon den denboran ez du izan ez batetik, ez bestetik.

6 urte ditut. Aldamenekoen etxean nago, lorez betetako butaka batean jarrita. Gabonak dira; edo laster datoz, behintzat. Ane eta Malen arrebak ondoan ditut. Butaka ez da oso handia, baina 3 anai-arrebok ondo sartzen gara, elkarren gainean jarrita. Gu ere ez gara oso handiak. Telefonoz berbetan dihardugu. Aitta da. Esaten digu gure arreba txikia jaio dela. Maite. Ama ere ondo dagoela. Eibarko ospitale zaharrean jaioko den azkenengo haurra izango da. Uste dut asko poztu ginela.

 

Asier Sarasua 2011/09/19

Maiatzeko agenda amaierabakuak

Munduan arazo asko dagoz, garbi dago, eta euretako bat, maiatzeko agendia.

Zeinek antolatzen dittu maiatzeko agendak? e?
Badago erantzunik galaxia honetan?

Euskal Jaixa, Kantu afarixa, Mundumira, Ibilaldia, ezkontzak, jaunartziak, andereñuekin batzarrak, ikastolako olinpiada txikixa, ikastolako Euskaraz Bizi jaixa, ikastolako gurasuen bazkarixak, udalekuetarako matrikulaziñuak eta papeleuak, haziendako deklaraziñua, galleguen jaixa eta Santakurutzekuak eta Abontzakuak, txanpions finala, Arratian aldeko jaialdixak, Eibar 2. mailara, IEB11, lagun arteko afarixak, hauteskundiak,...

Giza-jaiotzen estatistika ez-uniformia dala eta, urtebetetzez beteta be badago maiatza (erregaluak, merendolak, erosketak, afarimeriendak...).

Eta, gainera, reboluziñuak be maiatzian ipintzen dittue #acampadasol

Eta ez ahaztu Eurovision!

Jodeee! Ez naizela heltzen danera!!

Eskerrak hitano ikastarua ez genduan maiatzian ipini. Ala bai?

Asier Sarasua 2011/05/20

Erdara detektagailua

Aste honetan gailu berria daukagu lanean: erdara detektagailu bat. Inguruan gaztelaniaz berbetan entzun bezain azkar, "pi-pi-pi" hasten da.

Gure bulegoan friki samarrak gara eta gailuz josita ditugu mahai gainak. Gurera etorri den azkenengoa erdara-detektagailu bat da.

Azken egunotan UMAPen garapenean murgilduta ibili garenez (eta hizkuntza detekzioan, beraz), oso antzera funtzionatzen duen asmakizuna daukagu bulegoan:

  • inguruan dauden hizlarien frekuentziak arakatzen ditu
  • elkarrizketa guztiak aztertzen eta pilatzen ditu
  • mekanismo konplexu bati esker, hizkuntzen-detekzioa egiten du (UMAPek eta Googlek baino zehaztasun handiagoarekin). Oraingoz, euskara eta gaztelania bakarrik bereizten ditu, baina beste hizkuntza batzuetarako ere balio dezake.
  • gaztelaniazko hitz-segidak detektatu bezain azkar, "pi-pi-pi-pi" automatiko bat jaurtitzen du.

Interfazea Pythonen egin dugu eta erabilera digitala (nire atzaparrak zanpatua, alegia). Mekanismo xinple eta erraza; teknologia baxuko tresna. Baina aizuek, ez dakizue zelako eraginkorra den!

Hemen gure (h)izko-gailua.

hizkogailua

Photo courtesy of Aitzol Naberan

Asier Sarasua 2010/11/24

Pintxo lehiaketa

Joan zen ostiralean iluntze polita izan genuen: lagunen artean pintxo-lehiaketa antolatu genuen. Benetako lehiaketa: araudia, tentsioa, tira-birak eta sari-banaketa. Denok II. edizioaren zain.

Joan zen ostiralean Eibarko Denon Sahatsa elkartean elkartu ginen lagun talde handi bat. Ume eta guzti, 40 lagun inguru. Eta hantxe egin genuen I. Sahatsa Pintxo Lehiaketa.

10 bikote ginen lehiakide. Aurreko egunetan, zozketa egin zen eta bakoitzari jaki bat egokitu zitzaion. Osagai hori erabili behar zuen pintxoa egiteko. Eta pintxoak zerbitzatzeko ordena ere zehaztu genuen. Horrelaxe.

  1. Txibiak (20.30)
  2. Arroza edo patata (20.45)
  3. Txerrikia (21.00)
  4. Perretxikoak (21.15)
  5. Bakailaoa (21.30)
  6. Gazta (21.45)
  7. Atuna edo antxoak (22.00)
  8. Okela (22.15)
  9. Txokolatea (22.30)
  10. Izozkia (22.45)

 

Arautegia

Arautegia ere zehatza zen:

  • Osagaiak: bikote parte-hartzaile bakoitzak nahi duen osagaiak erabiltzeko eskubidea dauka, baina betiere zozketan egokitu zaion jakia baldin bada pintxoaren oinarri eta osagai nagusia. Hortik aurrera, imajinazioa da muga bakarra.
  • Non: pintxoak soziedadean bukatu behar dira. Nahi bada etxean egin daiteke aurre-lana, baina pintxoak elkartean bertan amaitu eta platereratu beharko dira. Tranpatirik ez.
  • Aurrekontua: mugarik ez. Bakoitzak egin dezala nahi duena. Allakuidaos.
  • Neurria: bikote parte-hartzaile bakoitzak 20 lagunendako pintxoak egin beharko ditu. 20 mokadu txiki, edo 10 pintxo erdibana, norbere esku.
  • Timing-a: pintxoak banaka mahairatuko ditugu, zozketan zehaztutako hurrenkera jarraituta. Lehenengo pintxoa 20.30etan (puntual-puntual) egongo da mahai gainean. Hortik aurrera, 15 minuturo zerbitzatuko da hurrengoa. Horrela, bikote bakoitzak gutxi gora-behera kalkulatu ahal izango du noiz/nola hasi pintxoa sukaldatzen. Hau da, 25 minutu behar badituzu pintxoa laban sartzeko, ba, horixe, egin kalkuluak.
  • Puntuazioa: Pintxoak puntuatzea eta irabazlea aukeratzea partaide guztien esku egongo da. Partaide bakoitzak (ez bikote bakoitzak) gainontzeko pintxo guztiak puntuatu beharko ditu, 1etik 10era dezimalik gabe, ondorengo hiru alderdiak kontuan izanda: aurkezpena eta itxura, zailtasuna eta zaporea.
  • Sari-banaketa: boto-kontaketa egin ondoren, sari-banaketa egingo dugu. 1. saria: garaikurra eta spa sesioa Orbean, haurtzaindegia barne. 2. saria: garaikurra. Egurrezko goilara azkenengo 2 bikoteentzat. Eta egin beharko dute: 1) mahaia batu; 2) kafeak egin eta banatu; 3) edalontzi eta katiluak garbitu.

 

Errepikatzeko modukoa. Datorren urtean II. edizioa. Beharbada beste soziedade batean ;-)

I. Sahatsa Pintxo Lehiaketa

Argazki gutxi batzuk gehiago Flickren.

Asier Sarasua 2010/10/18

Oporretan

Bai, hau blogau oporretan egongo da datozen astiotan. 6 urtez jo-ta-ke biharrian, eta uda honetan atsedenaldi txiki bat hartzia pentsau dau.

Bai, badakit: blog batian nahi danian idazten da. Ez dago derrigortasunik eta bakotxak nahi dabena eta nahi daben erritmuan idazten dau. Orduan, ez dago zertan esan bihar oporretan garela. Nahi bada idatzi; ez bada nahi, ez idatzi. Izan be, lehenago be euki izan dittut antzeko etenaldixak; ezer idatzi ez doten 2-3 asteko atsedenaldiren bat.

Baina oinguan kontzientzia osoz izango da. Aurten "erronka" txiki bat ipini detsat nere buruari: uda honetan ez dot blogian idatziko, ez dot Twitterrik ixotuko, ez dot Facebookik begiratuko, ez dot Bloglines erabiliko... Bizpahiru hilabeteko baraualdixa, desintoxikazitzeko; kolesterola jaisteko. Onerako izango dalakuan: edo probarako, behintzat.

Ba, horixe: Oporretan!

A! hori bai, horrek ez dau esan gura, edozein momentutan nere asmua aldatu eta kontrakua egingo ez dotenik. ;-)

http://thomasmu.files.wordpress.com/2008/07/traumstrand.jpg

Asier Sarasua 2010/07/05

Lau urteko umien gelan hizlari

Atzo Ikastolan egon nintzan, Manexen gelan. Aste honetan txorixen inguruko ikasgaixa dauke eta andereñok eskatu zestan berba batzuk esatera joateko. Ederto pasau neban.

Arratsaldeko 3etan heldu nintzan Sansaburura eta hantxe nittuan danak zain. 80 ume. Lau urte ingurukoak. Hori urduritasuna! Eurena eta, gehixenbat, neria! Nahiko ohittuta nago hitzaldi eta aurkezpenetara, baina zer kontatzen jakue 4 urteko umemokueri? Ume bakar bati, tira, horretan badakat esperientzia, baina 80 umeri? Eta zelan dominau salbaje-aldra hori? :-)

Oso esperientzia politta izan zan eta ederto pasau genduan. Nik bai, behintzat. Eta uste dot eurak be gustora egon zirala. Argazki batzuk ikusi genduzen, txori-kantu batzuk entzun, bideoren bat ikusi (pinguinuak eta kolibrixak), lumak eta arrautzak be aztertu genduzen... Eta euren anekdotak eta ipuinak entzun, zelan ez: "nik etxian txori bat dakat", "ba nik bi perikito, baina hil egin dira", "eta nik behin ikusi neban arrano bat", "eta nik bi arrano eta superhaundixak"...

Amaieran, erregalua be jaso neban: marrazki haundi bat, Manexen ikaskide guztiak egindakua, txoriz beteta eta esaldi honekin: "Eskerrik asko Asier, txoriak maite dituzulako". Ai, zelako emoziñua! :-)

Manexen gelan

 

Asier Sarasua 2010/04/30

Abizenak zenbakitan eta lurraldeka INEren webgunean

Espainiako Estatistika Institutuak (INE) baliabide interesgarria dauka bere webgunean: Espainiako abizenen datu-base bat dauka eta lurraldez lurraldeko datuak ematen dizkizu (Iparraldekorik ez, jakina). Esate baterako: zenbat "Sarasua" gara? eta non bizi gara?

Hauxe da Espainiako INE (Instituto Nacional de Estadística) erakundearen webguneak ematen duen zerbitzua: Distribución territorial de apellidos. Abizen bakoitzak dituen herritarren kopurua ematen du, lurraldez lurralde banatuta.

Esate baterako, 770 Sarasua bizi gara Espainian. Bigarren abizena Sarasua dutenak beste 631 dira. Gehien-gehienak Gipuzkoan eta Bizkaian bizi gara, baina Espainia aldean ere badira ehundaka batzuk. Munduan zehar besteren batzuk ere izango dira, noski. 2008ko datuak dira eta bakarrik Espainiakoak, baina bada zeozer.

Nire beste abizen batzuk zenbatzen ere ibili naiz. Arruntenak (Toledo 16.991, Arana 7.103, Mendizabal 3.759, Aranberri 1.450, Aginaga 1.250, Gisasola, 1.048), zein urrienak (Iribekanpos 53, Mallabiabarrena 47, Iñarrairaegi 34, Elkoroberezibar 20).

Tira, ez da beste munduko erreminta, baina kuriosoa da, denborapasarako egokia. Zeintzuk diren euskal abizenik arruntenak, zeintzuk arraroenak, zeintzuk Nafarroako tipikoenak, zeintzuk giputzak... 

Jolasa: ea nork aurkitzen duen abizen euskaldun arruntena (eta ez du balio Garciak: 1.477.204). Eta urriena?

 

Asier Sarasua 2010/04/15

Soba - Vega de Pas (Cantabria)

Joan zen asteburuan Cantabria inguruan ibili gara berriro. Sobara itzuli gara, hainbagarren aldiz, eta handik Vega de Pas herrira ere joan gara, Burgostik barrena. Inguru ikusgarria.

Lehenago ere aipatu izan dut Soba blog honetan eta Flickr-era ere hainbat irudi igo ditugu. Soba Cantabrian dago, Laredotik hegoaldera jota, Asón eta Gandara erreketan gora. Burgos eta Bizkaiako mugan dago eta inguru ikusgarria da. Eder-ederra. Lagun batzuen etxea aprobetxatuta, sarri joan izan gara asteburua pasatzera eta Aste Santuan ere pare bat egun egin genituen bertan. Beti bezala, primeran.

Oraingoan, Soba ez ezik, Vega de Pas ingurua eta Burgos iparraldea ezagutzeko aukera izan dugu. Sobatik irten, Portillo de la Sía mendatea igo eta Burgosera heldu ginen, Las Merindades ingurura. Handik, berriro iparralderantz egin eta Cantabriara itzuli ginen, Vega de Pas herrira (ibilbidea Tagzanian).

Harrituta eta liluratuta geratu naiz Burgos iparralde horrekin. Las Merindades, Espinosa de los Monteros, Las Machorras, Puerto de Estacas de Trueba... Zelako inguru ederra! Oraindik ere natura nagusi; gizakia eta natura elkarren lagun.

Toki paregabea.

Portillo de la Sía (Soba, Cantabria)

Portillo de la Sía (Soba, Cantabria)

Fuenterrabiosa (Machorras, Merindades, Burgos)

 Fuenterrabiosa (Las Machorras, Burgos) 

Estacas de Trueba

Puerto de Estacas de Trueba (Burgos-Cantabría)
Asier Sarasua 2010/04/07

Margola, 1924

1924ko aldizkari zahar batzuetan altxor txiki bat topau dot. Nere aitxitxak (eta anaiak) sortutako Margola tintorerixian iragarki bat. 1924. urtekua.

Nere aitxitxa, Luis Aranberri, "Margola" gatxizenakin ezagutu izan da Eibarren. Izen bereko tintorerixia euki zebalako. 

Bere anai batek 1920. urte inguruan sortu zeban eta urte batzuk geruago nere aitxitxak hartu zeban tintorerixian arduria. Aitxitxa, aitta, ama,... tintorerixara lotuta dagoz nere barruan. Hango PER usaina, labadoratzarrak, erropa-multzuak, furgonetak... Aitxitxa bere buleguan, aitxa eta ni domeka goixetan erropia sailkatzen, eta ama alargunduta jo-ta-sua biharrian. Nere gaztaroko oroitzapen mordua PER usain horri lotuta dagoz.

Aste honetan, 1924ko aldizkari zahar baten, Margolako iragarki bat topau dot. Politta. Margolako logo zaharra, diabrua. Eta tintorerixako lanik arruntenak zerrendatzen dittu: "Limpieza en seco y tinte en todos colores. Negro permanente para luto y luto especial en doce horas". Izan be, antxiñako tintorerixetako lanik inportantienetakua ez zalako arropak garbittu eta plantxatzia, tintatzia baizik (askotan, lutorako).

Margola, 1924

 Francon diktadura-sasoian, diabrua berde-gorrittu egin zeban aitxitxak.

 

Asier Sarasua 2010/03/14

Bring on the night

"When the World Is Running Down You Make the Best!".

Euriak eta umeen gaixotasunak ere badute alderdi onik. Etxean egoteak ere badu bere zer hori. Aspaldiko partez musika pixkat entzuteko aukera ere izan dugu egunotan. Tartean munduko abestirik onena, edo ia. Itoizen Ezekiel, U2ren zenbait eta beste dozena erdi. Hortxe dago gorentasuna. Eta tartean Police taldearen Bring on the night. Batez ere bere zuzeneko bertsio erdi-jazzeroan. Aspaldi entzun barik eta atzo eguna poztu zidan.

Harry altoo volumena!

 

2010. urterako ToDo-en zerrendan: musika gehiago entzun behar dut.

 

Asier Sarasua 2009/11/13

Eibar

Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri 

(Eibar, 1969). Biologoa ikasketaz eta euskaltzalea bokazioz (filologia ikasketak amaitu arte, behintzat). Eibarko euskara eta historia jasotzen ahaleginak egin ditut, batez ere Eibartarren Ahotan proiektuan eta Eibarko hiztegiaren inguruan. Codesyntaxek ematen dit jaten eta errege-erreginak hartzen dizkidate ordurik gehienak. Geratzen zaizkidan tarteetan, Badihardugun aritzen naiz, herririk herri elkarrizketak egiten Ahotsak proiekturako eta, askotan, txori-izenak jasotzen. Gauza arraroagoak badaude munduan.

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

 

 

 

 

 

----------
 
 
Azken erantzunak
txu Kongo edo Marruekos, Belgika edo Espainia, 2012/01/22
. @argazkilaritza, 2011/12/07
Enbidixia Amatiño, 2011/12/07
Itxaro Borda asier, 2011/12/06
baten bat ahaztu maider, 2011/12/05
Etiketa lainoa
Animaliak Argazkiak Argitalpenak Artxiboa Athletic Aurkezpenak Badihardugu Berbarik berba Bertsolaritza Birziklatzea CC Danetik pixkat Danetik_pixkat Egunkaria Egunkaria libre Eibar EibarOrg Eibarko Eibarko euskara Eibarko-euskara Etnografia Euskara Hegaztiak Herri-hizkerak Historia Igerilekua Internet Kantagintza Kirola Kultura Musika Natura Toponimia Txori izenak Untzaga Urola-kosta Zarauzko-euskara ahotsak aldundia aranberri argazkiak argazkilaritza argentina argitalpenak armagintza aurkezpenak azoka badihardugu barcelona baserria berbarik berba berbarik-berba bidaiak bideoak birziklapena blogak catala catalunya cde danetik pixkat danetik-pixkat danetik_pixkat dantza deporra durango eibar eibarko euskara eibarko museoa eibarko-euskara eibarko_euskara eibartarrak eibartarren-ahotan ekitaldiak emakumeak errebal errepideak errepublika etnografia euskal-jaia euskalherria euskalkiak euskaltzaindia euskara familia flickr futbola gasteiz gaztainerre genealogia gerra girona gizartea hartza haurrak hegaztiak herri-hizkerak historia hitanoa hizkuntzak hiztegi-batua hiztegia hiztegiak igartubeiti igerilekua ikastaroak ikastola ikuskizunak internet ipuinak ipurua irakurketa jaiak jaialdiak jardunaldiak katalunia kirola kritikak kultura lanak lea-artibai lekuak liburuak literatura literaturak mallorca margola marraskiloak memoria mendia mogel moluska musika natura ohiturak ondarea oporrak pelikulak pintxoak pirinioak politika purrustadak sagardoa sakoneta salburua sarasua sarea senideak soziolinguistika tekniker teknkologia telebista toponimia trinkoa turismoa twitter txoriak udala unibertsoa veleia zarautz zientzia ztiak