Euskaldunak eta .cat domeinua
Katalanek .cat domeinua lortu dute. Zorionak. Haiek diote .cat domeinuarena ez dela territoriala, baizik eta kulturala. Lorpen nazionalista bat bada behintzat, baina, ni, sarean, inon baino internazionalago eta internazionalistago sentitzen naiz, euskaraz egiten dudanean batez ere.
Lorpen abertzale honen baliagarritasunaz nire zalantzak ditut. Eibarnauten elkartekook, Eibar.org eta Aurki.com domeinuen jabe garelarik, aldatuko genuke Eibar.eus eta Aurki.eus-era? Nik ezezko botoa emango dut, bozketa iristen den unean.
Horrez gain, beste kontu bat dago. Zein kapazak diren katalanak gauzak mugitzeko eta Interneten eragiteko, eta zein ezgauza, beharbada, euskaldunak. Ni ere pesimista samarra naiz geure gaitasunaren kontu honetan.
Baina noski, inork bidea jorratu nahiko balu, txalotzekoa litzateke, eta positiboa, oro har, euskal internautismoarentzat. Alde horretatik, uste dut biderik praktikoena izan zitekeela duela egun batzuetako Berria-ko inkesta batean ikusi nuena: Mendebaldeko Saharak duen .eh domeinu aktibatu gabea, aktibatzen lagundu haiei, Tindufeko agintaritzari, eta haren kudeaketa eroan Euskal Herritik, RASD erakundeari komeni dakizkiokeen domeinuak esleituz, eta gainerakoan, besteak salduz.
Aupa. Egia esan ni bixkat gogaitua nago irizpide kuantitatibista hauekin, alegia: katalanak beste izan arte jai daukagu, kanpaina egoki bat antolatu ta presioa egiten dugunean akaso, etc... jakin badakit mundu errealak, tamalez, hola funtzionatzen duela baina zergaitik ez dio esaten norbaitek ICANN horri munduko kolektibo guztiek dutela euren domeinua izateko eskubidea, txikiena izanda ere?
Zeren euskaldunak gutxi bagara pentsa zer etorkizun duten inuit-eraz edo eskoziako gaelikoz berba egiten dutenak... haiek ere existitzen dira eta, gutxiago direlako, ezin dira existitu ofizialki? Ez nekien eskubideak zenbaki kopuruei lotuta zeudenik; ta hola bada, non dago marra? zenbat hiztun izan behar ditu komunidade etno-linguistiko batek ICANNeko guay horiek (eta gure inguruko nazionalismo inperialistek) onar dezaten?