Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Euskaldunak eta .cat domeinua

Luistxo Fernandez 2005/09/19 11:44

Katalanek .cat domeinua lortu dute. Zorionak. Haiek diote .cat domeinuarena ez dela territoriala, baizik eta kulturala. Lorpen nazionalista bat bada behintzat, baina, ni, sarean, inon baino internazionalago eta internazionalistago sentitzen naiz, euskaraz egiten dudanean batez ere.

Lorpen abertzale honen baliagarritasunaz nire zalantzak ditut. Eibarnauten elkartekook, Eibar.org eta Aurki.com domeinuen jabe garelarik, aldatuko genuke Eibar.eus eta Aurki.eus-era? Nik ezezko botoa emango dut, bozketa iristen den unean.

Horrez gain, beste kontu bat dago. Zein kapazak diren katalanak gauzak mugitzeko eta Interneten eragiteko, eta zein ezgauza, beharbada, euskaldunak. Ni ere pesimista samarra naiz geure gaitasunaren kontu honetan.

Baina noski, inork bidea jorratu nahiko balu, txalotzekoa litzateke, eta positiboa, oro har, euskal internautismoarentzat. Alde horretatik, uste dut biderik praktikoena izan zitekeela duela egun batzuetako Berria-ko inkesta batean ikusi nuena: Mendebaldeko Saharak duen .eh domeinu aktibatu gabea, aktibatzen lagundu haiei, Tindufeko agintaritzari, eta haren kudeaketa eroan Euskal Herritik, RASD erakundeari komeni dakizkiokeen domeinuak esleituz, eta gainerakoan, besteak salduz.

Hizkuntza pilulak

Luistxo Fernandez 2005/09/16 18:01

Flash-ean osoki egindako webgune eleanitz bat. Nola aukeratzen da hizkuntza? Ba esnekao poto horren gainetik igaroz gero, pilula batzuek salto egiten dute, eta horietako bat harrapatzea da koxka. Ikurrinean klikatzea lortu dut, baina hortik aurrera hau zer demontre den jakitea, ez da erraza izan.

Espainiaren justizia koloniala

Luistxo Fernandez 2005/09/11 07:40

Juan Joxe Petrikorena, Joseba Zinkunegi eta Peio Galvezi 300 kiloeuroko bermea, kartzelan ez sartzeko, eta egunero birritan komisaldegira, bizi direla frogatzeko. Gero, lehenengo egunean nonbait orduz kanpo azaldu, eta larunbateko bisitarako, kartzelaratzeko agindua. Soto del Real-eko kartzelan dago Joseba Zinkunegi eibartarra gaur.

Zer da hau? Otegirekin ere gertatu zen, ETA eta Batasuna bat dira, eta Batasunakoa izatea, integración en banda armada. Frogatzea inoiz baino errazago daukate. Batasunarentzat lan egin dute, haren izenean agertu dira publikoki... Eta hala bada, ETAkoak badira hauek, ETAko bat fidantzapean libre noiztik eta nolatan?

Espainiako (in)justiziak tankera berezia dauka. Nik ez dut uste, Euskal Herriak Espainiarekiko duen subordinazioak kolonia izena merezi duenik. Ez dut uste hori denik kasua, baina justizia sistema honena bai da koloniala. Mentalitate eta zapaltze-asmo guztiz koloniala da. Metropolitik nagusitasun zibilizatu batetik agintzen dute haiek. Eta hemen, hau Espainia da, eta gu espainolak, dekretatu dutenez, baina ez espainolak han daudenak bezala, beste era bateko subditoak baizik, eta eskaintzen zaigun justiza ez da herritar zibilizatu bati dagokion eskubide aitormen bat, bazterreko indigena errebeldeari dagokion etsenplu-emate zorrotza baizik.

Eta justizia kolonial hori, administratzea tokatzen zaiola hemen Eusko Jaurlaritzari... ze tristea.

Splogak

Luistxo Fernandez 2005/09/06 16:54

Splog = spam + blog. Zabor publizitarioaren azkenengo adierazpenaren inguruko artikulua gaur Sustatun.

Neuk ere konprobatu dut, Tagzaniaren jarraipena egiten Technoratin, emaitzak kutsatzera datozela splog asko.

Beste plaga bat. Gaindituko dugula uste dut.

Anoeta

Luistxo Fernandez 2005/09/05 07:56

Urte politikoa hasi da. Eusko Jaurlaritzak Donostian abuztu amaieran egiten duen bilera horrekin hasten omen da. Eta hemen dugu, beste urte politiko aspergarri bat. Eta irailean baita ere, Eusko Legebiltzarrean politika orokorreko plenoa, gauzak konpondu barik uzteko.

(Donostiako Anoeta auzoaren izena aitzakia hartuta, Irutxuloko Hitza egunkarirako idatzi dudan azken zutabea)

Azkenengo urte politiko hauetan, iraileko pleno horretan, Ibarretxe Plana izan da kontua. 2002an iragarri zuen Juan Josek plan bat zuela. Urtebetez, hura lantzeari ekingo ziotela, eta 2003rako, hara, zeozer aurkeztu zuen, harekin Estatutu Politiko Berri baterako oinarria finkatuko zela, eta beste urtebeteko prozesua, estatutu haren bila. 2004an, bada, irailean oraindik amaitu barik, baina aurreraxeago, urtea ixtearekin, onartu zen Estatutu Politiko hura, Ibarretxe plana, txiripazko bozketa batekin Eusko Legebiltzarrean.

Hiru urte harekin bueltaka, eta orain, ez Ibarretxe planik, ez Estatutu berririk: Ibarretxek berak beste dokumentu bat aipatu zuen Miramarko Donostiako bere agerraldian: Anoetako adierazpena. Horrek ere laster egingo du urtebete. Eta bitxia da, gero, Legebiltzarrak gehiengo osoz onartutako Plana baino biziago dago orain: edo esperantza gehiago pizten ditu, edo etorkizunerako bide hobea da... ze Estatutu Berriarena, edo Planarena; hura akabo, nonbait. Batasunarentzat bada garaipen bat...

Baina garaitza arkurik jasotzeko garaia ere ez da. Ibarretxe Planarekin bueltan hiru urte ibili garen moduan, ez ote gara Anoetakoarekin beste hiru urte ibiliko? Laster beteko da lehen urtea. Arantzazuko egutegitik orriak erortzen dira, eta hor gaude. Azkenean arrasto hutsal bat besterik utziko duen ezer ez bada izango, hiru urte igaro baino lehen deskubrituko ahal da! Proposamen fetitxe bakoitzak impassea hiru urtez luzatzen laguntzeko balio ez ote duen beldurra dut.

Geografia politiko lau eta grisa da gurea benetan. Anoeta ote da paisaia aspergarri hori zartatuko duen lurrazpiko faila sismikoaren izena? Eta hala bada, noiz mugituko da, zer behar da mugitzeko?

Geokokatuta nago

Luistxo Fernandez 2005/09/05 07:53

Orain blog hau geokokatua dago. Bere HTML kodean, GeoURL webguneko ICBM konbentzioa jarraituz, Ingelesen Hilerriaren kokapen geografikoa adierazten da latitude eta longitude zehatzean.

 don255b.jpg

Blogak geokokatzen edo geolokalizatzen dihardute beste batzuek hortik ere, eta hor dago Esloveniako blogisten adibide hau. Guk berdin egin beharko genuke? Ez dut uste. Ez diot zentzu askorik ikusten bloga geolokalizatzeari... Blogista bat beti dago toki berean? Ala artikulu bakoitzak aipatzen duen gaia geolokalizatu beharko litzateke? eta artikulu batean leku desberdinak aipatuz gero, ez genuke puntu bakoitza kokatu behar, zorrotz jarrita?

Blog geolokalizatuak baino, nahiago dut beste adibide hau, Rayuela fotobloga. Julio Cortazarren eleberri paristarra, blog batean, irudiekin eta kokapenekin ilustratua; kokapenak, zehazki, Tagzania bidez. Hori da benetako blog-kokapena. Baina tira, GeoURL konbentzioarekin kokatutako blogak Tagzanian kargatzeko GeoURL bookmarklet berezia sortu dugu, eta, bestetik, Ingelesen Hilerria, azken batean, benetako lekua da eta bueno, neurea ere geokokatu dut.

Goiburuko irudia ere berritu dut, bide batez. Diseinu zatarrak berdin jarraitzen du: gustatu egiten zait, honezkero.

Inspirazioa eta transpirazioa

Luistxo Fernandez 2005/08/22 19:20

Mikel Garmendia hil zenean, artikulua Amatiñok bere blogean Eta artikuluan, Pedro Migel Etxenikeren zita biribil bat:

Pedro Migel Etxenikek esan ohi duen bezala, edozein lan onek behar du %5 inspirazioa eta %95 transpirazioa, lanari darion izerdia alegia.

Ez nuen ezagutzen. Benetan biribila iruditu zitzaidan. Tagzania ere horixe delakoan apur bat... batez ere transpiratzeko geratzen zaiguna, aurrera egin behar badu!

Oporretan pozik nebilen, intelektual euskaldun bati ikasitako esaldiarekin... eta emaztearekin eta umeekin nabilela, Parisko Marais auzoan, hara non ikusten dudan kristalean idatzita moda denda batean:

Le genie est fait de un pour cent d'inspiration et de 99 pour cent de transpiration. A. JAMEO

Jeniala! Are biribilagoa iruditu zitzaidan orduan Etxenikeren ateraldia; Pedro Migelek arrazoi duelako froga argia, esaldia ez baita bere inbspirazioaren ondorio, bere transpirazioarena baizik (irakurketak, ikasketa...).

Jameo hori nor ote den ez dakit, baina berea ere ez ei da esaldia. Eibartarrak zerrendan Edisoni leporatu dio pentsakizun stakhanovista hau Eneko lagunak.

Nire atlasa

Luistxo Fernandez 2005/07/28 18:19

Jardun osoko nire lehenengo lanbidean, nire lehenengo soldata irabazi nuenean, zerbait erostera joan nintzen, kapritxo bat betetzera. Bilboko liburutegi batean Encyclopaedia Britannica-ren atlasa erosi nuen. 13.000 pezeta izan ziren, gogoan dut.

1988an erosi nuen, eta orduko edizioa da, 1988koa beraz. Herrialde asko ez daude mapan. Jugoslavia, Soviet Batasuna... gaur esistitzen ez diren estatuak. Leningrad, Sverdlovsk... gaur esistitzen ez diren hiriak (izen horrekin ez behintzat). Hala ere, detailean eta kalitatean, ikaragarrizko atlasa da.

Txikitatik pasioa izan dira mapak niretzat. Mapak eta lekuak, toki izenak, toponimia. Afizio zoro samar bat. Internetera dedikatzen naiz gaur egunean, lana dut software enpresa batean, baina sareko mundu honetan eman nituen lehen urratsak zorakeria bati entregatu nizkion: makina bat ordu sartu nituen Geonative izeneko gauza batean.

Hizkuntza gutxituak mapetan! horixe zuen lema proiektu hark: Donostia ager dadila mapetan, Atharratze, Naoned, Solzh-gala, eta ez diglosiaren inposizioa: San Sebastián, Tardets, Nantes, Grozni. 2000. urtetik ez dut berritu orri hura, baina oraindik beste inon ez dagoen informazio erreibindikatibo apur bat hantxe aurki daiteke Interneten.

Geonativeren ondoren, lanaren zurrunbiloan sartu nintzen eta afizio nuen toponimia internautiko hura albo batera utzi nuen. Zorionez, ez dut galdu ez mapentzako afizioa, ezta haiekin kontaktua lanean. Euskal Herrian Interneteko kartografian lanean diharduten talderik onenarekin lan egiteko zortea izan dut, bezero izan ditugulako lan batzuetan, Donostian, Diputazioko bulego batzuetan, lanean diharduten b5m proiektuko jendea: Jose Mari, Victor eta Mikelo batik bat. Gipuzkoako helbideak, etxeak, kale eta baserriak web bidez aurkitzeko eta airez ikusteko (Gipuzkoa oso-osoa argazkitan dute, detaile ikaragarrian) jende honek egin duena ez du ia inork ezagutzen, eta benetan uste dut dela eredu bat: herri administrazioen alorrean teknologia eta herri-baliabideak bikain erabili daitezkeelako adibide aparta.

Eta orain, ba... beste mapa proiektu batean sartu naiz. Tagzania du izena. Euskal Herritik mundura. Ideia sinple baina indartsu batekin: nork bere atlas propioa sortu, eta besteekin partekatu. Eta halaxe dut gaur, pantailan, Tagzania.com, eta pantaila ondoan, nire atlas zaharra, Britannicarena...

Tagzania: mundua helburu

Luistxo Fernandez 2005/07/20 09:49

Duela bi aste atera genuena (Sanferminak GoogleMaps-en) ondo joan da. Saio on bat izan da.

Orain beste inbento bat CodeSyntax-ek bultzatua, anbizio gehiagokoa, Tagzania. Anbizio handikoa. Mundu mailako irismena, teorikoki.

Folksonomia kontzeptua, del.icio.us-ek web erreferentziekin eta Flickr-ek irudiekin horren ondo biribildu duena, eta software soziala mapak egiteko, geografian aplikatua. Ikusiko dugu zer ematen duen.

Blog faltsuaren fartsa publikoa

Luistxo Fernandez 2005/07/19 16:28

Eibar.org-eko blogetan mezu olde bat jasotzen hasi gara. Ia-ia spama, agian ia barik. Eibarrera etorri berria den blogista argentinar batek lotura eskatzen duela... Gezurra da, baina ez dute abisatzen inon zer den benetan: laster emitituko duten telesail baten marketing kanpaina, Mi querido Klikowsky.

EITBren serie bat izango da, Eibarren kokatua fikzioan, eta hura promozionatzeko, ba hori, engainuzko marketina eta espam-erantzunak alde guztietan.

Zilegi ote da komunikabide batera gezurrezko fax bat bidaltzea, promozio baten barruan, Argentinako ez dakit nor datorrela Donostiara... edo Teleberri batean, demagun etorkinen inguruko informazio bat ilustratzen, Eibarrera datorren Klikowsky baten berbak sartzea? ezer abisatu barik?

Ba EITBk eta Globomedia produktorak (Emilio Aragon) uste dabe hori zilegi dela Interneten.

Info gehiago Sustatun

Portzierto, erraza da engainuaz jabetzea. Klikowsky bilatzea Googlen nahikoa. Bilaketa berak argitzen digu izena bera ere faltsua dela, ez dagoela munduan inon izen horrekin. Varsavsky argentinoa bazen, Klikowsky ere bai, pentsatuko zuen gidolari bati. Haren andregaiari Klikarrieta jarri ez diotenean...

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2025 2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004