Hemen zaude: Hasiera Blogak Ingelesen hilerria irutxulo

Ingelesen hilerria

irutxulo

Nunca mais 'Nunca mais'

Igandean 900 metroko altuera igo, eta Larraitzetik Txindokira iritsi nintzen pare bat ordutan. Ez du meritu berezirik izango, ze gailurra eta bidea jendez gainezka zegoen, baina neu bezalako ezkirol deklaratu batentzat bada nolabaiteko marka.

Aitatasunaren gauzak. Semea Antiguako Jakintza ikastolako aisialdi talde batekin eta guraso elkartearekin ibilaldietara irteten da zenbait igandetan, eta bi aukera geratzen zaizkizu, edo beste guraso batzuekin joaten uzten diozu edo zeuk eramaten duzu... Mutilak animo handirik ez du behar mendira lagunartean igotzeko, ziztu batean abiatzen da aurrean zer duen inporta ez zaiola, eta bakarrik ere joango zen, baina zer pentsatu behar du aita gaixoaz etxean geratzen banaiz... Ai ene, zeresango ditxosoaren mendean ere jausi gara, eta mendizale bihurtu, disimuloagatik edo!

Kirol dendan ere erosi nituen, neurri aldakorreko mendi makila moderno horietakoak... Denak horiekin dabiltza eta! Baina, ez naiz moldatzen. Astesantuan, egurrezko makulu handi bat aurkitu nuen, Done Jakue bidean erabiltzen diren horietakoa, eta harekin hobeto nabil. Beste gailu batzuekin ere hornitu dut nire burua. Bereziki, GPS-arekin. Bueno, honek ez du lotura zuzenik ibilaldiokin, ze beti taldean goaz, jende mordoa, eta bidearen jakitun diren gidariekin: ez dago galtzeko arriskurik. Baina, tira, lanean Tagzania egiten ere badihardugu, mapak, bideak eta geografia pertsonala lotu guran Interneten, eta horrekin ere trebatu beharra dago. Horra bigarren aitzakia bat alpinista bihurtzeko.

Mendiaren gailurrera iritsitakoan esan nion lagun bati. Ateraiguk argazkia, bazeukat-eta izenburua: Nunca Mais. Baina ez dakit, honezkero, lartxo esatea ez ote den. Nekezago dut orain esatea, "iturri honetatik ez dut edango"... Adinak ere ekarriko du, beharbada, esaldi eta baieztapen absolutuetan konfiantza gutxiago izatea. Era horretako beste bat, Lauaxetaren hura. Dana emon biar yako matte dan azkatasunari. Ez dakit bada, maite den askatasunari dena eman behar ote zaion... Dena, dena... asko da hori. Betiko esatea bezainbeste.

Txindokiko, beheranzkoan, ño, kostatu zitzaidan... ai nire belaun gaixoak! Zer ez du egingo aita batek seme-alabengatik!
Luistxo Fernandez 2007/04/24

Desdonostia

Probintziakoa sentitzen naiz Donostian, probintziakoa naiz eta. Eibartik etorri nintzen hiriburura. Hona ezkondu nintzen. Tira,
lehenengo etorri, eta gero ezkondu. Baina hona ezkondu. Oso soziablea ere ez naizenez, ez dut halako txoko propiorik eraiki. Tanborradak edo kaldereroek ez didate ezer esaten, Reala bost axola zait (bueno, axola zait: desiatzen nago jaitsi daitezen), eta inoiz ez dut esaten donostiarra naizenik. Hala ere, kexatzeko motiborik ez daukat. Eroso bizi naiz hemen. Herri polita da, eta New York izan barik, probintziako herri batean baino hiri-zentzu apur bat gehaigo aurkitzen diot hemengo bizitzari.

Zortea dut Donostian bizitzen, eta uste dut Donostiak ere zortea duela Donostia izaten: hiria den ez dakit, baina hiriburu bai, instituzio
batena bederen, eta hori igartzen da. Foru Aldundia Gipuzkoa plazan dago, eta foru departamentuak, hainbat lagunen lanpostuek dakarten inbertsio eta gastuekin, han eta beste makina bat lekutan hirian zehar. Foru liburutegia ere, gipuzkoar guztiena, Artzain Onaren elizaren atzean dago. Ze zortea Koldo Mitxelena Kulturunea. Primerako liburutegia iruditzen zait, erosoa eta zaindua, eta katalogo onekoa. Eibartarrena ere ba omen da, eta Elgetakoena, baina eibartarra bazara, hobe duzu nik bezala egin eta hona ezkondu erabili nahi baduzu...

Bentaja handiak ditu Donostiak, beraz, eta herriei ateratzen dien aldea gero eta handiagoa da. Erakunde berri bat, zentro, ikertegi edo dena-delako bat sortu behar bada Gipuzkoan babes eta diru ofizialekin... Haren egoitza hartzeko aukera gehienak Donostiak ditu. Harekin datorren bultzada ekonomikoa ere, Easo ederrean geratuko da.

Onerako, Donostian. Eta txarrerako? Zabor ekoizle handienak ere, herriz herri, biztanle kopuruagatik, donostiarrak izango gara, baina
grazia du, gero, erraustegia Donostian joan behar dela erabakitakoan, haren kokapena Zubietan izatea. Donostian, baina, probintzian, ez oso-oso Donostian, desdonostian esan dezagun, Usurbilera begira... Eta kartzela, berdin. Apur bat iruzurtia dirudi Donostia honek batzuetan...
Luistxo Fernandez 2007/02/12

Zapateroren umiliazioa

Artxibatuta dago blogean, zer idatzi nuen iazko martxoan, eszeptizismo handiarekin hartzen nuela une politiko berria. "Dexenteko desilusioa ere hartu nuen aurreko su-etena hautsi zenean. Oraingoan, ez, hausten bada, ez nau sorpresaz hartuko." Hala izan da. Oporretan hartu ninduen, baina ez zidan sorpresarik eragin. Tristura bai, eta asperdura... Ekuadorko bi horien senide eta lagunak, aldiz, triste eta aspertuta baino gehiago egongo dira, jota, amorruz.

Su-eten bat bizi izan genuen Lizarrakoarekin. Eperik gabea, uste dut. Oraingoa, iraunkorra. Eperik gabeak amaitzen badira, iraunkorrak berdintsu amai zitezkeela argi zegoen, ezta? Hurrengoari, beste epiteto bat eskatu beharko diogu.

Dena pikutara joateak ez nau harritu, baina bederatzi hilabete hauetan, gauza batzuk ezin ulerturik ibili naiz. Batez ere, Espainiako Gobernuaren eta haren buru Jose Luis Rodriguez Zapateroren jarrera. Ezertxo ere egin gabe, eta Aznarren garaiko lege eta epaitegi ustelak ukitu gabe, halaxe konpondu behar ziren gauzak, ETAk etsi, eta Batasuna pozik, eta biba Espainia. Tarte horretan, deklarazio hutsalak besterik ez. Baita atentatuaren bezperako Zapateroren mezu optimista estupido hura, gauzak hobera joan daitezkeela...

Espainiako demokrazi honetako gobernuburu guztiek izan dute tentazioa, bakoitzak sinesteko bera izango zela ETAren amaiera akta sinatuko zuena. Zapaterok ere hori pentsatu zuen, baina, aurreko batzuek ez bezala, atzamarrik mugitu gabe lortuko zuela sinetsi ere! Aznar berak ere mugimendu gehixeago erakutsi zuen: PSOEk bideo batez hark baino gutxiago egin zuela erakutsi zuenean aurtengo udazkenean, horixe izan zen mezua, hura mugitu zen, gu ez. Hain inteligentzia eskasa... nola liteke? Ze buru du Zapaterok? ze aholkulari edo ministerio ditu berarentzat lanean?

Hala ere, hantusteak puztutako gobernuburu bat baino gauza okerragorik bada. Umiliatutako eta erretxindutako gobernuburua. Aznarren azken agintaldia horren lekuko: umiliazioa sentitu zuen, ez ETAk su-eten hura hautsi zuenean bakarrik, baita 2001eko maiatzeko hauteskundeetan Eusko Legebiltzarrerako Mayor Oreja eta Redondo Terreros erridikuluan utzi zituenean Ibarretxek. Eta erretxinduta geratu zen bigotedun gizon triste hura, ez horregatik bakarrik, baita ETAk zinegotziak bata bestearen atzetik hilez, eman eta eman egin ziolako . Erresumin haren ondorioak zein diren badakigu.

Zein ote dira Zapateroren erresuminarenak? Hori izango ote da bere erreakzioa? Ala talante hutsalarekin jarraituko du? ala inteligentzia izpiren bat ikusiko ahal du!

Luistxo Fernandez 2007/01/06

Balaklava

Ondarreta ondoko pub edo taberna batean, jabeak aldatu dituzte. Doner kebab bat da orain. Urtebetean, zenbat irekiko ote zituzten Donostian? Dozenerdi bai, gutxienez. Espainian gauden seinale, akaso, ze, honezkero, giri jendeak blogetan Espainiako abenturak kontatzen dituenean gastronomiaren seinale tipikoena ez da paella, baizik eta donerkebaba!

Han-hemenka zabaltzen doazen kebab horietako zerbitzari eta langileak, Ondarretako honetakoak bezala, Hego Asiako tankera fisikoa dute. Pakistan edo India aldeko beltzaranak. Bitxia da gero, ze, doner kebab izen eta janari turkiarra omen... Edo Anatolian epizentroa duena, arabiarren artean ere Shawarma esaten diotena edo grekoen Gyros, gauza berdina omen da. Haragia burduntzian. Txitxiburduntzi bertikala. Ez dut uste Indian jaki hau estilatzen denik... baina, tira, globalizazioaren kapritxoz edo, turkoz mozorrotuta datoz orain hona.

Ondarretako donerkebabak ez du oraindik izena aldatu. Lehengo letrero berdina dauka, Balaklava. Halako ikutu pippermint-frapé moduko bat zuen taberna bat. British karpetobetonikoa edo. Izena ere, biktorioanoa. Etimologikoki, tabernak tradizioa turkiarrari jarraitzen dio, zeren doner kebab bezalaxe, jatorri linguistiko bera du aurrekoak, Balaklava, Krimeako tatarreraz Baliqlava, izen turkiarra da. Krimeako gerrako bataila bat handi bat izan zen Balaklavakoa, duela 150 urte. Ingelesen zalditeria arinaren kargarik ospetsuena. Balaklavako gotorleku errusiarraren kontra egin zuten, eta ingelesek galdu, hildako mordo bat. Gerra hartan, Errusia zegoen alde batetik, eta Frantzia, Inglaterra eta turkiar Otomanoak bestetik. Balaklavan irabazi arren, Errusiak galdu omen zuen gerra, baina, hala ere, ezer onik ez Krimeako Tatarrentzat edo jatorrizko biztanle turkuentzat: Krimeatik erbestera joan ziren gehienak gerra amaitu zenean.

Baina igaro dira urteak eta, Donostian bederen, fonetikoki edo etimologikoki besterik ez bada, berriz ere nolabait turkua da Balaklava... Itsaso Beltzaren ertzean barik, Bizkaiko itsasoan. Akaso itsaso berdina zeren, lagun batek esan didanez, Krimeako gerra hartan izan omen zen euskaldunik. Jose Maria Murga markinarra, alias El Moro Vizcaíno, alias El-Hach-Mohamed-El- Bagdády, han ibili izan zen eta bere memoria liburuan kontatzen du, hondartza batetik zaldiz zihoala, gatibu batzuk ikusi zituela, afusilatzetik gertu, espiak izango zirelakoan, haien hizkera ulertezinagatik... Baina euskaraz ari zirela igarri Murgak (Frantziarren partekoa, itxuraz, gerra hartan), eta hark salbatu zituen. Ekaitzak galdu omen zituen ondarrutarrak zirela... Auskalo ze cayucotan zebiltzan.

Globalizazioa ere ez da hain hain hain gauza berria, ezta?
Luistxo Fernandez 2006/10/16

Interneteko hainbat tresnak balio du nazioartera iristeko

Euskal Herria 2.0 jardunaldien harira, Donostiako Irutxuloko Hitza egunkaritik deitu zidaten elkarrizketatxo baterako. Gaur argitaratu dute, jardunaldiaren bigarren saioa Artelekun izango den honetan.

Bi puntu zero kontuez dihardut galde-erantzunetan. Izenburu hau hautatu du Aitziber Iartza kazetariak: Interneteko hainbat tresnak balio du nazioartera iristeko. Eta Tagzaniaren adibidea eman nion. Egia da atzerrira iristeko balio duela: ni gaur ez naiz izango EH 2.0 jardunaldian, Madrilgo beste ebento honetara joatea egokitu zaidalako.

Luistxo Fernandez 2006/09/28

Dokumentu definitiboa

Dokumentu bat idatzi beharra nuen. Garrantzitsua. Baina, jakina, aldez aurretiko beste dokumentu batzuetan oinarritzea zen logikoena eta iazko dokumentu bat ireki nuen, haren kopia gorde (Dokumentua-2), eta haren gainean lan egiteko.

Berrikusi nuen dokumentu zaharra, egin nituen ezabaketa eta kopi-pegaketa zehatz batzuk. Bazegoen zer berrerabili, baina parrafoen ordena aldatuta hobeto, pentsatu nuen. Tira, halako batean, etxera irten behar, eta akaso etxean osatuko nuela lana pentsatu nuen. Sartu nuen txiskeroa USB zuloan, eta han gorde nuen ordura artekoaren bertsioa, Dokumentua-2-Etxerako, desberdintzeko txiskeroan neuzkan beste dokumentuekin, zeinak batzuk ziren Etxerako, lanean kopiatuak baziren, eta beste batzuk Lanerako, etxean kopiatuak baziren lanean irekitzeko.

Egia esan, ez nuen etxean astirik aurkitu Dokumentua-2-Etxerako osatzeko, eta hortaz, etxerako zena, bueltan itzuli zen lanera txiskeroan. Bulegoko orduetan egin nuen, beraz, dokumentuaren biribiltze lana. Izen egokiarekin gorde nuen, Dokumentua-ona, eta lagun batzuei bidali nien, berrikus zezaten. Haien iritzia inportantea zen, noski. Maitek eta Aitorrek (Patxik kasurik ere ez) bueltan bidali zidaten beren dokumentu bertsioa, zentzuzko zuzenketekin biak, batarena zen Dokumentua-ona-2 eta bestearena Dokumentua-hobea. Egin nuen berridazketa bat Ona-2, Hobea eta Ona elkartuz: Dokumentua-berria-3.

Itxura ona zeukan, baina, badakizu, garrantzitsuak direnean dokumentuak, hobe inprimagailutik atera eta paperean rotulki gorriarekin errepasatzea. Errata batzuk zeuden, eta agian, tira, hirugarren paragrafo hori... Berriz ordenagailura eta Dokumentua-Definitiboa idazten hasi nintzen. Baina nahi bezala amaitzeko astirik gabe, etxera irten beharra izan nuen, eta txiskeroan gorde Dokumentua-Definitiboa-1, badaezpada, ez nahasteko.

Etxean, azkenean, eman nizkion ikutu batzuk: Dokumentua-Azkena gorde nuen PCan, eta Azkena-Lanerako txiskeroan. Biharamunean bidaltzea besterik ez zen geratzen. Baina, azken unean, e-posta begiratzea okurritu eta, kontxo, Patxik Dokumentua-Berria bidali ez dit bada! Txiskeroaren edukietan begiratu dut: hor daude denak, Ona, Berria, Definitiboa, Azkena, Berria-2, Definitiboa-1 eta Azkena-bis. Dokumentua.
Luistxo Fernandez 2006/09/19

Záruba Mezinárodní Kamionová

Autopistan luze bidaiatzea tokatu zitzaidan lehengoan, kopiloto moduan. Asperdura borrokatzeko, kamioien letreroetan fijatu nintzen, ze garraio etxe, edo konpainiaren izenean garraiatzen dituzten gauzak batetik bestera.

Ikusten nituen izen euskaldunak, edo gertukoak soma nitzakeenak, Uriarte, Fagor, Aitortxu... Beste batzuk Europa Mendebaldeko grafia ezagun samarrak, Willi Betz, Salvesen, Norbert Dentressangle...

Baina tarteka tarteka, are grafia arrotzagoak azaltzen zitzaizkidan izenak: Moslovakia.sk, Polska Grupa Transportowa, Záruba Mezinárodní Kamionová, Stahl Stehovací Sluzba... azken hau beharbada zuen pantailetan ondo ikusiko ez diren diakritikoz idatzia.

Gero eta gehiago dira tankera horretakoak. Diakritikoz beteriko izenekin datozen Europako Ekialdeko trailer handiak. Maitasunaren antza dutela esango nuke: gaur atzo baino gehiago, bihar baino gutxiago. Duela 15 urte ez zegoen halakorik apenas... Gaur, zenbat eta zenbat igarotzen diren gure errepideetatik.

Industria produkzioari lotutako ekonomia izan da azken hamarkadetan Gipuzkoakoa. Europako beste herrialde batzuekin, merkearen abantailak jokatuko zuen hori indartzen, arrakasta esplikatzeko ezagutza eta ekimena ezinbestekoak diren arren... Baina orain, beste lehia batekin egiten ari da topo lantegietako produkzioa. Orain merkeak haiek dira, eta ez bakarrik merkeak, formakuntzan eta injinerutzaren kalitatean ez dira hemen baino kaskarragoak izango.

Lantegiko metal produkzioa edo eraikuntzaren adar espekulatiboak (etxegintzatik herrilan handietara) dira hemen ekonomiaren giltza gaur egunean. Eutsigarri, iraunkor edo dena-delakoa ote da bide hori? Informazioaren gizarterantz omen goaz, ezagutza izango da balio nagusia... Bai, hori esaten zaigu, baina, benetan oinarri berri horietan eraikitako ekonomia bateranzko aldaketan sartuak gaude? Ez dakit.

Eta ekialdea, gainera, zirkunflexuz beteriko Europako herri horietan hasiko da, baina harantzago ere begiratu daiteke.

Aritzetako autopista geltokian nago. Ez kamioi markaduna, baina erremolke batean metalezko kontainer itxi bat: Kien Hung, dio alfabeto latinoz, eta aldamenean, txinerazko bi lerro, karaktere handiz. Akaso barruan zer dakarren esango digu, baina ezin ulertu. Susmoa, ordea, kontainer horrek etorkizuna dakarrela barruan...

(Irutxuloko Hitzarako idatzitako zutabea, aldaketatxo ñimiño batekin)

Luistxo Fernandez 2006/07/17

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz eta han euskaraz idazten dudana, Umap euskarazko batzailera filtratzen da. Blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa

Azken erantzunak
Ze ona aplikazioa! Ainhoa, 2012/02/08
Lurraldetasunaren koxka Luistxo, 2012/02/06
Estekak eta... Luistxo, 2012/02/06
Euskal Sexual Herria, nahiago Goio Arana, 2012/02/06
INDEPENDENTZIARAKO ESZENATOKIAK Karmelo Landa, 2012/02/06