Arte modernoaren izarrekin barre (Hirst eta Banksy)
Lehenago ere komentatu izan dut arte modernoa dibertigarria dela. Bada, arte modernoaren bi ikono handienetakoen erakusketak ikusi berritan, berresten dut esandakoa, barregarria eta barrez lehertzekoa da, zentzurik onenean.
Bi irudi hauen konbinazioak algarak eragin zizkidan Londresen. Lehena Damien Hirst-en puntutxoen adibide ugarietako bat, Tate Modern galerian. Azpian, Banksy kale-artistak egindako moldaketa sarkastikoa.
Oporretan Maider Unda ikustera joan Londresko Joko Olinpikoetara eta domina irabaztearekin disfrutatu! Sekulakoa izan da, ikurrinarekin arazorik eduki barik gainera. Baina turismo kulturala ere egin dugu. Musikal bat ikusi, adibidez. Eta erakusketa interesgarriak.
Bereziki, gogoa neukan erakusketa bat ikusteko Tate Modern-en: Damien Hirst-ena.
Artista terrible hori… Behiak, txahalak eta marrazoak formoletan. Instalazio biziak ikaragarriak iruditu zitzaizkidan. Behia usteltzen, eta eulien bizitza zikloa kutxa batzuetan haren inguruan. Eta tximeleta bizien gela, umeentzat ere zirraragarri. Horra tximeleta semearen bizkarrean, eta alaba inbidiatan (gero berari ere jarri zitzaizkion):
Source: Uploaded by user via Luistxo on Pinterest
Dozena bat gelatan, laburra egin zitzaidan. Gustatu zitzaidalako. Heriotzarekin eta higuinarekin artea egin daiteke, edo epatatu, bederen, eta Hirst maisu bat da horretan. Bere lanaren alderdi mediko-farmakologikoa (eta zigarrokinekin egindako instalazioak) ez nuen ezagutzen, eta harrigarria egin zitzaidan.
Beldurgarriaren eta barregariaren artean, hor nonbait dago Damien Hirst.
Baina gehiago disfrutatu nuen abangoardia hutsarekin. Batetik, turbinen gela esaten dioten espazio huts handi bat dago, eta han jendea zegoen/zebilen… kostatu zitzaidan konturatzea hura zela erakusketa, jende multzo bat, tarteka modu gutxi gora-behera koordinatuan mugitzen zena, erdi performance, erdi koreografia, erdi sorpresa… Ez zenekien oso seguru zenbat ziren aktoreak eta zenbat publikoa, ze azken batean gu ere sartu ginen pausoz pausoko dantza moduko hartan, urrats bat aurrera, buelta bat, beste urrats bat, denak batera mugitzen. Harrigarria eta gozagarria.
Source: coolhunting.com via Luistxo on Pinterest
Baina tira, artea zen, eta izen bat zuen pieza hark: Tino Sehgal-en “These associations”.
Turbinen gelatik gertu, espazio berri bat ere ireki da Tate-n, Herzog eta Meuron arkitektoek diseinatua, The Tanks, eta han zenbait pieza ikusi genituen, zentzu sozial eta feminista omen zutenak, baina oso ondo ulertu ez genituenak.
Source: domusweb.it via Luistxo on Pinterest
Lehen irudi sortan, bi lan, lehenik bertako argazkietan, gero gero neuk ateratako argazkiak umeekin. Lanak dira Suzanne Lacy-ren The Crystal Quilt zeinak bideoa, soinuak, eta olio tanke erraldoi bat nahasten zituen, eta bestea Lis Rhodes-en Light Music argi eta soinu instalazioa.
Source: Uploaded by user via Luistxo on Pinterest
Azkenik, The Tanks ingurune horretan beste pieza bat ere ikusi genuen, Tania Bruguera kubatar epatatzailearena. Surplus Value zuen izena instalazioa, eta beheko irudiko zera ikusi genuen, baina eskala ilunago eta ikaragarriago batean. Langilea han ari zen, Auschwitz-eko sarrera ateko burdina letreroa soldatzen (Arbeit Macht Frei), baina areto ilun eta oso handi batean zen, eta ikusleak bakarrik bi/hirunaka sartzen uzten zigutenez, inpresioa eragiten zuen.
Source: kadist.tumblr.com via Luistxo on Pinterest
Londresko arte-eszena aurkitu genuen hurrengoa ustekabekoa izan zen. British Museum ikustera gindoazela, metroaren eta museoaren artean zegoen eraikin handi hau… Old Sorting Office almazen hutsa zen, New Oxford Street kalean.
Source: Uploaded by user via Luistxo on Pinterest
Mr Brainwash jartzen zuen, Exit To The Gift Shop Banksy-ren film bitxian agertzen den fake-artista da Mr Brainwash hori. British-etik irtetean, berriro bertara itzuli eta irekia aurkitu genuen.
Oso ona da Banksy. Umorea eta irreberentzia. Txiste sinpleak (taxi bat jostailu kaxan), eskala hutsaren lilura (neumatikozko gorila), eta batez ere artearen auto-fagozitazioa, pop artearen pop fagozitazioa batez ere. Elvis eta Kalashnikovak, Campbell zopa espraian, Warholen mila aldagai, klasikoen berregiketa (Hopper eta Apple nahasketa gustatu zitzaidan), markak eta iraultza, pintura zipriztinak, brit-pop kitsch mordoa…
Source: Uploaded by user via Luistxo on Pinterest
Amaieran, Banksy Van Gogh koadroa, Exit to the Gift Shop filmari erreferentzia eginez. Eta gift shop horretatik egin genuen exit, bai, opari eta guzti: postalak eta posterrak oparitu zizkiguten (sarrera doan zen!).
Hirst-ek heriotzarekin jokatzen duen bezala, umorearekin jokatzen du Banksyk. Biak dira barregarriak.
Laster Lip Dubak beharrean aurkezpeñetan Flash Mobak egiteko deialdiak egingo dira :)