Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Anoeta

Anoeta

Luistxo Fernandez 2005/09/05 07:56

Urte politikoa hasi da. Eusko Jaurlaritzak Donostian abuztu amaieran egiten duen bilera horrekin hasten omen da. Eta hemen dugu, beste urte politiko aspergarri bat. Eta irailean baita ere, Eusko Legebiltzarrean politika orokorreko plenoa, gauzak konpondu barik uzteko.

(Donostiako Anoeta auzoaren izena aitzakia hartuta, Irutxuloko Hitza egunkarirako idatzi dudan azken zutabea)

Azkenengo urte politiko hauetan, iraileko pleno horretan, Ibarretxe Plana izan da kontua. 2002an iragarri zuen Juan Josek plan bat zuela. Urtebetez, hura lantzeari ekingo ziotela, eta 2003rako, hara, zeozer aurkeztu zuen, harekin Estatutu Politiko Berri baterako oinarria finkatuko zela, eta beste urtebeteko prozesua, estatutu haren bila. 2004an, bada, irailean oraindik amaitu barik, baina aurreraxeago, urtea ixtearekin, onartu zen Estatutu Politiko hura, Ibarretxe plana, txiripazko bozketa batekin Eusko Legebiltzarrean.

Hiru urte harekin bueltaka, eta orain, ez Ibarretxe planik, ez Estatutu berririk: Ibarretxek berak beste dokumentu bat aipatu zuen Miramarko Donostiako bere agerraldian: Anoetako adierazpena. Horrek ere laster egingo du urtebete. Eta bitxia da, gero, Legebiltzarrak gehiengo osoz onartutako Plana baino biziago dago orain: edo esperantza gehiago pizten ditu, edo etorkizunerako bide hobea da... ze Estatutu Berriarena, edo Planarena; hura akabo, nonbait. Batasunarentzat bada garaipen bat...

Baina garaitza arkurik jasotzeko garaia ere ez da. Ibarretxe Planarekin bueltan hiru urte ibili garen moduan, ez ote gara Anoetakoarekin beste hiru urte ibiliko? Laster beteko da lehen urtea. Arantzazuko egutegitik orriak erortzen dira, eta hor gaude. Azkenean arrasto hutsal bat besterik utziko duen ezer ez bada izango, hiru urte igaro baino lehen deskubrituko ahal da! Proposamen fetitxe bakoitzak impassea hiru urtez luzatzen laguntzeko balio ez ote duen beldurra dut.

Geografia politiko lau eta grisa da gurea benetan. Anoeta ote da paisaia aspergarri hori zartatuko duen lurrazpiko faila sismikoaren izena? Eta hala bada, noiz mugituko da, zer behar da mugitzeko?

Petrus
Petrus dio:
2005/09/13 16:44

Erabat gauza desberdinetaz berbetan ari garela nabarmena da. Juanjoren plana EAJren betiko parametroetatik datorren n-garren saiakera da (aitortu beharra dago beste garai batzuekin konparatuz, saiakera sakonagoa izan dela) eta bere ezaugarriak nabarmenak dira: ustezko salto bat aldarrikatuz ("euskal gizarteak erabakiko du zer nahi duen" alegia auto-determinazio eskaera beste era batera formalizatuta), baina era berean "egungo marko legalik apurtu gabe"... contraditio in terminis, irakurri duzue hispanoen konstituzioa? horiek bai idazten dutela garbi. Bestalde, dena erakundeetan erabakiko da... hispanoek orain 25 urte oparitu ziguten erakundeetan, alegia: lurralde zatiketa gauzatuz (soilik 3 probintzitan), euren konstituzioak jartzen dituen harresien barne jokatuz (beraz ahaztu geuk erabakitzeaz, adibidez) eta hispanoek lau botoz Araban lortzen dituzten aulki kopuru izugarriari esker nolabaiteko zeharkako betoa ziurtatuz.

Bestalde, Anoetako iragarpena dugu. Borrosoa izan daiteke, gauzak garbiago esan daitezke baina batzuetan politikan anbiguotasuna mesedegarri ere suerta daiteke (Josu Joni galdetu bestela). Urtebete ere ez da iragarri zena eta tablero politikoan eman diren aldaketa estrukturalak nabarmenak dira: Batasunaren de factozko onarpena (bere muga ta kontraesan guztiekin), ZPren eskaera euren parlamentuan balizko elkarrizketa abiarazteko, euskaldun armatuen sueten partzialak (lurraldekoa Katalunian eta sektoriala kargu politikodunengan), gehi gertatu EZ diren beste gauza asko, sarritan esanguratsuagoa dena: hilketarik ez bi urte ta pikuan, turismoaren kontrako kanpaina sistematikorik ez... Ikusten ez duenak, ikusi nahi ez duelako izango da.

Prozesu politiko orotan bezala gorabeherak daude, kontraesanak eta atzerapausoak (hor jarraitzen du, besteak beste, hispanoek euskaldunentzako antolatutako tribunal berezia, XXI.mendeko Inkisizio gorbataduna) baina argazkia mugitzen ari dela ikusteko ez da izan behar analista fina ezta oso argia.

Beste gauza bat da aldaketa hauen zergatia eta ajente bakoitzak egingo duen irakurketa interesatua: hispanoak ufaka, "Domuit Vascones" behin betiko baten aurrean daudelakoan; insurjente euskaldunak, ahulezia operatiboa beharrezkoak diren aldaketa politikoekin estali eta irabazten daudela esanez... denborak eta bakoitzaren abilezia politikoak erakutsiko du zertan den gauza.

Hori bai, ez gaitezen izan friboloak, jende askorengan sufrimendua erreala da-ta, ez egunkari bateko titularra.

Petrus
Petrus dio:
2005/09/13 17:14

Neure aurreko txapan akaso gauza garrantzitsuena ahaztu zait, alegia, "Anoetako adierazpena" lez ezagutzen den mugimendu horren ezaugarri nagusiak (berriak esan nahi da, beste batzuk ere baditu baina horiek Ezker Abertzalearen edozein mugimendutan daude):

  1. Mahai bi sortzearena, bat alderdi politikoena aldaketa politikoak erabakitzeko (ta ez soilik "berba egiteko" batzuk interesatuki dioten bezala) ta bestea Erakundearen eta Gobernuaren artekoa, "desmilitarizazioari" buruz, alegia: presoak, iheslariak eta alde bietako biktimei buruz jarduteko. Hau salto kosmikoa da Ezker Abertzalea ezagutzen duen edonorentzat, eta Europa mendebaldeko edozein mugimendu politikok bete behar duen ezaugarri bat betetzera dator: negoziatzen dutenak boligrafodunak dira (Irlandan beti izan dute hori garbi, adibidez) eta ez historikoki Ezk Aber-ak defendatu duen bezala, banguardia armatuak. Izaera zibila ematen dio prozesu orori ta hori askoz onargarriagoa da Europako gobernu batentzat.
  2. Soilik bide demokratikoak erabiltzearena. Alegia, instituzioak eta, presio demokratiko gisa, masa-borroka. (Alegia, agur borrokako hirugarren adar historikoari). Hau aldaketa kataklismikoa da Ezker Abertzalearen jardunaren betiko parametroetan.
  3. "Errealismoaren irizpidea onartzea eta erabiltzen hastea". Ezker Abertzalearen ezaugarri historiko bat izan da, txarrerako ta onerako, dagoena ez onartzea eta hori aldatzeko bereak eta bi egitea, temati. "Txarrerako", esango dute batzuk, horrek inplikatzen baitu zeruan bizitzea eta ez ikustea aurrean duzuna; "onerako!", diote beste batzuk, ustez lortuezina zena lortu baitu sarri Ezker Abertzaleak, borroka sistematiko eta jarraituaz Herri ttiki batek pentsatzen dena baino askoz gehiago lortu dezakeela frogatuz munduari, euren herkideei eta euren buruari.

Inozokerian erori gabe, iruditzen zait Anoetako adierazpenak oinarri sendoak jartzen dituela Ezker Abertzalea beste parametro batzuetara mugitzeko; iruditzen zait hau gertatuko dela Hispanoak negoziatzeko prest badaude edo ez badaude ere... izan ere, Anoetak (KAS alternatiba ta gero Alternatiba Demokratikoa izango zenaren hildoan) soka luzeko proposamena da eta ez epe motzean zerbait efektista lortzeko soilik. Testuinguru horretan, denbora kontua da Ezker Abertzaleak bere burua beste parametro batzuetan kokatuko duena. Ingelesez esaten den bezala ez da "if", "when" baizik.

Hori bai, guzti hau gauzatzen asko lagunduko luke metropolian Gobernu mioperik ez izateak. Ta asko lagunduko luke, baita, jeltzaleak "azken trenei" buruz berba egiteari uztea... izan ere, hau aurrera badoa, nork dauka azken trena bere aurrean? EAJren indarra berdina izango al da euskal gatazka parametro zibiletan jartzen den unean? ez al dago hor balizko sozial-demokrazia zabal bat Aralarrengandik hasi, EArengandik pasatu, EBko sektore asko eta egungo Ezker Abertzalea gehi sektore pasiboak piztuko diuenik? Ta hori aktibatzen bada, Josu Jonen alderdiaren pisua orainartekoa bezalakoa izango da?

Eu non creo asi...

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004