Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Nire atlasa

Nire atlasa

Luistxo Fernandez 2005/07/28 18:19

Jardun osoko nire lehenengo lanbidean, nire lehenengo soldata irabazi nuenean, zerbait erostera joan nintzen, kapritxo bat betetzera. Bilboko liburutegi batean Encyclopaedia Britannica-ren atlasa erosi nuen. 13.000 pezeta izan ziren, gogoan dut.

1988an erosi nuen, eta orduko edizioa da, 1988koa beraz. Herrialde asko ez daude mapan. Jugoslavia, Soviet Batasuna... gaur esistitzen ez diren estatuak. Leningrad, Sverdlovsk... gaur esistitzen ez diren hiriak (izen horrekin ez behintzat). Hala ere, detailean eta kalitatean, ikaragarrizko atlasa da.

Txikitatik pasioa izan dira mapak niretzat. Mapak eta lekuak, toki izenak, toponimia. Afizio zoro samar bat. Internetera dedikatzen naiz gaur egunean, lana dut software enpresa batean, baina sareko mundu honetan eman nituen lehen urratsak zorakeria bati entregatu nizkion: makina bat ordu sartu nituen Geonative izeneko gauza batean.

Hizkuntza gutxituak mapetan! horixe zuen lema proiektu hark: Donostia ager dadila mapetan, Atharratze, Naoned, Solzh-gala, eta ez diglosiaren inposizioa: San Sebastián, Tardets, Nantes, Grozni. 2000. urtetik ez dut berritu orri hura, baina oraindik beste inon ez dagoen informazio erreibindikatibo apur bat hantxe aurki daiteke Interneten.

Geonativeren ondoren, lanaren zurrunbiloan sartu nintzen eta afizio nuen toponimia internautiko hura albo batera utzi nuen. Zorionez, ez dut galdu ez mapentzako afizioa, ezta haiekin kontaktua lanean. Euskal Herrian Interneteko kartografian lanean diharduten talderik onenarekin lan egiteko zortea izan dut, bezero izan ditugulako lan batzuetan, Donostian, Diputazioko bulego batzuetan, lanean diharduten b5m proiektuko jendea: Jose Mari, Victor eta Mikelo batik bat. Gipuzkoako helbideak, etxeak, kale eta baserriak web bidez aurkitzeko eta airez ikusteko (Gipuzkoa oso-osoa argazkitan dute, detaile ikaragarrian) jende honek egin duena ez du ia inork ezagutzen, eta benetan uste dut dela eredu bat: herri administrazioen alorrean teknologia eta herri-baliabideak bikain erabili daitezkeelako adibide aparta.

Eta orain, ba... beste mapa proiektu batean sartu naiz. Tagzania du izena. Euskal Herritik mundura. Ideia sinple baina indartsu batekin: nork bere atlas propioa sortu, eta besteekin partekatu. Eta halaxe dut gaur, pantailan, Tagzania.com, eta pantaila ondoan, nire atlas zaharra, Britannicarena...

Luistxo
Luistxo dio:
2005/07/29 20:09

Argazkia gehitu diot gaur atzo kargatutako artikuluari. Irutxuloko Hitzan ere azaldu da hau gaur, lotura barik baina. http://tinyurl.com/a2bkn helbidean dago.

Pentsatzen jarri naiz nola troll batzuek akusazioa egin dioten Tagzaniari beste zerbitzu baten kopia dela... zerbitzu hori uztailaren 11n sortu zelako, guk domeinua errejistratu nuen egunean. 19an kaleratu zen sarera, dena 8 egunetan egin izan bagenu bezala...

Ze ironikoa, nik 1988an Britannica Atlasa erosi ez banu bezala, Geonative egin ez banu bezala... dena errebelazio batean, istant batean ikusi genuen Beenmapped.com uztailaren 11n eta orduan erabaki genuen Tagzania zer zen eta nolakoa izan behar zen, bat batean.

Trollak, trollak... hurbilekoak akaso, ze Beenmapped.com kopiatu genuelako hori Barrapunton azaldu zen lehenbizi.

Patxi
Patxi dio:
2005/08/01 04:04

Nik ordu dexente pasa nituen duela urte batzuk, nere lanean, gipuzkoa.net eko b5m mapei esker, Zumarragako baserriak lokalizatuz, eta Paint programarekin errepideak margotuz, jpg artxiboak sortzeko. Bisitariek baserriak erraz aurki ditzaten.

Kaleekin ere berdin. Paint-ekin atarien zenbakiak margotu, kaleka sailkatu, gorde, eta eskura beti.

Zorionak Luistxo. Ez hainbeste proiektua eukitzen ari dan arrakastarengatik, zure pasioagatik baizik. Gauza ederra oso, pasio hori.

Gastatu egin behar dira 18.000 pezta, atlasak erosten, lehenengo soldatarekin! ;-)

josemari
josemari dio:
2005/07/30 11:48

mila esker

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004