Geokokatuta nago
Orain blog hau geokokatua dago. Bere HTML kodean, GeoURL webguneko ICBM konbentzioa jarraituz, Ingelesen Hilerriaren kokapen geografikoa adierazten da latitude eta longitude zehatzean.
Blogak geokokatzen edo geolokalizatzen dihardute beste batzuek hortik ere, eta hor dago Esloveniako blogisten adibide hau. Guk berdin egin beharko genuke? Ez dut uste. Ez diot zentzu askorik ikusten bloga geolokalizatzeari... Blogista bat beti dago toki berean? Ala artikulu bakoitzak aipatzen duen gaia geolokalizatu beharko litzateke? eta artikulu batean leku desberdinak aipatuz gero, ez genuke puntu bakoitza kokatu behar, zorrotz jarrita?
Blog geolokalizatuak baino, nahiago dut beste adibide hau, Rayuela fotobloga. Julio Cortazarren eleberri paristarra, blog batean, irudiekin eta kokapenekin ilustratua; kokapenak, zehazki, Tagzania bidez. Hori da benetako blog-kokapena. Baina tira, GeoURL konbentzioarekin kokatutako blogak Tagzanian kargatzeko GeoURL bookmarklet berezia sortu dugu, eta, bestetik, Ingelesen Hilerria, azken batean, benetako lekua da eta bueno, neurea ere geokokatu dut.
Goiburuko irudia ere berritu dut, bide batez. Diseinu zatarrak berdin jarraitzen du: gustatu egiten zait, honezkero.