Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Bitan esan beharra, Rikardo Arregi Diaz de Heredia

Bitan esan beharra, Rikardo Arregi Diaz de Heredia

Luistxo Fernandez 2013/04/20 07:45
Espainiako Literatur Kritikarien Elkartearen poesia alorreko saria irabazi berri du Rikardo Arregi Diaz de Herediak Bitan esan beharra poema liburuarekin (Alberdania). Irakurri dut eta gustatu zait. Zisne beharrean, beltxarga erabiltzea tokatzen zitzaion arren.

Asko gustatu zait Rikardo Arregi Diaz de Herediaren poesia liburua, Bitan esan beharra.

Hiztegirik begiratu behar barik irakurri daitekeen poesia da Arregirena, eta lehenbizikoan ulertzen dena. Hiru parte ditu liburuak, poema "paisajistiko" batzuk hasteko (definizio baldarra nirea da, barkatu), gero maitasunari buruzko sorta bat, eta amaieran, heriotza gaitzat dutenak. Azkenengo atala ez zait gehiegi gustatu, besteak gehiago.

 

Source: bizkaie.biz via Luistxo on Pinterest



Une batean dio Arregik "poeta erromantikoa banintz...". Oker dagoela uste dut, poeta erromantiko bat dela, berba hori normalean ulertzen dugun modurik arruntenean, beste interpretaziorik gabe, poema hauek ere zuzen-zuzenean ulertu daitezkeen modu berean. Igual pentsatuko du poetak beren poesiaren fisikotasun homosexualak erromantizismoa apurtzen duela? Niri ere zait iruditzen. Ironia handiko erromantizismoa, umore puntu batekin dotoretua, oso lurtarra gainera. Adibidez:

 

All Blacks taldekoen praka motz beltzak
soilik izan daitezke egokiak
zure hankak estali
eta ez estaltzeko
beste guztia iraina da, moda,
izterrak zikinduko lituzkeen
mozorro zantar ohore gabea.

Ironiarekin bere buruari ere sarri egiten dizkio burla txikiak poetak. Zisneak aipatzen dituen poema baten amaiera bertso solte eta aparteko bat da:

(Zisne ala beltxarga, nola esan)


Barre egin dut, oso euskalduna iruditu zait. Gogoratu naiz Alejo Carpentierren El Siglo de las Luces nobelarekin. Karibearen historia, Frantziako Iraultzaren garaian. Halako batean, kriollo frantses batek diotso kriollo espainol bati, poesiarako frantsesa gaztelania baino askoz egokiagoa dela, barkaezina baita cygne bezalako hegazti eder bati ciñe deitzea poema batean.

Uste dut ortografia badela idazkeraren osagarri estetiko bat, eta horregatik, nik ere beltxarga nahiago, frantses hark bezala, ortografia hobea duelako :-)

Gomendatzen dut Bitan esan beharra liburua. Rikardo Arregi Diaz de Heredia duela gutxi hasi da Twitterren. Gehiago egin beharko luke bertatik baina tira, animatuko da igual. Intelektual eta poeta handi bat da (1.93 garai), jarraituiozue.

etiketak: liburuak
Ana I. Morales
Ana I. Morales dio:
2013/04/21 12:54
"Poeta handi bat (1.93)" , XDD. Liburu ederra niretzat ere. Baina nik uste arrazoi duela, ez dela poeta erromantikoa, sexuaz eta amodioaz idatzi arren, ez, behintzat, erromantizismoari ezaugarri hauek aitortzen badizkiogu: maitasunaren idealizazioa, maitasuna=indar ahalguztidun eta kontrolaezina, there is such thing as "the one"..., beti, always, for ever...
Erlatibismoari,ironiari eta haragizaletasunari esker ez da Arregi poeta erromantikoa (zorionez guretzat).

Une erromantikoren bat badago liburuan, nik uste, adibidez hau: "Maitasunaren atsegin beroa/ezagutu duenak/nola beteko ditu/gorputzek utzitako hutsuneak/lagunen hitz epel eta hitsekin?" Horri Twitterren erantzun nion: "Lagunekin ez, Rikardo, beste maitale batekin!".
Niri gustatuko zitzaidan horri gehitu balio kontrapunto kaustikoren bat, esaterako "...banoa kink.com-en zer dagoen ikustera...".

Rikardo Arregik berak fb-en idatzi duenez: Erromantizismoak edo posterromantizismoak bizi gaitu oraindik ere, zaila da paradigma horretatik kanpo amodioaz edo afektuez edo dena delakoez hitz egitea", eta nik arrazoia ematen diot:etxe bat desegin behar dugu baina The Master's Tools baino ez dauzkagu. Ni ere oso erraz identifika naiteke bertso horiekin egoera animiko jakin batean. Arregik dioenez, "guztiok bizi izan dugu sentsazio hori, ez? lagunak, lagunak, bai, baina nahi duzuna momentu horretan bestea da".

Nik gehituko nuke beste horren formulazioan datzala erromantikoa izatea ala ez.

Eta beste kontu bati helduta, Luistxo: ortografiaren estetikari buruzko ohar hori guztiz estralurtarra iruditu zait. Beraz, broma dela pentsatu behar dut (bidenabar, niretzat itsusi mortala da "beltxarga". Gogoratzen dit gainera semeak egin zidan galdera bat, ea patinoir zergatik deitzen den patinoir eta ez patiblanc, begi bistako arrazoiengatik. Ba beltxargak, eskerga eta indarga gogoratzeaz gain, hegazti horren koloreari buruzko espektatiba faltsuak sortzen dituela uste dut). Arregiren bertsoko beltxarga/zisne bikotearen balioa da, hain zuzen, zuk zeuk aipatu duzuna: dilema horrek euskaldunon idiosinkrasia kulturala hain modu trinko eta umoretsuan ispilatzea.

Oharra: rollo guzti hau Fb eta twitterreko hainbat sarreratan idatzi nuen, baina Luistxoren presioz neure burua ikusi dut behartuta hemen dena laburtzera. Ez al da maitasun eta adiskidetasun handiaren seinale domeka eguzkitsu batean nire denbora preziatuaren ordubete hartzea lan hau egiteko,oraindik bihar plazaratu behar dudan Xerezaderen Artxiboko atal berria grabatzeke (eta beraz editatzeke) dudala? Ez da, ez da?
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004