Hemen zaude: Hasiera Blogak Ingelesen hilerria blogak

Ingelesen hilerria

blogak

Mekaben Pott

Pott Banda itzuli da. Autoedizioari ekin dio Joseba Asteasukoak, multikopista propioa dauka orain. Polita, Xabier Kintanak Robinson Crusoe itzuli zueneko hori.

Iraultza iritsiko da egunen batean. Ez dute telebistaz emango. Eta prentsaurrekoz iragarriko ez denez, paperean ere ez dugu ikusiko. Pott Bandaren lehen editorial hura ere ez zuten egunkariek notiziatzat eman.

Gainbehera ote doa papera indar digitalen aurrean? Neurri batean bai. Euskarazko paperezko literatur fanzine gehiago ez da publikatuko. Sekula ere ez.

Baina iritsiko ote da eguna paperean albisterik gehiago publikatuko ez dena? Beharbada bai, baina ez Interneten erruz, baizik eta, bereziki, papergileek uko egiten badiote albisteak publikatzeari. Errutina paperean publikatzea errazagoa da, dudarik gabe, literatura edo albisteak publikatzea baino.

Eskerrak gaztetxo teknofilo batzuek euskal kazetaritza salbatuko duten beren begirada fresko eta nerabearekin, adi adi zer mugitzen den non: Hasier Etxeberria, Joxe Aranzabal, Anjel Lertxundi delako blogista hori, Renotik edo Renoko norbaitekin Mezularian komunikatzen den hori. Biba zuek, erredakzioetako kimu berriok.
Luistxo Fernandez 2007/10/25

Efecte Mirall

Telebista ekoiztetxe batetik deitu didate, blog honetan alabaren bideoa jarri nuela ikusita, ea reality moduko batean parte hartuko ote genuen familian... Kamera batzuk jarri etxean (edo gure eskuetan), eta gure eguneroko bizimodua grabatu. Familia grabatzaile, nonbait, REC eta STOP noiz sakatu ere familiaren esku, ez dago produkzio ekiporik zure etxean sartuta. Blogistak exibizionista samarrak gara, eta logikoa da holakoetara jotzea. Gainera, debalde idazten ditugu blog hauek, eta hori ere kontuan hartuko zuten, ze familiek doan egitea omen da kontua.

Katalunian arrakasta lortu duela esan didate ekoiztetxekoek. Efecte Mirall izena du programak han.

Ea polita suertatzen den euskal bertsioa. Gu ez gara irtengo, horixe izan da gure erantzuna.
Luistxo Fernandez 2007/03/05

Mezularia: errepaso digitala

Maite Artola, Euskadi Irratiko Mezularia programako gidaria, asko haserretu ei da nirekin. Sustaturen 5. urteurren ekitaldia dela-eta, zuzenean sartu nintzen jaia hasi baino lehen, 5 bat minutuko elkarrizketan Euskadi Irratian. Galdetutakoak erantzun nituen, eta hala, ekitaldira. Han, nire txanda iritsi zenean, nire presentazioa bota nuen, eta han, ziria zegoen Mezulariaren kontura, egunero egiten duten digitalen errepasoan euskarazko errealitate digitalari muzin egiten zaiola-eta. Ez zen ziri bakarra izan, beste bat ere egon zen, albiste zer den edo zer den ez konfusoa gertatzen baitzaigu eduki digitalarekin dihardugula (eta bigarren ziri honen protagonista entzule zegoen bertan).

Kasualitatea, ni hori esaten ari nintzela, Mezularia berriro itzulia zen ekitaldira, zuzeneko konexioarekin, eta orduantxe gertatzen ari zena uhineratu zen, neure interbentzioaren tarte zehatz bat.

Min eman zion horrek Maite Artolari, eta berde jarri ei ninduen. Hurrengo egunean ere bai, kritika gehiago izan ei ziren. Tira, ez ditut entzun kritikok, baina ez dut uste garrantzi handirik duenik ez Luistxoren edukazio eskasak, ezta Maite Artolaren haserreak.

Neure hitzetan ere, Sustatun bertan lagatako kronikan:
...Egunero egunero, entzule euskaldunari programa horretan eskaintzen zaion digitalen errepasoan Clarín eta Le Figaro agertzen dira. Egunero dute zerbait interesgarria, albiste edo iritzi esanguratsuak, jakingarriak. Euskal blogek, ez Sustatuk, ez beste ezerk ez dute errepaso digitalean sekula aipamenik jasotzen. Clarín, beti interesgarri, Sustatu sekula ere ez..
Kontuaren muina ondo jaso du Xabier Lasak, Berria egunkariko bere irrati-komentarioan. Igandeetan izaten da Uhinetatik tiraka, baina ez dirudi online jartzen dutenik. Hortaz, hona kontuari dagokion ahapaldia hona kopiatua:
Hautsak harrotu ditu Sustatu.com-en bosgarren urteurreneko jaian asteazkenean Luistxo Fernandezek bota zuen harrikadak. EIko Mezularia-ko zuzendari Maite Artolarekin elkarrizketa eduki eta berehala jendaurrean egin zuen diskurtsoan, Luistxok irratsaio hori bera kritikatu zuen; bere esanetan, agerkari digitalen irakurketara iristean Clarín, Le Figaro eta halakoek beti daukate titulu interesgarririk, eta Sustatuk, aldiz, inoiz ez. Asko gabe Artolak Luistxoren hitz  mingarriak antenaratu eta harridura azaldu zuen, elkarrizketan gaia aipatu ere ez ziolako egin; kritikaren mamiari ez zion erantzun nahi izan Artolak, hala ere. Egia esan, ez da lehen aldia Mezularia jomugan jartzen dena. Joxe Arantzabalek bere blogean uztailean egin zuen gogoetak eta jaso zituen erantzunek zera leporatzen zioten, besteak beste: paperezko edizioa duten agerkari digitalei bakarrik jaramon egitea, gertuko pentsamenduaren erreferentzia den euskal blogosfera ezerezean uztea, El Mundo bertakotzat eta Le Monde nazioartekotzat jotzea... Biharamunean, Mikel Irizar solaskideari erantzunez, jasotako kritika aztertzen ari zirela baieztatu zuen Artolak. Pentsatu nahi dugu agerkari digitalen atala osatzeko irizpideak aldatu egingo dituztela goiz edo berandu.
Zuzenean egin zidaten elkarrizketan, galdetu izan balidate... ba botako nuen gerokoa, baina ez zen egokitu galderarik. Adibidez, galdetu balidate zer esan behar nuen ekitaldian, edo nola ikusten nuen hedabide tradizionalen eta blogosferaren harremana... Horrek emango zidan bide Artolari zuzenean aurpegiratzeko errepaso digitalarena. Baina ez zen tokatu.  

Geroko konexioa sorpresa konpletoa izan zen Artolarentzat. Normala. Bat-batean entzunda kritika, mindu egiten da bat. Ni honezkero ez naiz mintzen Clarín entzuten dudanean errepaso famosoan. Hasieran tripako mina ematen zidan. Baina aizkenen, egunero egunero entzunda, barregura ematen dizu. Eta urteurreneko ekitaldiko audientziak barrezka hartu zuen nire ateraldia, noski.

Mezulariak euskarazko digitalen errepaso benetakorik egin izan balu sekula, edo egin izan baliote sekula Mezulariako zuzendariari, akaso enteratuko zen agertu zela kritika neure blogean, Joxe Aranzabalen Faroan, Zabaldu.com-en... Baina ez, errepaso hori ez zegoen eginda. Egingo dute hemendik aurrera? Ez luke horren zaila izan behar Zabaldu.com, Sustatu, Aurki (orango impasse honetatik altxatuko ahal dugu!) eta beste pare bat portada errepasatzea, bistadizo batean, ea zer esaten den... Clarín baino hurbilagoko edukia, duda barik.

Erreferentziara digitalerako:
Luistxo Fernandez 2006/12/19

Wheylona gure artean

Ostiralean, Wheylona ezagutu nuen. Gure etxera etorri zen afaltzera. Internetek jendea isolatzen duela diote teknofoboek, baina nik uste dut jendeari konektatzen laguntzen digula. Donostiako blogaririk interesgarriena da, nire iritzian, Wheylona. Atzerritar baten begiekin ikusten du gure hiria, gure mundutxoa, eta horrek perspektiba interesgarria ematen dio.

Los Angelesekoa da Wheylona eta urtebete darama Donostian. Emakumezkoa da, eta ez da hori bere izena... Lotsatia da bere identitate eta irudiarekin, eta horretan lagako dugu.

Euskara ikasteko saioetan... lehen lehen urratsetan dago. Erdi txantxetako mezu bat idatzi diot ingelesezko aldean, ergatiboa azaldu guran. Mintzalagunaren bila dabil. Donostiako Bagera-n, euskara maila minimo bateko lagunei laguntzen diete mintzalagunaren bidez, eta ez dakit hor sartzen ote den Wheylona. Baina ingelesez praktikatu nahiko balu inork (Wheylona, gainera, hizkuntza irakaslea da), goizetan Donostian, akaso tarte bat aurkituko du neska jator honekin. Jarri kontaktuan luistxorekin luistxo a bildua eibar.org e-posta helbidean.

Luistxo Fernandez 2006/10/23

Fernando Muniozgurenek laga diguna

Blogista bat hil da, komunitate honetako partaidea, Eibar.org elkarteko bazkidea. Fernando Muniozgurenek blog bat zeukan (dauka) hemen. Blogean mezuak arraro samar ageri dira, e-postaz bidaltzen zituen, moblog eginez, eta ez zituen besterik editatzen... Gaixotasunak eroan zuen bloga irekitzera. Bere mezu bakan haietan, gaixotasunaren presentzia igartzen da. Baina gaitzaren aurreratzeak ez zion asko idazten utzi.

Haren blogari ze agur edo ze despedida eman behar ote diogu? Zer egiten du komunitate batek, hildako lagun baten blogarekin?

Elena Lakak proposamen batzuk utzi ditu Eibartarrak zerrendan
  • Dagoen moduan laga
  • Eibar.orgek epilogo kolektibo bat egin diezaiola, eta mantendu
  • Familiari eskaini, erabaki dezaten. Igual izan daiteke euskarri bat Fernandoren lan gehiago ipintzeko bertan.
Hirugarrenarekin saiatu beharko ginateke behintzat, eskaini bederen.

Fernando Muniozguren pertsona inportantea izan da Eibarren azken 20 urte hauetan, duda barik. Gutako askoren konpromiso, lan eta ibilbideetan, direnak direla ere, izan duen eragina, bakoitzak jakingo du norainokoa den, baina nago badagoela hor Fernandoren markaren bat, guren barruan. Eta Interneten darabigun zera honetan ere, Eibartarrak zerrendan, Eibar.org gune honetan, beste kontu batzuetan, bai, badago Fernando, badago bere eragina.
Luistxo Fernandez 2006/07/11

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz eta han euskaraz idazten dudana, Umap euskarazko batzailera filtratzen da. Blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses


Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa

Azken erantzunak
Ze ona aplikazioa! Ainhoa, 2012/02/08
Lurraldetasunaren koxka Luistxo, 2012/02/06
Estekak eta... Luistxo, 2012/02/06
Euskal Sexual Herria, nahiago Goio Arana, 2012/02/06
INDEPENDENTZIARAKO ESZENATOKIAK Karmelo Landa, 2012/02/06