Hemen zaude: Hasiera Blogak Ingelesen hilerria eitb

Ingelesen hilerria

eitb

Nora hoa, telebista?

Bernardo Atxagaren blogeko azken sarrera, Euskal Hiriaz. Termino honen sorreraz, esanahiez, eta, behin autorearen eskuetatik libre doanean, hartzen dituen inplikazioez idatzi du Atxagak.

Ez dakit ba ote dakien Atxagak telebistako pertsonaia komikoa dela. Atxaga The Pooh, Euskal Hiria dioen marrazki bizidunen marko bukoliko batean agertzen da, gauza korrienteenak biribilguneekin azaltzen. Grazia du, Noaoaren esketxak.

Jarri naiz sarean bilatzen ea esketx horietakoren bat topatzen nuen. Eta Noaoaren webgune ofiziala topatu dut: xolomo bokadilloen irudiak, bate bestearen atzean. Itxuraz, esketxen baten leitmotifa ei da xolomoarena... baina ulertzen ez dudana da, nola den xolomoaren anekdota hori Noauaren web osoa. Ez dago besterik. Ez dago esketx edo bideo bat bera ere. Ze pobrea.

Espainiako telebistan umorezko beste programa berri bat dago, Muchachada Nui. Haren webgunearen muina esketxak dira, bideoak bertan, eta pegatzeko aukerarekin, Enjuto Mojamutoren abentura zoragarrienak, adibidez:

Ze atzeratua eta traketsa, Noaoa, horrekin konparatuta. Nagusiren bati entzun diot, gainera, Noaoa ez dela Wazemank bezain barregarri, estudioko kontu gehiegi daukalako. Neure semea Peru ados dago diagnostikoarekin. Nik ez nuke zer esan jakingo, ze ez dut saio osorik ikusi. Gero eta gehiago, pilulatan kontsumitzen dut telebista. Ez dakit, adibidez, ze egun edo ordutan ematen duten Muchachada Nui telebistan, baina beren esketxak eta Enjutorenak, bereziki, alde guztietan agertzen zaizkit.

Kontsumo modu hau da etorkizunekoa, seguruenik. Youtube eredua. Telebista pilulatan, norberak aukeratuta. Horixe esan zigun Vicent Partal Vilaweb atari/proiektu katalanaren sortzaileak joan den ostiralean Sareko Argiaren edizio jarraiaren 10. urteurreneko ekitaldian bildu ginenoi. Gertu neukan Bingen Zupiria. Oso kezkatua zirudien.
Luistxo Fernandez 2007/12/05

Efecte Mirall

Telebista ekoiztetxe batetik deitu didate, blog honetan alabaren bideoa jarri nuela ikusita, ea reality moduko batean parte hartuko ote genuen familian... Kamera batzuk jarri etxean (edo gure eskuetan), eta gure eguneroko bizimodua grabatu. Familia grabatzaile, nonbait, REC eta STOP noiz sakatu ere familiaren esku, ez dago produkzio ekiporik zure etxean sartuta. Blogistak exibizionista samarrak gara, eta logikoa da holakoetara jotzea. Gainera, debalde idazten ditugu blog hauek, eta hori ere kontuan hartuko zuten, ze familiek doan egitea omen da kontua.

Katalunian arrakasta lortu duela esan didate ekoiztetxekoek. Efecte Mirall izena du programak han.

Ea polita suertatzen den euskal bertsioa. Gu ez gara irtengo, horixe izan da gure erantzuna.
Luistxo Fernandez 2007/03/05

Mezularia: errepaso digitala

Maite Artola, Euskadi Irratiko Mezularia programako gidaria, asko haserretu ei da nirekin. Sustaturen 5. urteurren ekitaldia dela-eta, zuzenean sartu nintzen jaia hasi baino lehen, 5 bat minutuko elkarrizketan Euskadi Irratian. Galdetutakoak erantzun nituen, eta hala, ekitaldira. Han, nire txanda iritsi zenean, nire presentazioa bota nuen, eta han, ziria zegoen Mezulariaren kontura, egunero egiten duten digitalen errepasoan euskarazko errealitate digitalari muzin egiten zaiola-eta. Ez zen ziri bakarra izan, beste bat ere egon zen, albiste zer den edo zer den ez konfusoa gertatzen baitzaigu eduki digitalarekin dihardugula (eta bigarren ziri honen protagonista entzule zegoen bertan).

Kasualitatea, ni hori esaten ari nintzela, Mezularia berriro itzulia zen ekitaldira, zuzeneko konexioarekin, eta orduantxe gertatzen ari zena uhineratu zen, neure interbentzioaren tarte zehatz bat.

Min eman zion horrek Maite Artolari, eta berde jarri ei ninduen. Hurrengo egunean ere bai, kritika gehiago izan ei ziren. Tira, ez ditut entzun kritikok, baina ez dut uste garrantzi handirik duenik ez Luistxoren edukazio eskasak, ezta Maite Artolaren haserreak.

Neure hitzetan ere, Sustatun bertan lagatako kronikan:
...Egunero egunero, entzule euskaldunari programa horretan eskaintzen zaion digitalen errepasoan Clarín eta Le Figaro agertzen dira. Egunero dute zerbait interesgarria, albiste edo iritzi esanguratsuak, jakingarriak. Euskal blogek, ez Sustatuk, ez beste ezerk ez dute errepaso digitalean sekula aipamenik jasotzen. Clarín, beti interesgarri, Sustatu sekula ere ez..
Kontuaren muina ondo jaso du Xabier Lasak, Berria egunkariko bere irrati-komentarioan. Igandeetan izaten da Uhinetatik tiraka, baina ez dirudi online jartzen dutenik. Hortaz, hona kontuari dagokion ahapaldia hona kopiatua:
Hautsak harrotu ditu Sustatu.com-en bosgarren urteurreneko jaian asteazkenean Luistxo Fernandezek bota zuen harrikadak. EIko Mezularia-ko zuzendari Maite Artolarekin elkarrizketa eduki eta berehala jendaurrean egin zuen diskurtsoan, Luistxok irratsaio hori bera kritikatu zuen; bere esanetan, agerkari digitalen irakurketara iristean Clarín, Le Figaro eta halakoek beti daukate titulu interesgarririk, eta Sustatuk, aldiz, inoiz ez. Asko gabe Artolak Luistxoren hitz  mingarriak antenaratu eta harridura azaldu zuen, elkarrizketan gaia aipatu ere ez ziolako egin; kritikaren mamiari ez zion erantzun nahi izan Artolak, hala ere. Egia esan, ez da lehen aldia Mezularia jomugan jartzen dena. Joxe Arantzabalek bere blogean uztailean egin zuen gogoetak eta jaso zituen erantzunek zera leporatzen zioten, besteak beste: paperezko edizioa duten agerkari digitalei bakarrik jaramon egitea, gertuko pentsamenduaren erreferentzia den euskal blogosfera ezerezean uztea, El Mundo bertakotzat eta Le Monde nazioartekotzat jotzea... Biharamunean, Mikel Irizar solaskideari erantzunez, jasotako kritika aztertzen ari zirela baieztatu zuen Artolak. Pentsatu nahi dugu agerkari digitalen atala osatzeko irizpideak aldatu egingo dituztela goiz edo berandu.
Zuzenean egin zidaten elkarrizketan, galdetu izan balidate... ba botako nuen gerokoa, baina ez zen egokitu galderarik. Adibidez, galdetu balidate zer esan behar nuen ekitaldian, edo nola ikusten nuen hedabide tradizionalen eta blogosferaren harremana... Horrek emango zidan bide Artolari zuzenean aurpegiratzeko errepaso digitalarena. Baina ez zen tokatu.  

Geroko konexioa sorpresa konpletoa izan zen Artolarentzat. Normala. Bat-batean entzunda kritika, mindu egiten da bat. Ni honezkero ez naiz mintzen Clarín entzuten dudanean errepaso famosoan. Hasieran tripako mina ematen zidan. Baina aizkenen, egunero egunero entzunda, barregura ematen dizu. Eta urteurreneko ekitaldiko audientziak barrezka hartu zuen nire ateraldia, noski.

Mezulariak euskarazko digitalen errepaso benetakorik egin izan balu sekula, edo egin izan baliote sekula Mezulariako zuzendariari, akaso enteratuko zen agertu zela kritika neure blogean, Joxe Aranzabalen Faroan, Zabaldu.com-en... Baina ez, errepaso hori ez zegoen eginda. Egingo dute hemendik aurrera? Ez luke horren zaila izan behar Zabaldu.com, Sustatu, Aurki (orango impasse honetatik altxatuko ahal dugu!) eta beste pare bat portada errepasatzea, bistadizo batean, ea zer esaten den... Clarín baino hurbilagoko edukia, duda barik.

Erreferentziara digitalerako:
Luistxo Fernandez 2006/12/19

NYTimes.com-eko batek Flash egiten erakutsi digu

"Ekoizpen multimedia eta Internet" izeneko jardunaldi batean izan naiz gaur Bilbon, Guggenheim museoko areto batean. EITBk antolatua zen eta Eitb24.com-etik gonbidatu gintuzten.

Hizlari nagusia The New York Times egunkariaren webguneko Multimedia atalaren arduraduna izan da, Geoff McGhee. Interesgarria izan da McGhee-k kontatu diguna. Flash teknologiaren erabilpen inteligente eta ondo pentsatuaren adibideak aurki daitezke beren webgunean. Hala ere, une batzuetan Macromedia produktuen salmenta saioa zirudien gehiago, kazetaritza produktu batena baino. Edonola ere, Flash aplikazioen diseinu, erabilgarritasun eta irismenaz pista interesgarriak eman ditu.

Horrez gain, zelako baliabideak dituzten... ze handiak diren. Horrek harritu gaitu. Sekulako makinaria da The New York Times, enpresa handi bat, eta Interneten ere indartsuak dira: hilean 20 milioi bisitari. Hala ere, bere Multimedia atal horrek webgunearen bisitetan milioi bat jasotzen omen ditu hilean. Hau da, trafiko horren %5. Eta berezko merituengatik aparte (metiruak, eduki baditu eta, McGheeren lanak) dagoen tokian dagoelako etorriko dira bisita horiek neurri handi batean. Orduan, ahalegin flashero multimediatiko horren ordaina benetan ote da errentagarri kontestu horretan? Horra zalantza. Eitb24.com-ek akaso hor ikusiko du etorkizuna, eta ikaragarri harro daude 90grados enpresak egiten dizkien flash aplikazio batzuekin (nik ez diet misterio handirik ikusten), baina NYTimes.com-eko %5aren alor horretan baino, beste kontu batzuetan behar du egon webgune horren arrakasta faktorea.

Gainera, McGheek erakutsi dizkigun adibide polit ugarietan, asko konplikatu samarrak iruditu zaizkit, eta aldiz, ederrenak, sinpleenak zirenak. Bereziki, argazki finkoak, soinu fitxategi batzuekin konbinatuz dituzten lantxoetan. Ondo diseinatutako txantiloi batzuk nahikoa dira hor oso produktu indartsua egiteko: argazkiak, soinu fitxategi bat, eta testu apur batzuk argazki-oin gisa.

Ikus adibide hauek:
El Mundo ere erabiltzen dituzte halako flashak, irudia eta soinuarekin, baina ez edukiz ez interfazez, ez dira hain dotoreak.

Horrez gain, mahainguru moduko bat ere egon da, kezka jada ezagun batzuekin: medioen konbergentzia, eta kazetari eta hedabide multimediatikoaren etorkizun ez beti garbiak. Idatziari Internetek eragiten dionaz gain (honetaz 10 urtean gaude gauzak entzuten), hemendik aurrera telebistak nozituko duela eragin hori esan digute.

Bestalde, ekitaldia bideo batekin hasi da. Duela pare bat urte nire lankide Eneko Astigarragak euskaratu zuen Epic 2014 bideoarekin. Bueno, Epic 2015 da eman digutena, hura baino berrixeagoa, baina hau ere atzeratua jada: Googlek ez du Google Grid sortu 2006an... eta aldiz, Youtube bezalako aktore baten esplosioa ez da iragartzen Epic fantasian.

Ebento honen beste kronika bat Josu Mendikute eibartarraren blogean aurkituko duzu. 19 urteko kazetaritza ikaslea da Josu, eta gaur arte, elektronikoki bakarrik ezagutzen nuen. Tipo majoa dirudi.

Luistxo Fernandez 2006/11/15

Lapurrak agerkari euskaldun digital baten etxean

Oso larria iruditzen zait UkBerri.net-i egin dioten lapurreta. Material informatikoa ostu diete, 3 urteko argazki artxiboa barne. UKBerri: Uribe Kostako berriak... Bizarra Lepoan herri aldizkariaren gauzak ere nahastu zituzten lapurrek.

Susmoa dute nor izan den. Viva Honduras ekitaldiari (Espainiako armadako paratxutisten zera batera) argazkiak egitera joan haien argazkilaria Getxon, eta guardiosobillak kontra egin zioten kazetari horri. Oharra egin zioten: laster ikusiko dugu elkar.

Bi urte eta erdi Aznar ez dagoela gobernuan, eta zertan gabiltza? Espainiako arbitrarietate para-polizial eta para-judizialak ez du etenik. Ez dago horren aurrean ezer egiterik, Eusko Jaurlaritzak ezgauza dirudi guztiz. Beste guztiek, berdin. Espainiako agintekeriaren logikari kutsu kolonial gero eta handiagoa hartzen diot nik, "prozesuak" ustez itxaropenez bete beharko gintuen honetan.

Hiru urte eta erdi Egunkaria itxi zela. Baina gaur Berrian ez dator albiste hau, UKBerri.net-i egin diotena. Atzo iluntzean Digitalen errepasoa egin zuten Mezularian, Zabaldu.com eta Sustatu.com-eko portadan albiste hau zetorren unean. Eitb24ko irudi eta albiste aipagarrienari erreparatu zioten: metro bat pasa perimetroa zuen perretxiko bat.
Luistxo Fernandez 2006/10/03

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz eta han euskaraz idazten dudana, Umap euskarazko batzailera filtratzen da. Blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses


Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa

Azken erantzunak
Ze ona aplikazioa! Ainhoa, 2012/02/08
Lurraldetasunaren koxka Luistxo, 2012/02/06
Estekak eta... Luistxo, 2012/02/06
Euskal Sexual Herria, nahiago Goio Arana, 2012/02/06
INDEPENDENTZIARAKO ESZENATOKIAK Karmelo Landa, 2012/02/06