Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Ez da maitasuna, obsesioa du izena

Leire Narbaiza 2008/02/09 19:03
Maite gaituztenek garen modukoak maite behar gaituzte. Horrela ez bada, hori ez da maitasuna. Gu edukitzea nahi izango dute, gure ondasunak, gure buru-argitasuna, gure edertasuna. Baina ez gaituzte maite, ez digute gura. Beharbada, estimatu. Dena den, mespretxua ere badago ukazio horretan

Horrela sentitzen naiz espainiarrekin. Euretako bat ei naiz, gu ere euren modukoak gara, antza. Maite gaituztela diote, gure lurra, gu guztiok, baina euren diren modukoak, euren klon. Desberdintasunik barik, euren hizkuntzarekin

Gure izenek amorrua ematen diete. Ez dute jasaten ni Leire izatea, zu Eneko, hura Agirreazaldegi, gu Narbaiza.

Aurrerakoienak ere desgaitu, desitxuratu, eta despertsonalizatu gura gaituzte. Euren irudira egin, Bibliako jainkoak gizona egin zuen bezala: bere antzeko, bere irudiko (a su imagen y semejanza). Ez dute ulertzen gure desberdintasun nahia, ez dutelako piperrik ere konprenitu; ez dugu desberdin izan nahi, desberdinak gara, izan. Diferentzia gure kapritxoa balitza bezala tratatzen gaituzte.

Espainiarrak omen gara, hala diote behintzat nire DNIak eta gure pasaporteek. Behin eta berriro eskatzen dute lur hau, gu geu erreklamatzen gaituzte.

Baina ez gaituzte onartzen, ez gaituzte nahi horrelakoak. Ez daukagu eskubiderik desberdinak izateko, desberdin berba egiteko, desberdin pentsatzeko, desberdin maitatzeko. Orduan, zertarako horrelako ahalegina? Zertarako nahi gaituzte, ez badute gustuko gure izateko modua    , gure berba egiteko era?

Ku-kux-klana edozein gautan agertuko balitz, kapirote zuriekin, eta gurutzeak erretzen gure kaleetan, sinistuko nuke. Agian beste ku-kux-klan judizial bat ibiltzen zaigulako gauetan etxeetako ateak errementatzen, beldurra zabaltzen.

Zertarako nahi gaituzte? Garaitu gaituztela esateko? Domuit vascones esaldiarekin historiara pasatzeko?

Gure ideiak lagako ditugula uste badute, ez gaituzte ondo ezagutzen. Kikildu eta beldurtu, hori bai, pentsatzen dut lortu dutela.

Jakin beharko lukete munduaren ikuskera ez dela aldatzen egunkariak ixten, pertsonak kartzelan sartzen eta ilegalizazioekin. Ahoak isilduko dituzte, baina pentsaerak eta sentimenduak ez dizkigute aldatuko. Historiari begiratzea baino ez dute, konturatzeko horrek ez duela funtzionatzen.

Astelena taberna

Leire Narbaiza 2008/02/08 11:32
Itxi egin dabe Astelena taberna, jabia erretirau egin dalako. Oin gitxi jakin dot, eta pena haundixa emon desta, nere ume denporako gogorapen askokin lotura dagualako. Desagertu dan umetako beste toki bat.

 Astelena Estaziño kalian dago, nere kalian, bertan bizi ez naizen arren. Esateko, kale horretan jaixo nintzan, meternidadia kale perpendikularrian zegualako, Pageixan, eta gure ama oiñaz juan zalako beratara, gure etxetik ehun metrora.

Gaiñian bizi giñan. Gaiñian baiño, ondoko peoran. Baiña nire gelia ertzekua zan eta tabernan gertatzen zana oso ondo entzutzen neban. Askotan, txikiteuan zebizen gizonak kantau egitten zeben, eta bestietan, jentian berbaruakin luak hartzen ninduan. Harrezkeroz, soiñu hori oso erakargarrixa egitten jata, bihotzian sentimiento epela sortze desta.

Bolada bat egon zen “Nere herriko neskatxa maite” jartzen zebela ni lotaratzen nintzan orduan, eta lo-kanta funtziñua egitten zeban. Oso modu ederrian gogoratzen dittut momentu hórrek.

Astelenan dekoraziñua oso berezixa zan/da. Dana zeguan egurrez eta otzaretarako erabiltzen diran “plantxekin” forrauta. Gero, taberna guztian bueltan apalak zeguazen boteilla zaharrez beteta. Igarri be ezan egitten ze boteilla ziran, danak illunduta zeguazelako, zabaldu zebenetik bertan, seguru.

Bertako azeittunak be edarrak ziran, olibondo egurrez egindako ontzixetan egoten ziran barra gaiñian. Burduntzaldixak be olibondoz egindakuan ziran. Azeittunak olixua eta kipuliakin etaratzen zittuen. Oso-oso edarrak!

Gure peoria oso haundixa zan, eta sanjuanetan mahaixak barruak sartzen zittuen, mahaixak be haundixak, senduak eta astunak ziran, egurrezkuak. Hartara, mahaixak peoran ikusten nittuanian dultzaineruen modokuak ziran: sanjuanak ate-joka zetozen.

Nahitta aspaldixan juan ez, Astelenan faltia igarriko dot, nere biografixian zati eder bat dalako, baiña beti barruan eruango doten tokixa izango da.

 

 

 

Brooklyngo erokeriak

Leire Narbaiza 2008/02/07 14:40
Paul Austerren liburu hau irakurri berri dut. Fama handia zekarren eta niri hasieratik idazlearen keinua gustatu izan zitzaidan: gaztelaniaz, katalanez, gailegoz eta euskaraz egun berean ateratzea eskatu zuen. Honek badaki zeozer soziolingustikaz, pentsatu nuen. Eitb-k baino gehiago bai behintzat, Harry Potter egun berean, ordu berean euskaraz eta gaztelaniaz eman zuenean erakutsi zigun moduan.

 

Brooklyn

Nobela polita eta bitxia dela esango nuke, nik asko disfrutatu nuen, behintzat. Pentsonaiak freskoak eta benetakoak dira, euren artean sortzen diren loturak ere asko gustatu zaizkit. New York, edo brooklyn auzo bat dela adierazten digu, eta familia ez dutela beti odol berekoek osatzen. Azkenean, familiartekoek, lagunek eta enparauek benetako familia handi bat osatzen dute, tradizionala bezain ona eta baliagarria.

Itzulpenarekin, ostera ez nintzen hain gustura geratu. Baldarkeria batzuk ere ikusi nituen, baita aditz denbora batzuk txarto erabilita erre. Baina horrek ni molestatu arren, beste edozeinek gustura irakurriko du, seguru. Irakasle-taliban-rotenmeierreok hori daukagu, beti boligrafo gorria prest, eta hori ez da sanoa.

“Bidaiak scriptoriumean zehar” mesanotxean daukat, laster batean irakurtzeko. Ea zer moduz. Kontatuko dut

Barixaku baltza

Leire Narbaiza 2008/02/04 18:42
Lagun batek eskatuta idatzi bihar dot post hau. Ez neban pentsatzen ezer idaztia, baiña eskatu destenez ahaleginduko naiz ganorazko zeozer idazten

Barixakuan aillegau jakun Urzen istripuan barrixa. Notizia latza, benetan. Mendixa atsegin lekua denak beste disgusto bat emon zeskun. Danori barrua irauldu, eta egoneziña nagusittu zan, alaittasuna eta barria protagonistia dan egunian. Eibartar bat hil zan Hiru Errege Mahaian, eta Urze zan.

Egixa esateko, Urze ez zan nere laguna, lagunen laguna baiño. Ez neban sakon ezagutzen, baiña berakiñ izan dodan hartu-emonian sekula ez zan ez barrerik ez irribarrerik falta. Gertautakua kontau zestenian ezin neban siñistu, txokauta geratu nintzan, oso gertu sentitzen nebalako -ze gatxa dan "gertu" hori definitzia, ezta?-.

Mendixak lantzian behin holako penak sortzen deskuz. Disfrutatzera juan, eta disgustua ekarri. Behi Egunkarian, uste dot Xabier Mendigureneri irakorri netsala, mendixak euskaldun gehixago hil dittuala guardi zibillak baiño. Ez dakitt hala izango dan, baiña nere kautan kontu makrabuak egitten nenbillela, esan neike gertuko jende gehixago hil dala mendixan auto istripuan baiño. Zeuek be egizue kontua eta esango destazue. bildurgarrixa, ezta?

Hau baiño ez neban esan nahi, hemendik aurrera Urze bihotzian eruango dogula. Eta bere famelixa eta laguneri Besarkada eta laztanik goxuena, besterik ezin dodalako. Baitta Lizardin poema bat be:

Mendi-gaiña

Maite ditut gaillurrak
argiak ez beste ...
Ai, egaztia banintz
gaiñik-gain nenbilke!

*********

Oi, udaberri-goizez
mendiaren gaillurra! ...
Oi, aren ametsezko
zorakortasuna! .
Zein ezkutuzko indarrez,
zein atseden-egarriz,
zein gorago-yoranez
narakark igana? ...

Egiz, maitagarriak
dituk ire basotan? ...
egiz duk arnaskai bat
ezilkortzen duna? ...
egiz, eguzkiaren
leendabiziko muiñaz
sortzen duk zorunaren
lore ezezaguna?... .

Nik amestan bezela
ote-aiz, mendi-gaiña?
Goi-yauregiko mailla?
Gotzonen urbilgo? ...
 Egiz, Yaungoikoaren
esku ta aunditasuna
ote-dituk or goitik
sumatzen bertago?...

Ire goi urdiñaren
 urre lanotsupean
beeko txikerkerion
azkaia balegok,
arren, adiskide urruna,
otoi, mendi maitea,

negar-aran beltz oni
kendu nazakiok!

*********

Maite ditut gaillurrak
argiak ez beste ...
Ai, egaztia banintz
 gaiñik-gain nenbilke!


Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua